Ez dakit dakizuen baina gaurko 3. etapari Juan Carlos I daraman eta Espainiako Armadako hegazkinak eramateko gai den itsasontzi erraldoitik ekin zaio. Horrela omendu nahi izan du Vueltak Espainiako Armada eta esango nuke Felipe VI.aren erregetza berria. Interesgarria, ezta?
Kontuak kontu, hor ibili dira txirrindulariak argazkiak ateratzen bai itsasontzi gainean baita hegazkinetan sartuta ere. Publizitate bikaina Espainiako Armadari eman diotena, bai sare sozialetan behintzat. Eta seguru gaurko telebistako saioan ere eskainiko dizkigutela irudiak.
Ingeniaria naizen aldetik aitortu beharra dut orokorrean itsasontziak, hegazkinak, urpekariak, espazio-ontziak,… gustuko ditudala, baina armada ez, ezta monarkia bera ere. Eta txirrindularitza jarraitzaile naizen aldetik ez dit graziarik egiten honelako lotura bat egin izanak, ezta txirrindulariek sare sozialetan izan duten jarrera “bateratzailea” – ikusi bestela post honetan gehitu ditudan argazkiak – . Uste nuen XXI. mendean armada eta militarizazioaren kontrako jarrera zabalagoa zela munduan eta bake eta elkarrizketaren aldekoagoa; gaur, zoritxarrez, txirrindularitza munduan kontrako irudia zabaldu delakoan naiz.