Dopin kasuren bat badago Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzarik ez du emango

Miguel MadariagaHori da egungo Eusko Jaurlaritzako gobernuak plazaratu duena. Dakizuen bezala aurten amaitzen da Eusko Jaurlaritza eta Euskaltel-Euskadi taldearen artean zuten ia milioi bat eurotako hitzarmena eta berritzea tokatzen da.

Egungo gobernu berrian aurten izan diren Iñigo Landaluze eta Mikel Astarlozaren dopin auziek alarma piztu dute. Beno, gizartean bertan ere bai, eta honek diru publiko eta talde laranjaren inguruko eztabaida bizitu du Tropela.net-en ere izan den bezala. Gertaera hauen aurrean, gobernuak klausula bat gehitu nahi omen du hurrengo hitzarmenean. Klausula honen arabera Euskaltel-Euskadiko txirrindulariren batek positiboren bat emango balu automatikoki diru-laguntzak kenduko lizkioke Eusko Jaurlaritzak. Uste dut guztiok onartzen dugun ekimena dela eta beharrezkoa jazoera hauek guztiak kontutan hartzen baditugu.

Oraindik hitzak besterik ez dira, hitzarmena gauzatu aurretiko elkarrizketen inguruko adierazpenak. Ikusi beharko da azkenean zer sinatzen den, baina dagoeneko Madariagak puntu hau gehitzeko arazorik ez duela ikusten adierazi du. Bere esanetan “jendeak talde honek (Euskaltel-Euskadik) dopinaren aurka zenbat egiten duen jabetu” beharko omen luke. Hala bada, zergatik babestu du taldeak Mikel Astarloza analisi eta kontra analisiek ekaineko laginean EPO aztarnak antzeman badituzte? Kontrakoa pentsatzera eramateko frogak badituzte plazaratzeko garia badela deritzot. Gustatuko litzaidake Euskaltel-Euskadi taldeak dopinaren kontra aritzen dela sinistea, baina egun ez dut horretarako arrazoirik ikusten.

Argazkia: www.diariovasco.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.