Fernandez de Larreak irabazi du Burgosko Itzuliko lehen etapa

08_koldo_fren_ndez_in_the_ascent_600

Ezin hobeto hasi da Burgosko Itzulia Euskal Herriko txirrindularientzat. Euskaltel Euskadiko Koldo Fernandez de Larreak irabazi du lehen etapa, esprintean. Burgosko Itzuliak beste lau etapa ditu. Gauzak ondo, ostegunekoa eta larunbatekoa esprintean bukatuko dira, ihesaldi batek tropelari iskin egiten ez badio behintzat. Giltzarriak ostiraleko eta igandeko etapak izango dira. Ostiralean 20 kilometro pasatxoko taldekako erlojupekoa izango da eta igandean etapa nagusia izango da; Lagunas de Neilako mendatean bukatuko da.
Parte hartzaileen aldetik, tropel polita erakartzea lortu dute antolatzaileek sailkapen nagusiari begira. Euskaltel Euskadik, adibidez, Samuel Sanchez, Igor Anton eta Romain Sicard eraman ditu. Kontuan izan beharreko beste izen batzuk egon badaude, hala nola, Liquigaseko Vicenzo Nibali italiarra –hirugarrena bukatu zuen Italiako itzulia ziklista gazteak- eta talde horretan bertan morrontza lanak egin ohi dituen Oliver Zaugg suitzarra.
Stefano Garzelli beteranoa ere gertutik zaindu beharko dute azken eguneko aldapan. Baita Ezequiel Mosquera eta Juanjo Cobo espainiarrak eta Botcharov errusiar ttikia ere. Giroan maglia arrosa jantzita Mortiroloko etapara arte iraun zuen txirrindularia ere, David Arroyo, partaideen zerrendan dago.

Argazkia: Monika Prell. cyclingnews.es