Herri xehea, jauntxoen gainetik

ArredondoFroome, Nibali, Rui Costa edota Hornerren baimenarekin, joan den denboraldian, askoren ustez, Kolonbiako kakalardoen itzulera izan zen aipagarriena: Uran, Henao, Quintana eta Betancur nabarmendu ziren. Bada aurten, urteko lehen lasterketetako batean, Argentinako San Luiseko Tourrean, beste kolonbiar bat dabil bolo-bolo: Julian Arredondo -ondoko argazkian, Quintanari bostekoa ematen-. Ez da gutxiagorako, maldan gora bi etapa irabazi ditu eta. Ipurdia erakutsi dio tropelari 25 urteko igotzaileak.

Down Under eta San Luis. Gerrans garaile Australian eta Quintana nagusi Argentinan. Horiek dira izen nagusiak aste honetan, merezita gainera. Eta ezin ahaztu, Evans, Porte edo Greipel beren burua erakutsi dutelako. Julian Arredondok ere merezi du aipamen berezia. Lehen denboraldia du World Tourren eta zas, bi etapa garaipen zakura. 2012an egin zuen debuta profesionaletan, Japongo talde apal batean eta iaz talde berean zegoela, Asian bere burua erakutsi zuen, Langkawiko Tourra irabazi baitzuen. Trek taldeak, agian Asiako UCI sailkapenean pilatutako puntuek gatibatuta, bereganatu du, baina Arredondok lehen aukeran erakutsi du maila apaleko probetan bakarrik ez, World Tourrean ere puntuak pilatzeko adinako gaitasuna baduela.

Hasiera batean behintzat, Schlecktarren mesedetan lan egin beharko du proba gehienetan Arredondok, baina taldeburuak lozorrotik behingoz ateratzen ez badira, erne. Pasa den denboraldian, Haimar Zubeldiak Tourraren lehen zatian eta HornerrekEspainiako Vuelta irabazita– atera zituen babak eltzetik RadioShacken -oraingo Trek- eta 2014ko lehen urratsetan, iritsi berriak jarri du bere taldea komunikabideetan. Herri xehea jauntxoen gainetik oraingoan ere.

Argazkia: biciciclismo.com