Ziklistak eta turistak

Wigginsek irabazi du denboraldiko lehen itzuli garrantzitsua. Txirrindulari ingelesa, txingurrien moduan, urratsez urrats aurrera egiten ari da. Joan den urtean Dauphinen gailendu zen eta Vueltan hirugarren bukatu zuen. Aurten, beste aurrerapauso bat egin du. Wiggins ez da denboraldi batean 12-15 garaipen lor ditzakeen ziklista horietako bat, ez du zer ikusirik Gilbert, Cancellara edo Valverderekin, baina urtez urte, sona handiko garaipenak sartzen ari da zakura. Tourra? Batek daki. Joan den urtean sasoi betean iritsi zen, baina zoritxarrez lurrera erori eta agur esan behar izan zion lasterketari etapa garrantzitsuen atarian.

Wigginsek bakarrik ez. Westra holandarrak ere aipamena merezi du, bigarren bukatu baitu, eta Mendeko etapan nagusitu zen. Baita Valverdek ere; espainiarrak hirugarren bukatu du eta berak ere etapa etxeratu du. Ez dut Spilak ahaztu nahi. Paris-Nizan laugarren bukatzea bada zerbait. Esloveniar gazteak -25 urte baino ez ditu- bere burua erakutsi zuen duela bi urteko Romandiako Tourrean eta ordutik hona ez dugu kasik bere berririk izan.

Puntako ziklista askok hartu dute parte Paris-Nizan, baina horietako batzuek lehia urrutitik ikusi dute, ez dira borrokan sartu. Nork bere arrazoia izango zuen.

Batzuk, gaixo, Andy Schleck bezala. Beste batzuek nahiago dute bere onena aurrerago eman eta horretarako probalekutzat hartzen dituzte denboraldi hasierako karrerak. Andyren anaiak, Franckek ere ez ditu aurreneko postuak usaindu ere egin (24. postuan bukatu du). Kloden apal antzean ibili da (18. postuan). Igor Antonek ez du bere burua nabarmendu (50. postuan); espero dezagun galdakaotarra udaberrian bete-betean ikustea. Are atzerago bukatu dute Tony Martinek (62. postuan) eta Portek (68. postuan). Harritu nau Voeckler borrokalaria itzalean ikusteak (30. postuan) Frantziako lasterketa batean -Tropelako kinielarako puntu asko emango zituelakoan geunden asko- . Akaso Tourrak gatibatuta du… Irudipena dut Paris-Nizan turista gehiago izan direla ziklistak baino.

Eta ezin laburpentxoa bukatu zaleei buruzko aipua egin gabe. Pena izan nuen Mendeko igoera ikustean, basamortua ematen zuelako errepideak; oso jende gutxi zegoen errepide bazterretan. Eta Col d’Ezen gora ere, ez da jendetzarik elkartu. Horretan bai, Euskal Herriko zaleok ez dugu parekorik. Laneguna izan edo asteburu izan, errepideak zalez gainezka izaten dira Euskal Herriko Itzulian, eta horrek bizitasuna ematen die lasterketei.

Argazkia: AFP