Egile Artxiboak:Egoitz
Bi asteren buruan Patxi Vilak zigorra beteta izango du
Euskadi Irratian berriki Txetxuk Patxi Vilarekin hitz egin du. Bertan adierazi dute nola TASek testosteronaren deribatuagatik emandako positiboaren zigorra 2 urtetatik urte t’erdira jaitsi diotela. Ondorioz, zigorraren kontaketa iazko maiatzaren 5etik aurrera hasi zenez, azaroan 5etik aurrera zigorra betea izango du. Martxoan Euskadi Irratiko elkarrizketa batean errua aitortu zuen eta gaur ere hala egin du, nahiz eta “nahi gabe”ko dopina dela argudiatu zuen gaur egin duen bezala.
Argi ez dagoena da zein izan den TASek erabaki hori hartzeko arrazoia ezta ere ia Patxi Vilak UCI ProTourreko lasterketaren batean aritu daitekeen ala ez. Oraingoz Patxi Vilak esan duenez hiru kontaktu ditu eta horietatik bi ProTourrekoak omen dira. Hori bai, argi utzi du oraindik eskaintzarik ez duela eta “maillot neutroarekin” arituko dela oraingoz.
Garbi dagoena da Patxi Vilak asko sufritu duela denbora tarte honetan eta komunikabideei bere eskerrak eman dizkie berarekiko izandako jarrerarengatik. Egindakoa ordaindu du, eta orain indartsuago sentitzen omen da eta etapa berri honi ilusioz ekingo omen dio.
Dopin kasuren bat badago Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzarik ez du emango
Hori da egungo Eusko Jaurlaritzako gobernuak plazaratu duena. Dakizuen bezala aurten amaitzen da Eusko Jaurlaritza eta Euskaltel-Euskadi taldearen artean zuten ia milioi bat eurotako hitzarmena eta berritzea tokatzen da.
Egungo gobernu berrian aurten izan diren Iñigo Landaluze eta Mikel Astarlozaren dopin auziek alarma piztu dute. Beno, gizartean bertan ere bai, eta honek diru publiko eta talde laranjaren inguruko eztabaida bizitu du Tropela.net-en ere izan den bezala. Gertaera hauen aurrean, gobernuak klausula bat gehitu nahi omen du hurrengo hitzarmenean. Klausula honen arabera Euskaltel-Euskadiko txirrindulariren batek positiboren bat emango balu automatikoki diru-laguntzak kenduko lizkioke Eusko Jaurlaritzak. Uste dut guztiok onartzen dugun ekimena dela eta beharrezkoa jazoera hauek guztiak kontutan hartzen baditugu.
Oraindik hitzak besterik ez dira, hitzarmena gauzatu aurretiko elkarrizketen inguruko adierazpenak. Ikusi beharko da azkenean zer sinatzen den, baina dagoeneko Madariagak puntu hau gehitzeko arazorik ez duela ikusten adierazi du. Bere esanetan “jendeak talde honek (Euskaltel-Euskadik) dopinaren aurka zenbat egiten duen jabetu” beharko omen luke. Hala bada, zergatik babestu du taldeak Mikel Astarloza analisi eta kontra analisiek ekaineko laginean EPO aztarnak antzeman badituzte? Kontrakoa pentsatzera eramateko frogak badituzte plazaratzeko garia badela deritzot. Gustatuko litzaidake Euskaltel-Euskadi taldeak dopinaren kontra aritzen dela sinistea, baina egun ez dut horretarako arrazoirik ikusten.
Argazkia: www.diariovasco.com
Gilbert denboraldi amaieran jaun eta jabe
Txirrindulari denboraldia aurtengoz atzoko Lombardiako Giroarekin amaitutzat ematen da. Tropela.net-en Munduko Txapelketarekin amaitu ziren lehiaketak, baina tartean behin zerbait argitaratzeko behar besteko informazioa izango denez, horri ekin nahi diot post honekin hurrengo lehiaketa iritsi artean.
Gaurkoan Gilbertez hitz egingo dizuet. Ikaragarria izan dira Belgikarrak azken hilabete honetan lortu dituen garaipenak: Coppa Sabatini, aurreko igandean Paris-Tours, ostegunean Piemonteko Giroa eta atzokoan Lombardiako Giroa. Zalantzarik gabe argi geratu da egun bateko lasterketatan Gilbertek zer esan asko ematen duela. Bere esanetan argalago iritsi omen da denboraldi amaierara eta horrek lanak asko erraztu omen dizkio. Taldekideen lanak ere, zalantzarik gabe, bere zerikusia izan du atzoko kasuan bezala (Lloyd eta Evansek ederki lagundu zioten). Argi geratu da horrelako lasterketatan txirrindulari gutxirekin helmugara iristen denean (atzokoan Samuel Sanchez-ekin, aurreko igandean Bozic eta Boonen-ekin) Silence-Lottoko klasikomanoak ez duela hutsik egiten.
Urte osoari begirada bat emanda, azken asteotan lortutako garaipenez gain, Giroko 20. etapan lortu zuen garaipena eta Ster Electrotoer 5 eguneko itzulia (4. etapan garaipena lortu zuen) irabazi dituela jabetuko gara.
Hurrengo denboraldiari begira jarrita, Gilbertek lehen jomuga Liège-Bastogne-Liège lasterketan omen du. Gogoan izango ditugu udaberria iristen denean Belgikarrak esandakoak.
Evansek denboraldi amaieran urteko saria jaso du
Merezi zuen. Egia esan australiarrak ez zen batere ondo ibili Tourrean eta Vueltan zulatu baten ondorioz Espainiako lasterketak eskuetatik alde egin zion nahiz eta azkenean podiumean sartzea lortu zuen. Gaur, lan guztiaren emaitza eskuratu du: ostadar maillot preziatua.
Eguneko ihesaldia lehen itzulian osatu da. Bertan Greipel zen Espainiako Vueltan 4 garaipen lortu zituena. Tropeltxo honek ia 11 minututako tartea izateraino iritsi dira. Hala ere azken aurreko itzulian sartu arte ez dira faboritoak mugitzen hasi. Hauen aurretik beste tropeltxo bat ere osatu da 19 txirrindularirekin, tartean Boonen, Hoogerland, Ballan, Cobo eta Rodriguez zirelarik besteak beste.
Australiako taldeak ez zuen ordezkarik aurreko bi tropeltxoetan eta bere txirrindulariak tropel nagusiari tiraka jartzea erabaki dute ihesaldiak zapuzteko. Beraien lanari eta beranduago Juanma Garate eta beste zenbait txirrindulariei esker, ihesaldiak neutralizatzea lortu dute.
RTVEkoak, ordea, ez dira batere fin ibili. Azken aurreko itzulian sartu direnean txirrindulariak publizitateetara jo dute eta erabakigarriak izan diren mugimenduak galdu ditugu. Ohikoa zoritxarrez aspaldi honetan telebista publikoaren jokabide hau. Ez al zituzten ba anuntzioak kendu behar kate publikotik?
Azken bi itzulietan faborito nagusienak biltzen ziren tropeltxoa osatu da eta gainontzekoak garaipenetik kanpo geratu dira. Hauen artean Evans, Valverde, Samuel Sanchez, Freire, Rodriguez, Gilbert, Cunego, Cancellara eta beste zenbait txirrindulari aurkitzen ziren. Bazirudien Cancellara sasoi onean zegoela eta garaipena lortuta historia egiteko gauza izango zela, baina ez da horrela izan azkenean.
Tropeltxo honetan mugitzen lehena Kolobnev izan da eta atzetik Rodriguez atera zaio. Valverde eta Samuel Sanchez uneoro Cancellararen gurpila zaintzen ari ziren. Egoera horretaz baliatuz, Evansek aurrera jo du eta Kolobnev eta Rodriguez harrapatzeaz gain aurrera jotzea erabaki du Espainiako eta Errusiako txirrindulariak kontrol lanetan hasiak baitziren. Australiarrak jotako erasoa gogorra izan da eta zirkuituko azken aurreko igoeraz baliatuz, tarte polita ateratzea lortu du. Tarte horrek urrezko domina norentzat izango zen erabakita utzi du.
Atzean errusiarrak lan gogor egin du eta bigarren postuan sailkatzea lortu du 27 segundora atzetik Rodriguez zuela. Cancellara Valverderen tropeltxoan zegoen eta azken metroetan azken indarrak xahutzea besterik ez zitzaion geratzen baina dagoeneko podiumetik kanpo zen. Samuel Sanchez izan da azkenean laugarren, atzetik Cancellara.
Hurrengo urtean, beraz, Evansek eramango du ostadar maillota tropelean. Ez dira gustura izango espainiarrak eta italiarrak hauek baitziren faborito nagusienak gaurko lasterketarako. Datorren urtean Melbournen jokatukoda Munduko Txapelketa eta horrek seguru Evansi oraindik bereziago egingo zaiola lortu duen garaipena.