Miguel Madariaga jubilatu egin da

Miguel MadariagaMiguel Madariagak jubilatu egingo dela esan du nahiz eta taldeari “lotuta” jarraitzekotan den. 2010erako bere kargu Igor Gonzalez de Galdeanori utziko dio eta bere anaia, orain arte Orbeako zuzendari izan dena, Euskaltel-Euskadikoa kirol zuzendaria izango da. Berarekin batera Gorka Gerrikagoitia eta Josu Larrazabal arituko dira. Hala ere webgunean ez dira aldaketa berri hauek oraindik agertzen.

Dirudienez Galdeanotarrek izango dute taldea zuzentzeko ardura. Badirudi azken urteetako lan moduak jarraipena izango duela. Segur asko azken aldaketa hauek ez dira zaletu guztien gustukoak izango. Zuk zer irizten diozu?

Dopin kasuren bat badago Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzarik ez du emango

Miguel MadariagaHori da egungo Eusko Jaurlaritzako gobernuak plazaratu duena. Dakizuen bezala aurten amaitzen da Eusko Jaurlaritza eta Euskaltel-Euskadi taldearen artean zuten ia milioi bat eurotako hitzarmena eta berritzea tokatzen da.

Egungo gobernu berrian aurten izan diren Iñigo Landaluze eta Mikel Astarlozaren dopin auziek alarma piztu dute. Beno, gizartean bertan ere bai, eta honek diru publiko eta talde laranjaren inguruko eztabaida bizitu du Tropela.net-en ere izan den bezala. Gertaera hauen aurrean, gobernuak klausula bat gehitu nahi omen du hurrengo hitzarmenean. Klausula honen arabera Euskaltel-Euskadiko txirrindulariren batek positiboren bat emango balu automatikoki diru-laguntzak kenduko lizkioke Eusko Jaurlaritzak. Uste dut guztiok onartzen dugun ekimena dela eta beharrezkoa jazoera hauek guztiak kontutan hartzen baditugu.

Oraindik hitzak besterik ez dira, hitzarmena gauzatu aurretiko elkarrizketen inguruko adierazpenak. Ikusi beharko da azkenean zer sinatzen den, baina dagoeneko Madariagak puntu hau gehitzeko arazorik ez duela ikusten adierazi du. Bere esanetan “jendeak talde honek (Euskaltel-Euskadik) dopinaren aurka zenbat egiten duen jabetu” beharko omen luke. Hala bada, zergatik babestu du taldeak Mikel Astarloza analisi eta kontra analisiek ekaineko laginean EPO aztarnak antzeman badituzte? Kontrakoa pentsatzera eramateko frogak badituzte plazaratzeko garia badela deritzot. Gustatuko litzaidake Euskaltel-Euskadi taldeak dopinaren kontra aritzen dela sinistea, baina egun ez dut horretarako arrazoirik ikusten.

Argazkia: www.diariovasco.com

FICOBA.08.01.10

Hori izan zen lekua eta ordua Euskaltel-Euskadi taldeak aurtengorako dituen 26 txirrindulariak, zuzendaritza, mekanikoak, masaialariak eta medikuak aurkezteko. Iaz ez ginen Deriokoan izan, baina bai orain bi urte Gasteizen izan zen hartan, eta egia esan oso berdintsua izan zen nahiz eta zenbait komunikabideetan azken aurkezpenak honek laudoriak jaso zituen.Txurruka Peña

Oreka TX-en eskutik musika; pantailan irudiak, iazkoak eta azken 15 urtetakoak; aurkezten ETBko aurkezle diren Estitxu Fernandez eta Maite Esparza; Euskaltelen presidentearen hitzalditxoa (bai, 7 minutu eskasekoa orain bi urte ez bezala); Euskaltel-Euskadiko kideak modelo gisa pasarelan… Nire gusturako mekaniko, mediku eta masaialariak bigarren maila batean geratu ziren eta hori ez zitzaidan gehiegi gustatu; taldeak denak dira nire iritziz. Omenduak ere izan ziren, Jose Alberto Pradera, Bizkaiako diputatu hoia eta Euskadi taldearen sorreran zerikusi zuzena izan zuena, eta Agustin Sagasti, taldeari lehen garaipena eman zion txirrindularia.Txurruka Peñako Lehendakaria eta Estitxu Fernandez

Ekitaldia berandu hasi zen eta 45 minutu inguru iraun zuen. Sorpresa ere izan genuen ekitaldi bukaeran: Oreka TXen musikarekin batera, eszenatokian zenbait su piztu ziren ikuskisun gisa. Beharbada desegokia leku itxi baterako eta ke pixka bat irentsi behar izan genuen.

Hala ere, eta zalantzarik gabe, eman ziguten luntxa izan zen FICOBAn gehien gozatue genuena. Ez, ez diot jatea gustuko dugulako bakarrik, Amets Txurrukaren peñakoak ezagutzeko aukera izan genuelako baizik. Izan ere luntxak barietate gutxi eskaini zituen. Zerbitzariak hor ibili ziren ilar-krema eta hirugihar pintxoak zituzten bandejekin aurrera eta atzera, amaitu ezinik. Hori bai, pintxoek algarak sortarazi zituen gure artean.

Goiko argazkian agertzen dira Miguel Madariagarekin batera peñako zenbait kide, beraien artean peñako lehendakaria, bigarren argazkian Estitxu Fernandez aurkezlearekin batera agertzen dena. Egia esan peñaren kideen presentziak bere arrastoa utzi zuen FICOBAn, batez ere ekitaldian Amets eszenatokira igo zenean esku zarta eta txistu hots ugari izan baitzen. Hemendik agur bero bat Txurruka Peñakoei!

Txirrindularitzan arloari dagokionez, esan Euskaltel-Euskadik talde interesgarria aurkeztu zuela. Nabarmentzeko fitxaketetatik Egoi Martinez nabarmenduko nuke. Hala ere, urtea hasi besterik ez da egin. Ia zer ematen digun aurtengo urteak! Urte berri on denoi!