Tropelak gidatuta, Itzulia eta Emakumeen Bira puntuEUS-era

puntuEUS_itzulia_bira_tropela_20162014etik gabiltza Euskal Herriko Itzuliarekin elkarlanean webgunea eta sare sozialak kudeatzen teknologia berrietara egokitzen laguntzeko asmotan, eta batez ere euskararen presentzia sarean indartzeko intentzioarekin. Aurtengoa hirugarren urtea izango da eta bidea egonkortzen doala dirudi.

Bide horretan eta ikusita Emakumeen Bira ere indarra hartzen ari dela – gogoratu 2017an UCI WorldTour ligako parte izateko dela -, gure esperientziarekin laguntzeko prest gaudenez, aurten kolaborazioan lan egingo dugu Emakumeen Bira eta Tropelak lehen aldiz.

puntuEUS abian jarri zen unetik guk argi genuen bertan izan behar genuela eta horregatik Tropela.net izateari utzi eta Tropela.eus bihurtu ginen. Itzulia eta Emakumeen Birarekin ere berdin egin behar genuelakoan ginen. Hori dela eta itzulia.eus eta emakumeenbira.eus domenuak jarri ditugu martxan, baita klasikoa.eus, Donostiako Klasikoari dagokion domeinua.

Hau guztia dela eta, atzo izan ginen puntuEUS-eko Josu Waliñorekin batera puntuEUS-en kanpaina berriaren aurkezpenean, izan ere apirilaren 1etik 17ra, Itzulia eta Bira ospatzen diren egunetan .EUS domeinuak 15€-tan eskuratu ahalko dira. Horretaz gain Itzuliako eta Birako lehen euskaldunei .EUS domeinu bat oparituko die puntuEUS-ek.

Harro gara, beste behin Tropelan horrelako ekimenak aurrera eramateko laguntzeko gai garela ikusita. Etorkizunean ere berdin jarraitzea espero dugu eta horretan, ez izan zalantzarik, zuen babesa ezinbestekoa zaigu.

#107 Tropela podcastak: 2016ko Tirreno-Adriatikoa

Nibali Tirrenoko irabazlePost honetan Iban Perezek (@piban), Eneko Garatek (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatutako podcasta aurki dezakezue. Podcast honetan 2016ko Tirreno-Adriatikoa lehiaketaren kinielari errepasoa egiten diote. Hona hemen jorratu diren gai nagusiak:

– Interesgarriagoa al da Tirreno Paris-Niza baino?
– Kinielari errepasoa
– Euskaldunak

Continue reading “#107 Tropela podcastak: 2016ko Tirreno-Adriatikoa”

#106 Tropela podcastak: 2016ko Paris-Niza

2016ko Paris-NizaPost honetan Iban Perezek (@piban), Eneko Garatek (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatutako podcasta aurki dezakezue. Podcast honetan 2016ko Paris-Niza lehiaketaren kinielari errepasoa egiten diote. Hona hemen jorratu diren gai nagusiak:

– 2016ko denboraldiko lehen lehiaketa!
– Paris-Nizari emandako atentzioa baxua?
– Kinielari errepasoa.
– Aurten faboritoak hasieratik lasterketak lehiatzen
– Euskaldunak

Continue reading “#106 Tropela podcastak: 2016ko Paris-Niza”

Tropelako portzentajeak kontutan har ditzake UCIren ranking berriak [inozentada]

Espezialisten txostenaDakizuen moduan UCIk sailkapen unibertsal berri bat proposatu du azken asteetan. Orain arte WorldTour lasterketetako puntuak bakarrik hartzen ziren kontuan sailkapena osatzeko, baina Cooksonek egindako lehen proposamenean kategoria baxuagoko lasterketak ere puntuagarri izatea nahi da.

Zenbait aditu eta matematikari, ordea, arduratuta agertu dira berria jakin dutenean. Beraien esanetan puntu gehiago banatzeak kontrakora pentsatzera bagaramatza ere, txirrindulari gehiagok lortuko lituzkete puntuak eta ondorioz berdinketak izateko aukera nabarmenagoa izango dela adierazi dute 156 orrialdetako txostenean. Hori dela eta, faktore zuzentzaile baten beharra dagoela azpimarratzen dute aipatutako txostenean berdinketa posible horiek ekiditeko. Dioten moduan, aukera desberdinak aztertu ondoren, egokiena Tropelan txirrindulariek lehiaketatan izaten dituzten portzentajeak kontutan hartzea dela ondorioztatzen dute sakon landutako txostenean.

Faktore berri hori #ucifaktorea bezala izendatzen dute txostenean, orain arte ezaguna den #tropelafaktorea-rekin ez nahasteko. Dakizuen moduan #tropelafaktorea-k dagoeneko badu bere esanahia eta hori bere horretan uztea ezinbestekotzat ikusten dute adituek.

Oraindik Cooksonek ez du adierazpenik egin gaiaren inguruan. Aitortu du eskuetan duela txostena eta eskertzen duela horrelako aditu talde batek egin duen lana, kontutan hartuko dutela alegia azken erabakia hartzerako. Gainera Tropelaren 10 urteko ibilbideak faktore zuzentzaileari bermea ematen diola baieztatu du UCIko presidenteak.

Hurrengo egunetan espero da UCIren ranking berriaren behin betiko araudia argitaratzea eta orduan jakingo dugu #ucifaktorea zertan geratzen den.


Eguneraketa: inozentada

Atzoko inozentaden eguna izanik, guk gurean hauxe argitaratzea pentsatu genuen. Egia da UCIk sailkapen berri bat jarriko duela martxan baina ez dago ez adituen txostenik ezta #ucifaktorea edo antzekorik, ondo uste zenuten moduan. Espero dugu barretxo batzuk behintzat eragin izana ;-)

2015eko denboraldiari errepasoa (I)

Tropela estatistikakIaz lehiaketa kopurua igo egin genuen galdeketa bat egin eta gero, beraz, ezin 2014a 2013arekin alderatu, ez zuzenean behintzat. Aurten, iazko egutegi bera izanda, azterketa zuzenagoa egiteko moduan gara.

Datu politak lortu ditugu aurtengoan zuei guztioi esker. 210.000 kiniela baino gehiago egin dira aurtengo denboraldian, iaz baino 13.000 inguru gehiago. 21 lehiaketa izan direla kontutan hartuta, bataz beste 600 kiniela gehiago lehiaketa bakoitzeko. Guztietan ez da gorakada bera izan, eta guztietan ez da gorakada izan. Itzulian eta Emakumezkoen Munduko txapelketan beherakada izan da, %3 eta %5ekoa hurrenez urren.

Gorakadarik nabarmenena jasan dutena Suitzako Tourra eta Donostiako Klasikoa izan dira. Azken hau lehiaketarik jendetsuena izan da hiru handien ondoren, 11.000 kiniela baino gehiagorekin. Aipagarria iruditzen zaigu Emakumeen Biraren igoera, izan ere %14koa izan baitu, ia 8.900 kiniela izan dituelarik.

Erabiltzaile kopuruaren igoera nabarmen geratzen da Urteko Sailkapenean ere. Aurtengo denboraldian ia 21.400 erabiltzailek osatzen dute Urteko Sailkapena; iaz, aldiz, 20.400 inguru izan ziren.

Asko pozten gaitu erabiltzaile kopuruak gora egiten jarraitzen duela ikusteak. Horrek hurrengo urteari begira ere indarrak ematen dizkigu zerbitzua hobetzen jarraitzeko. Beraz, eskerrik asko, beste behin, erabiltzaile guztioi aurten ere hor izan zaretelako!!