Hasi dira lehen aldeak

Gaur Elgoibarren hasiera eman zaio 53. Euskal Herriko itzuliari. Aurretik ehundaka kilometro izan arren jada lehen aldeak egin dira lehenengo etapako helmugan. Hala ere oraindik oso txikiak. Lehen kartak erakutsi dituzte txirrindulariek.

Etapak 156 kilometro zituen, Elgoibaren hasi eta Elgoibarren amaitutakoa. Zazpi kilometroren faltan zuten txirrindulariek azken oztopoa: San Miguel gaina. Aurretik itzuli honetako lehen mendate serioa zuten: Azurki mendatea (lehen mailakoa, 5,5 km %7,8ra). Pentsa zitekeen azken kilometroetan tentsio izango zela jaun eta jabe.

Lehenengo kilometroetan sortu da eguneko ihesaldia. Didier luxenburgotarra (Radioshack Leopard) eta Amets Txurruka (Caja Rural) aurrera egin dute. Errenta handiena 5 minutukoa izan dute. Etxebarrikoak erakustaldia eman du beste behin ere. Agerian utzi du World Tourrak ematen dituen puntuez aparte sailkapen buruetan amaitzeagatik, txirrindularitzan puntuak ematen ez dituzten beste bertute batzuk ere existitzen direla: balentria horietako bat. Horregatik gaurko sariak mendiko eta tarteko helmugetako sailkapenen buru egotea.

20 kilometroren faltan tropel nagusiak Amets harrapatu du eta hor hasi da tentsioa igotzen. Ordu arte Saxo Bank zegoen tropelaren buruan. Argi utzi dute lasterketaren tenpoa eraman nahia bere liderrak larunbatean itzulia irabaz dezan. Eta gaintentsio horrek eztanda egin du San Miguel gainean. Erorketa batek mendiko sailkapenerako pankarta pasa eta gero pelotoia hamaika zatitan puskatu du.

Lehen taldea 17 txirrindulariz osatuta iritsi da helmugara, lehena Simon Gerrans izanda (Orica Greenedge). Taldetxo horretan iritsi diren hautagai nagusiak Porte, Contador, Kreuziger, Henao, Quintana… Denbora galdu dutenak aldiz:: Samuel Sanchez, Talansky, Hesjedal, Kloden… (5 segundu), Igor Anton (14 segundu), Beñat Intxausti (21 segundo)…

Goian aipatu bezala lehen aldeak egin dira, baina espero dezagun ez izatea esanguratsuak. Biharkoan sailkapen nagusian ez da aldaketarik espero. Etapa Elgoibarretik abiatu eta Gasteizen amaituko da. Itzuliko etaparik errazena diote, baina beti bezala Euskal Herriko Itzuliak edozein izkinatan eman dezake sorpresa. Eta eguraldi ezegonkorrarekin, euria hasten badu sorpresarako posibilitatea handitu egiten da.

Argazkia: Amets Txurruka eta Laurent Didier eguneko ihesaldian (Michelena)

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.