Ziklistak eta turistak

Wigginsek irabazi du denboraldiko lehen itzuli garrantzitsua. Txirrindulari ingelesa, txingurrien moduan, urratsez urrats aurrera egiten ari da. Joan den urtean Dauphinen gailendu zen eta Vueltan hirugarren bukatu zuen. Aurten, beste aurrerapauso bat egin du. Wiggins ez da denboraldi batean 12-15 garaipen lor ditzakeen ziklista horietako bat, ez du zer ikusirik Gilbert, Cancellara edo Valverderekin, baina urtez urte, sona handiko garaipenak sartzen ari da zakura. Tourra? Batek daki. Joan den urtean sasoi betean iritsi zen, baina zoritxarrez lurrera erori eta agur esan behar izan zion lasterketari etapa garrantzitsuen atarian.

Wigginsek bakarrik ez. Westra holandarrak ere aipamena merezi du, bigarren bukatu baitu, eta Mendeko etapan nagusitu zen. Baita Valverdek ere; espainiarrak hirugarren bukatu du eta berak ere etapa etxeratu du. Ez dut Spilak ahaztu nahi. Paris-Nizan laugarren bukatzea bada zerbait. Esloveniar gazteak -25 urte baino ez ditu- bere burua erakutsi zuen duela bi urteko Romandiako Tourrean eta ordutik hona ez dugu kasik bere berririk izan.

Puntako ziklista askok hartu dute parte Paris-Nizan, baina horietako batzuek lehia urrutitik ikusi dute, ez dira borrokan sartu. Nork bere arrazoia izango zuen.

Continue reading “Ziklistak eta turistak”

2010ari errepasoa (IX): Spilak, edo Romandiako Tourrean maillot horirik jantzi ez zuen garailea.

Spilak, Romandian etapa irabazi zuen egunean2010eko Romandiako Tourra lehen postuan bukatu zuena palmaresean ez agertzeagatik pasatu da historiara. Izan ere, etapa guztiak burutzen denbora gutxien Alejandro Valverdek eman zuen, itzuliko garaile bilakatuz, baina denok dakigun moduan gero zigortua izan zen, lortutako garaipenak modu hartan galduta. Gauzak honela, Simon Spilak pasatu zen Itzuliko garailea izatera.

Itzulia aitzin etapa batekin hasi zen. Bertan, Marco Pinotti izan zen azkarrena, Peter Sagan harrigarriak (denboraldi ikaragarria zeraman ordurako eslobakiarrak) baino segundu bakar bat gutxiago eginda. Dena den, hurrengo egunean Saganek garaipena eta lidergoa lortu zituen, mendate gogorrak (lehen mailako bi eta bigarren mailako bat) zituen etapa talde ertain baten esprintean irabazi baitzuen, Gavazzi eta Rocheren aurretik.

Hurrengo etapa ere esprintean erabaki zen, baina aurreko egunean ez bezala, tropela bete-beteta iritsi zen, gizonik azkarrenak bertan zirela. Logika izan zen etapako irabazleetako bat. Bestea, Mark Cavendish, erraz. Danilo Hondo eta Robert Hunterrek ez zuten aukera txikienik ere izan Man Irlako mutilaren kontra. Esan beharra dago helmugan keinu itsusi bat egin zuela Cavendishek, bere denboraldi kaxkarra kritikatzen zutenei dedikatua. Liderra, oraindik ere Sagan, noski. Aipatu beharra dago High Road taldeak Cavendish lasterketatik bota egin zuela, eta lasterketako zuzendaritzak 4.000 eurotik gorako isuna jarri ziola.

Hirugarren etapa bitxia izan zen. 23,4 km-ko erlojupeko bat izan zen, eta Richie Porte nagusitu zen, Valverderen aurretik. Etapa bitxia diot, izan ere, lan erditan Porte minutu bat galduta zen, eta helmugan erraz xamar nagusitu zen, 26 segunduko aldearekin. Haize aldaketa handiren bat edo egongo zen, nonbait. Egia esan, inork ez zuen lortu azalpen logiko bat ematea kontu honi. Dena den, etapa Porterentzat eta lider berria Michael Rogers, bere aspaldiko denboraldi onenari jarraipena emanez. Laugarren etapa gorabeheratsua izan zen, Suitzatik irten eta Frantzian kilometro mordoxka eginda. Etapa Spilakek irabazi zuen azken kilometroetan ihes eginda, eta Rogersek maillot horia segundu bakar batengatik eustea lortu zuen. Valverderen mehatxua gero eta handiagoa zen…

Bosgarren eta azken etapa laburra izan zen oso, 121,8 km besterik ez. Hori bai, tartean lehen mailako hiru mendate. Azken mendatean lasterketako lau gizon indartsuenek aldegin zuten: Valverde, Igor Anton, Spilak eta Menchov. Etapa lau hauen arteko esprintean erabaki zen eta han, nola ez, Valverde izan zen azkarrena, nahiz eta Antonen eraso batek gauzak uste baino zailago jarri zizkion. Esanda bezala, Valverde zigortua izan zen geroago emandako positibo bat tarteko eta etapako garaipena galdakoztarrarentzat izan zen. Palmareserako polita, eta Romandian lortutako bigarrena, bere profesional palmaresa han estreinatu baitzuen, Thomas Dekker eta Chris Horner esprintean gaindituta mendate batean.

Beraz, Simon Spilakek bere kirol biziko garaipenik handiena lortu zuen lasterketa bukatu eta hilabete batzuk geroago, eta podiuma berarekin osatuz, Denis Menchov eta Michael Rogers agertuko dira hemendik aurrera. Igor Anton azkenean 9º izan zen, erlojupeko kaxkarra egin izana garesti ordainduz

2010eko taldeen analisia (XV): Lampre-Farnese Vini

Lampre

Aurtengo denboraldian babesle nagusiarekin kontratua amaitzen duen talde bat baino gehiago da Pro Tour mailan, orain arteko taldeen gainbegiratuan ikusi ahal izan dugun bezala. Alabaina, horien guztien artean Lampre-Farnese Vini-k dauka aurrean egoerarik latzena. Italiarrena kontu ezberdina da, arazoa ez baita kontratua urte amaieran bukatzea, baizik eta administrazio arazoak direla eta, egun daukaten Pro Tour lizentzia behin-behinekoa dela. Arazook Martxoa bete aurretik konpondu beharko dituzte, bestela lizentzia galduko baitute, eta ez hori bakarrik, profesional izateari utzi beharko liokete, taldearen amaiera ia segurua litzatekeelarik. Egoera honen aurrean, txirrindulariek ez daukate gauza askorik egiteko, euren lanari profesionaltasunez ekitea baino.

Kirol alorrari erreparatuta, hainbat aldaketa izan ditu bere baitan Giuseppe Saronni-k zuzentzen duen taldeak. Dena den, berriz ere Cunego izango da erreferentzia nagusia. Il Piccolo Principe-k ez zuen 2009koa bere urterik onena izan. Hala ere, iaz irekitako bide bati jarraipena emateko asmotan dela dirudi, itzuli handietan sailkapen nagusia alde batera utzi eta etapa garaipenak erdiesten ahalegintzea, alegia. Bere beste helburu nagusiak Ardenetako klasikoak (Liege-Bastogne-Liege dauka bereziki begiz jota) eta munduko txapelketa izango dira. Bere mailako txirrindularientzat arrakasta eta porrotaren arteko jauzia helburu diren lasterketak irabaztea edo ez irabazteak erabakitzen duela kontuan izanda, ez du lan erraza izango aurten ere Veronakoak. Continue reading “2010eko taldeen analisia (XV): Lampre-Farnese Vini”