#388 Tropela.eus podcastak: COVID-19, Euskaltel-Euskadi eta azken lasterketak erakutsi diguna

Podcast honetan Eneko Garatek (@egarate), Imanol Lluciak (@imanolllucia) eta Egoitz Lizasok (@elizaso), koronabirusak izan dezakeen eraginaz gain datozen lasterketetan, Euskaltelen itzuleraz eta azken lasterketez aritzen dira, tartean, Mosconen (INS) jarrera kaxkarraz.

#387 Tropela.eus podcastak: 2020 denboraldia hasierak erakutsi diguna

Denboraldi honetako bigarren podcast honetan Eneko Garate (@egarate), Iban Perez (@piban) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira azken asteetan txirrindularitza profesionalak eman duena errepasatzeko. Gogoan izan behar da egun gutxi barru abiatuko dela Tropelaren 2020ko denboraldia, koronabirusak hasera hau arriskuan jartzen ez badu behintzat.

Quintanaren erakustaldia denboraldi hasieran

Gaur jokatu da Tour de La Provenceko etapa erregina, 3. etapa. Bertan Mont Ventoux handian zuten helmuga. Kolonbiarrak etapa eta lidergoa eskuratu ditu igoera amaitzeko 7 km-ren faltan jotako erasoari esker. Astanako “motorrek”, lider zen Vlasov eta Lutsenkok (AST), eta Carthyk (EF1) osatzen zuten hiruko tropeltxoa ere ez da gai izan tarterik murrizteko.

Vlasov ezezagun bat genuen lider maillotaz gaurko etapan. Astanak bazirudien kontrolpean zuela lasterketa, baina ezustean, lehengo Quintana (ARK) bat azaldu zaigu. Eraso erabakigarri bat jo eta tartean handituz – 1’28″ko tartea bigarrenarekiko helmugan! – harri eta zur utzi gaitu. Ni behintzat bai eta ez naiz bakarra izan gure Tropelako Telegram taldean ikusi dugun moduan. Pentsa, lasterketa egoera eta erreferentziak gaizki hartuak izan badaitezke ere, diote igoeraren errekor berria ezarri duela Quintanak Pantanira berarena ere hobetuz.

Ez atera lekuz nire hitzak. Ez dut dopin kontuekin lotzerik nahi, datua bera dena baita. Norberak bere iritzia izango du. Nik garbi dudana da talde aldaketak itxura batean mesede egin diola Quintanari eta aurtengo Tourrari begira Quintanak lanak txukun egin dituela dirudiela, bai behintzat gaur arte.

#386 Tropela.eus podcastak: 2020ko denboraldia badator!

2020ko denboraldia hasi da, baina benetako denboraldia Tropelan otsailaren 28an abiatuko da, orduan irekiko baitira lehen kinielak egiteko epea. Strade Bianchetik hasi eta Lombardiara, martxotik urrira, 27 lehiaketaz osatutako egutegia izango du aurtengo denboraldiak.

Txirrindulariek ekin diote denboraldiari Australian abiatuta, eta bai Tropelaren egutegia, bai denboraldi hastapena, zein talde berrien inguruan, Imanol Llucia (@imanolllucia), Iban Perez (@piban) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira podcast berri honetan.

#385 Tropela.eus podcastak: Muriasek ere agur

2014ko abenduaren 11ean ospatu zen #txirrindandtweets mahai ingurua. Bertan Arritxu Iribar, Jon Odriozola eta Igor Gonzalez de Galdeano inguratu genituen Euskaltel-Euskadi-ren ondorengo garaiaz hitz egiteko, postEuskaltel. Han ezagutu genuen Muriasen berri Jonen ahotik eta orain, 5 urte beranduago, proiektua bere ibilbidearen amaierara iritsi dela jakin berri dugu.

Eneko Garate (egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) ekitaldi hartan esandako hainbat pasarte gogora ekarriz, egungo egoeraren inguruko hausnarketa podcast hau prestatu dute. Badirudi 5 urte hauetan gauzak ezer gutxi aldatu direla, solaskideak saioaren amaieran baikor agertzen badira ere.

Podcastera harpidetu