Amets Txurruka, puntuak pilatzen!

Amets Txurruka

Gerrans (OGE), Impey (OGE), Henao (SKY)… baina zeini axola zaio hiru etapa hauetako garaileak zein izan diren Amets Txurrukak emandako lezioa ikusita? Egia da Tropelan etapa garaileek (eta lehen postuetan sailkatuek) ematen dituztela puntuak eta ez ihesaldietan sartzen direnak. Baina bukaeran bai, bukaeran Ametsek emango ditu puntuak Tropelan. Honek iaz hainbeste aldiz aipatutako puntuazio sistema bat dakarkit burura; zuei ere bai, ala?

Iazko urte amaieran jakin genuen Ametsek ez zuela Euskaltel-Euskadi proiektu berrian (gogoratu orain Basque Cycling Proteamek kudeatzen duela, ez Euskadi Fundazioak) lekurik izango, ezta Ivan Velascok ere. Arrazoia World Tour lizentzia eta horretarako behar ziren puntuak izan ziren Igor Gonzalez de Galdeanok azaldu zuenez. Talde laranjatik at, Caja Rural – RGA taldean egin zioten lekua, Pro Continental lizentzia duen taldean. Talde berri bat eta rol berri bat.

Talde nafarrak aurten lehiatuko dituen lasterketarik garrantzitsuenak Itzulia eta Vuelta izango dira. Iaz Vuellta bikain bat osatu zuten eta aurten, Amets bezalako altxorrarekin, Itzulian protagista handia izaten ari da Caja Rural – RGA. Baina zer espero zenuten ba? Gogoratu Ametsek 2007ko Tourrean txirrindulari lehiakorrenaren saria jaso zuela.

Rol berria nioen. Talde berdeak badaki ezin duela sailkapen nagusian lehian aritu Itzulian duen taldearekin, baina bai bestelako sarietan. Kasu honetan mendiko saria zuten helburu, nahiz eta gaur mendikoaz gain tarteko helmugenari ere ezin muzin egin.

Helburua garbi, ihesaldian sartu zen lehen egunean Amets. Bigarrenean ere sartu egin behar, baina bakarrik geratu zen bost minutuko errentarekin!! Mutilak duen indar eta kastarekin zer egin behar zuen ba, hanka altsa? Segi eta puntuak pilatu tropelak uzten zion bitartean, bai horixe!!

Gasteizeko etaparen ostean jada puntu mordoxka bilduak zituen eta dagoeneko gu guztion miresmenaz jabetu zen. “Aupa Amets!”, “zeinek zioen punturik ez zuela Ametsek? Begira zenbat dituen!” eta antzerakoak irakurri eta esan ditugu. Nazioarte mailan ere “amets” htzak zer esan nahi duen ere azaldu eta ezagutu dute. Baina Etxabarriako adiskideari bide bazterretako ohiuak gustura hartu dituela erakutsi du gaur ere.

Lankide bat etorri zait ordubiak aldera edo “Amets gaur ere ihes eginda dabil” txantxetan. “Lasai, gaur ez, gaur atsedena zagokiok. Bihar edo etzirako gordeko dek” erantzun badiot ere, oker nenbilen. Hirugarren egunez jarraian Amets ihesaldian izan dugu. Asmorik izan ez baina horrela suertatu zaiola esan du Ametsek gaur ere ihesaldian nolatan sartu den galdetu diotenean. Bihar ere sartuko al da ihesaldian etxetik gertu pasatzen dela jakinda? Edo etziko etapan berrekingo dio? Jada edozer gauza espero dezakegu beragandik.

Puntuez hitz egiten hasi dtu posta eta horrela bukatuko dut. Izan ere Ametsek mendiko sariaren garailearen 75 puntuak banatuko ditu Tropelan aukeratu duzuenon artean (%10,4), tartean Amets bera; izan ere Ametsek bere Tropelako kinielan bere burua aukeratu zuen. Bazekien bai puntuak biltzeko gai zela, edo norbaitek kontrakorik pentsatzen al zuen?

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.