Ezta amets gozoenetan ere

Contador 2014ko VueltanTxirrindularitza lasterketa bateko antolatzaileak proban inolako ezbehar larririk ez izatea, eta nola ez,  izarrez betetako tropela aritzea izaten ditu helburu nagusiak. Eta izar horiek ikuskizuna eman dezaten, bide batez. Bada Espainiako Vueltako zuzendari Javier Guillenek nekez amestuko zuen apirilean edo maiatzean lehen astearen ondoren Espainiako Vuelta dagoen bezala egotea. Pil-pilean. Itzulia hasi aurretik bost izen nagusiak zirenak, Quintana, Valverde, Contador, Rodriguez eta Froome minutu erdiaren bueltan dira.

Lehen hamarren artean dauden gainerako ziklistek ere aipamena merezi dute: Anacona kolonbiarra laugarren da, Valdelinareseko etapan erakustaldia emanda. Aru zazpigarren da; Giroan podiumera igo zen eta Vueltan ez da oporretara etorri italiarra, zorionez. Gesink holandarra zortzigarren dugu; berarentzat Vueltan aritzea bada nahikoa garaipen; ez ahaztu bihotzeko arazoengatik txirrindularitza behin behinean utzi behar izan zuela denboraldi hasieran. Gesinken atzetik Uran dugu; azken bi Giroetan podiuma zapaldutakoa. Top 10arekin bukatzeko, nor eta joan den urteko Espainiako itzulian bere burua ezagutzera eman zuen Barguil frantziarra. Eta lehenengoa eta hamargarrenaren artean, minutu eta 26 segundo, 86 segundo besterik ez.

Zorionez, Mikel Nievek ere eusten dio. Leitzarra 11. postuan da. Oraingoz, Froome taldeburuaren mesedetan lan egin beharko du Nievek, baina ikusi beharko Froomek eutsiko dion, Valdelinaresen une txarra pasatu baitu. Tourrean, Haimar Zubeldia izan genuen lehen hamarren artean eta euskal ziklismoa une zaila igarotzen ari den honetan, Mikel Nieve onenen artean ikustea garrantzitsua litzateke. Eta pozgarria.

Dezepzioen atalean Garmin-Sharp taldea sar liteke, Daniel Martin, Talanski eta Hesjedal taldean egonda, lastima da haietako inor lehen postuetatik gertuago ez egotea. Hala ere, egiari zor, lanerako etorri dira Garminekoak; Hesjedal ihesaldietan sartzen ari da eta Martin oilarrengandik gertu dabil mendiko etapetan. Evansek ere azkarregi esan dio agur sailkapen nagusiari; australiarrak ziurrenik maiatzean lehiatu zuen azkenekoz hiru asteko proba bat (Giroa).

Bigarren astea erabakigarria izango da ziurrenik Espainiako Vueltan. Hasteko, asteartean erlojuz kontrakoa eta asteazkenean, Aralarreko igoera.

Argazkia: lavuelta.com