Denboraldiko asterik biribilena itxi du Euskaltel-Euskadik

samuAbuztuaren hasiera ezin hobea izan da talde laranjarentzat, benetan. Denboraldi honetan izan du taldeak une pozgarririk, hala nola Beñat Intxaustiren hirugarren postuarekin Euskal Herriko Itzulian, Gorka Izagirreren garaipenarekin Luxenburgoko Itzulian, Samuel Sanchezek eginiko Tour onarekin… Baina Burgosko Itzulia benetan bikaina izan da.

Koldo Fernandez de Larreak irabazi zuen lehen etapa; Samuel Sanchez nagusitu zen bigarrenean eta asturiarrak azken etapa eta sailkapen nagusia etxeratu ditu. Lagunas de Neilako gainean bukatu da azken etapa eta itzulia erabaki. Euskaltelek oso erritmo gogorra jarri du Caruso liderra itotzeko, eta baita lortu ere. Igor Antonek aurrera egin du aurrena, eta min handia egin du, taldea asko murriztu delako. Azken kilometroko pankartapetik, hiru ziklista pasatu dira elkarrekin: Samuel Sanchez, Ezequiel Mosquera eta Vincenzo Nibali. Italiarra baina, atzean geratu egin da azken aldapatzarran, eta azkenean Samu eta Mosquera lehiatu dira etapa eta itzulia irabazteko –berdinduta zeuden biak sailkapen nagusian-. Asturiarra azkarragoa izan da eta besoak altxatu ditu helmugan. Mosquera bigarren iritsi da eta Nibali, hirugarren. Samuel ez da Espainiko Itzulian egongo, baina hasiera batean behintzat, Mosquerak eta Nibalik parte hartuko dute. Itzulia hasteko hiru asteren faltan, sasoian daudela erakutsi dute espainiarrak eta italiarrak. Burgosen etapak eta sailkapen nagusia bakarrik ez; Samuel Sanchez datozen bi denboraldietarako lotu du Euskaltel Euskadik. Esandakoa, denboraldiko aste onena.