Itzulia in crescendo joango da

Lehen bi etapak lasai antzean hartu ahal izango ditu Euskal Herriko Itzuliko tropelak. Asteazkenetik aurrera, ordea, ez da bakerik izango. Trapagaranen, Arraten eta Beasainen bukatuko diren etapetan ziklistak sakabanatuta iritsiko dira.

Hona hemen 2013ko Euskal Herriko Itzuliko etapei bistadizo azkarra

Astelehena. Elgoibar-Elgoibar (156 km). Etapa gorabeheratsua den arren eta San Miguel mendatea helmugatik zazpi kilometrora badago ere, Itzulia irabazteko aukera dutenek elkarrekin behar dute helmugan.

Asteartea. Elgoibar-Gasteiz (170). Litekeena da esprinterrek euren abagunea izatea. Ihesaldiak kate motzean lotzen badituzte, bederen.

Asteazkena. Gasteiz-Trapagaran (164). Bolo-bolo dabil etapa bukaera, izan ere, La Arboleda eta haren osteko La Lejana malkarrak igo beharko dituzte azken metroetan. Batzuentzat etapa horretan bukatuko da Itzulia, eta beste batzuentzat, hasi.

Osteguna. Trapagaran-Arrateko gaina (151). Etapa bukaera mitikoenak, akaso, bezperakoak baino alde txikiagoak utziko ditu ziurrenik. Azken urteetan ikusi baitugu Arratek ez duela onenak gehiegi sakabanatzen.

Ostirala. Eibar-Beasain (166). Itzuliko etapa nagusia askoren ustez. Hamar mendate eta beste hainbat aldapa baitaude ibilbidean. Olabarriako gaina helmugatik bost kilometrora. Txirrindulariek ohartarazi dute euria eginez gero jaitsierak erabakiorrak izan daitezkeela.

Larunbata. Beasain-Beasain (24 kilometroko erlojupekoa). Erlojupeko luzea –sei eguneko Itzulia dela kontuan harturik- eta zenbait aldapa bidean.

Argazkia: Karkara.com