Aurre analisia: 1. etapa, Utrecht / Utrecht (13,8 km)

Frantziako Tourra 2015: 1. etapaAurtengo Tourreko lehen etapa, lasterketa osoan dagoen bakarkako erlojupeko bakarra izango da. Utrecht hiriko kaleen barrena izango da erlojupeko motz hau (13,8km), eta ibilbideak ez du aparteko zailtasunik erakusten, hirietan aurkitzen ditugun bihurgune eta ohiko biribilguneak izan ezik.

Potentzia handiko erlojuaren aurkako espezialistek gorriz borobilduta daukaten zita handia izango da, etapa jokoan egoteaz gain Tourreko lehen lider maillota ere jokoan egongo delako.

 

Gure faboritoak

3 bidoiT. Martin (EQS) [Kirolbeten 1,95]

2 bidoiMalori (MOV) [Kirolbeten 16,00], Cancellara (TFR) [Kirolbeten 8,00], Dumoulin (TGA) [Kirolbeten 1,95]

bidoi 1Brandle (IAM) [Kirolbeten 1,95], Thomas (SKY) [Kirolbeten 50,00], Kwiatkowski (EQS) [Kirolbeten 30,00], Dennis (BMC) [Kirolbeten 20,00]

 

 

 

Dingo australiarraren azken ulua!

Txikitan elbarri geratzeko zorian egon arren, bere lehen pedal kolpeak Australian eman zituen txirrindulari honek, hain zuzen, kotxe zahar baten piezak erabiliz bere aitak eta osabak eginiko bizikleta batean. Ordutik txirrindularitza maitatzen hasi zen, mendi bizikletan bere lehen pausuak eginez. Ez zitzaion batere gaizki joan ibilbide hura, munduko 2 txapelketa eskuratu baitzituen, ez da txantxa. Ordutik baina errepideko txirrindularitzara salto egin zuen, diru iturri handiagoen bila. Ez zuen hasiera erreza izan, hainbat talde aldaketak edukiz, baina gutxika gutxika bere lekua aurkitzen joan zen pelotoi nagusian.Le Tour de France 2011 - Stage Twenty One

Evansen benetako maila 2008. urtean hasi zen islatzen, bere pertsonalitate eta ezaugarriak argi utziaz; txirrindulari otzana, burugogorra, kalkulatzailea eta batez ere oso profesionala, pelotoian aritutako txirrindulari profesionaletarikoa, obsesio puntura iritsi arte. Txirrindulari oso eskrupuloso eta zorrotza bere egunerokoan. Horrela bada, arrakastak bere atea jo zuen, 2009. urtean Munduko txapeldun bilakatuz.

Ordutik aurrera, txirrindulari handi bat izan dugu gure artean. BMC talde handiak ateak zabaldu zizkion eta berak ongi jakin izan du aukera hori aprobetxatzen. 2010. urtean eroriko baten erruz Tourra utzi behar izan zuen, hurrengo urtean baina arantza ederki kitatu zuen, 2011. urteko Tourreko txapelduna merezimendu guztiaz izan ostean. Parisera iristean eroritako malkoek dena esaten zuten. Frantziako Tourra eta Munduko Txapelketa irabazitako lehen txirrindulari australiarra izaki, erregistro liburuetan primerako lekua ziurtaturik dauka.

Ardoarekin gertatzen den bezala, Evansek hobera egin du urteak pasa ahala eta bere palmaresa ikusi besterik ez dago, txapela kentzeko bezalako txirrindulari bat izan dela ohartzeko.

37 urte patrikan dituelarik, bere azken lasterketa etxeko lasterketa izango da, Down Underreko Tourra. Aurrean arerio gogorrak izango ditu, Porte beraien buru. Abisu bezala diot, badaezpada ez dadila inork Evans azeri zaharra gutxiestu, azken hozkada emateko prest baitago. Podiumera igotzeko hautagai garrantzitsu baten aurrean gaude, berak ordea, sari potoloa irabaztea nahiko du bere karrera profesionalari amaiera ezin hobea emateko. Motibazioa ez zaio faltako horretarako, ezta taldea ere, bere alboan Dennis, Stetina eta Flakemore gaztea bere aginduetara edukiko baititu.

Dingo australiarren azken ulua entzungo ote dugu?

15. etapa: Tallard > Nimes (222 km). Profila eta aurre analisia.

etapa15

IBILBIDEA

Tourra aurrera doa, hau izango da 2. asteko azken etapa. Etapa erreza dirudi bistaz, baina etapa bihurri xamarra da gaurkoa. Berez trantsiziozko etapa da, esprinterrentzat etapa laua. Berez horrela izan beharko luke, baina talderen batek jolasteko gogoa baldin badu bateren bat harrapa lezake. Oso errepide estuak dira eta haizea gogor sartzeko arriskua ere badago, honi euria egin dezakeela gehitzen badiogu, etapa arriskutsua bilakatu daiteke. Dena den, dena txirrindularien jarreraren menpe geratuko da. Azken 5 km-etan 6 biribilgune pasa beharko dituzte, beraz kokapen on bat ziurtatzea beharrezkoa izango da esprintean arrakasta lortzea nahi baldin bada. Azken 500 m-ak pixka bat aldapa behera izanez esprint oso azkarra ikusiko dugu eta esprinter gihartsuei ondo datorkiena.

FABORITOAK

Esprint hitzarekin bat, Kittelen (GIA, %33,1) izena dator. Bera izango da gaurko faboritoa. Bi astetan galdu samar egon ostean gaur beste behin bere potentzia erakusteko aukera izango du. Alemaniarren atzetik beste esprinter guztiak egongo lirateke, baina amaieraren ezaugarriak ikusiaz Kristoff (KAT, %42,7) eta Greipel (LOT, %1,3) izan daitezke altenatibak. Beste esprinter guztiak hauen baino puntu bat baxuago ikusten ditut. Hona izarrak:

*** Kittel (GIA, %33,1)

** Kristoff (KAT, %42,7) / Greipel (LOT, %1,3) / Demare (FDJ, %24,7)

* Sagan (CAN, %50,5) / Coquard (EUC, %22,2) / Renshaw (OPQ, %3,5) / Degenkolb (GIA, %23,3)

 

14. etapa: Grenoble > Risoul (177 km). Profila eta aurre analisia.

etapa14

IBILBIDEA

Frantziako Tourreko etapa erreginaren aurrean gaude. Alpeetako egun handia. 3 mendate luze igo beharko dituzte; 1º mailako Col du Lautaret (34 km – %3,9), HC-ko Col d`Izoard mitikoa (19 km-%6) eta 1º mailako Risoul (12,6 km-%6,9). Lehen portua etzana baina luzea da, oso luzea. Hemen ihesaldi garrantzitsu bat antolatzeko modua izango da hortaz lehen orduko abiadura ikustekoa izango da, txirrindulari askok nahi izango dute ihesaldia hartu eta. Col d`Izoard Frantziako Tourreko portu mitiko eta zailenetarikoa da, lehen 9 km-ak oso gogorrak ez izan arren azken 10 km ez dira txantxa, beti ere %7-9 an mantenduz. Azken igoera txirrindulari konstanteentzat aproposa da, benetan erritmo altu bat luzaroan mantendu dezaketen txirrindularientzat alegia. Hankaz gora jarri daiteke Tourra etapa honetan, horretarako ordea txirrindularien borondatea eta ausardia behar da. Gaur ere kontuz txakalaldiekin, beroa ondo kudeatu beharra dago horretarako.

FABORITOAK

Ihesaldi indartsu bat izango dela ez daukat dudarik. Kostako da ihesaldia bermatzea baina bertan txirrindulari garrantzitsuak ikusiko ditugula uste dut. Nere gaurko faboritoa Purito (KAT, %8,4) izango da. Atzo bere taldea erre zuen eta azkenera ez zuen ezta saiakerarik egin, gaurkoan ordea ez daukat dudarik kataluniarra ihesaldian egongo dela. Nere beste faboritoa Mikel Nieve (SKY, %57,9) nafarra izango da. Porte (SKY, %12,3) sailkapenetik kanpo dagoenez bere aukerak jorratzeko modua izango du eta arnasa luzeko txirrindularia dela kontuan izanda, etapa hau oso ondo egokitzen da bere ezaugarrietara. Ihesaldian sailkapen nagusian 10-20. postuen artean dauden beste txirrindulari batzuk ere beraien aukerak izan dezakete. Zaila izan arren, hona gaurko nire izarren taula (ihesaldia eta faboritoak tartekatuz):

*** Rodriguez (KAT, %8,4)

** Mikel Nieve (SKY, %57,9)/Nibali (AST, %43,9)/Pinot (FDJ, %13,4)

* Majka (TCS, %2,3)/Rogers (TCS, %21,5)/Valverde (MOV, %47,5)/Van Garderen (BMC, %16,7)

13. etapa: Saint-Étienne > Chamrousse (197,5 km). Profila eta aurre analisia.

etapa13

IBILBIDEA

Alpeak iritsi dira. Hau da Tour honetako benetako lehen etapa menditsua, beraz, goi mailako txirrindularitzaz gozatzeko etapa aproposa izango da. Aipatu beharra dago, Alpeetako bi etapa hauek oso garrantzitsuak izango direla mendiko sailkapenari begira beraz sailkapen hori helburu dutenek hutsik ez egitea hobe lukete. Hasierako lehen mendatean ihesaldia antolatuko da, honen ondoren ordea 100 km lau egin beharko dituzte. Hemendik aurrera sekulako bi portu geratuko zaizkie; 1. mailako Col de Palaquit  (14,1 km/% 6,1) eta HC mailako Chamrousse (18,2 km/% 7,3). Chamrousseko lehen zatia gogorrena da, hasierako 7 km-ak % 10etik gorako aldapekin. Zorionez, sailkapen nagusiko txirrindularien arteko lehen mokokadak zati honetan ikusi beharko genituzke. Hurrengo 10 km-ak % 7ko aldapak izango ditu eta azken kilometroa oso leuna da % 3ko aldapekin besterik ez. Benetan min egin nahi duen txirrindulariak Col de Palaquit edo Chamrousseko lehen aldapetan jo beharko luke. Kontuz beroak ere bere garrantzia izan dezake eta.

FABORITOAK

Ihesaldiak bere protagonismoa izan dezake etapa honetan, ez dut uste Astanak sekulako esfortzua egingo duenik ihesaldia zapuzteko eta. Beste talde batzuen jarrera ikusi beharko dugu ihesaldiak arrakasta izango duen edo ez jakiteko. Zalantza honekin, faboritoa tropeleko txirrindularirik indartsuena izan beharko litzateke eta orain arte ikusitakoa kontuan izanda Siziliako marrazoa da hori, Nibali (AST, %43,9). Hemendik aurrera aukera zabala dago egiteko, baina nire ustez italiarraren mehatxurik handiena Porte (SKY, %12,3) izango da. Ez ninduke harrituko SKY-k etapako protagonismoa hartuko balu. Beste aukera interesgarri batzuk Purito (KAT, %8,4) edo Horner (LAM, %5,3) izan daitezke, sailkapen nagusiko txirrindularien askatasun puntu hori aprobetxatuz. Hona izarrak:

*** Nibali (AST, %43,9)

** Porte (SKY, %12,3) / Rodriguez (KAT, %8,4) / Horner (LAM, %5,3)

* Bardet (ALM, %54,8)/Pinot (FDJ, %13,4)/Valverde (MOV, %47,5)/Mikel Nieve (SKY, %57,9)