Nagusitasun osoa

Giroko AdituaOraindik biharko etapa gelditzen bada ere, aurtengo Giroaren balorazio orokor bat egiteko moduan gara. Hasiera batean ibilbideak ikuskizun handiak ikusteko lagungarri izango zela ematen bazuen ere, gizon batek, Ivan Bassok, beste guztiengan erakutsi duen nagusitasunak hori ekidin du. CSC taldeko txirrindularia beste guztien gainetik izan da, bai erlojupekoan, bai mendian. Nagusitasun ikaragarria erakutsi du, horrek zaleentzako azken urteetako Girorik “lehorrena” ikustera eraman gaituelarik.

Giroa hasi aurretik aipatzen ziren 5 faborito nagusiek jarrera desberdina izan dute. Esan bezala, Ivan Basso denen gainetik ibili den Giro honetan, Simonik bere urteak gora joan arren neurri polita eman du. Aldiz, Savoldelli eta Cunegori aldapa gora hasten ziren bakoitzean puntu bat falta zitzaiela ikusten zitzaien eta Di Lucari berriz puntu bat baino gehiago falta izan zaio. Azken honena izan da agian ezustekorik handiena, txarrera noski, denboraldi hasiera guztia itzuli honetara bideratua baitzuen eta ez du lortu iazko Danilo Di Luca handiaren hanka azpira iristerik.

Ikuskizun gutxi ikusi dugunaren sentsazioa daukat edo, hobeto esanda, gizon bakar baten erakustaldiak ikusi ditugunarena, egunak joan eta egunak etorri. Pontederako erlojupekoan, La Thuilen, Bondonen, Furcian, San Pellegrinon eta gaur Aprican Bassoren nagusitasun osoa ikusi dugu, askotan aurpegian nekearen zantzurik ere ikusten ez zitzaiolarik. Honek ere, ama seme guztiak bezala sufrituko du baina dirudienez beste guztiak baino gutxiago, helmugan erakutsi izan dituen aurpegi freskoak horren erakusgarri dira behintzat!

Orain bere urteko bigarren helburu nagusia prestatzen hastea tokatzen zaio, Frantziako Tourra. Ibilbide eta arerioak zeharo desberdinak izango diren proba horretan marka handia jar lezake Bassok, urte berean Giroa eta Tourra irabazi duten txirrindulari gutxiren elitean sartuko bailitzake. Oraindik urruti da Frantziako proba baina ez dago gaizki iritsiko dela esaten digun arrazoirik.

Euskaldunen lana ere aipatu beharrean gara. Ez ziren asko izan Belgikan Giroari hasiera eman ziotenak baina gutxi horiek nabarmendu dira. Garateren etapa garaipena eta azken egunean lortutako mendiko maillota eta sailkapen nagusiko 7. postua nabarmentzekoa da benetan. Azken urteetan Giroan izan den txirrindularirik erregularrenetakoa dugu irundarra. Meritu handiko lana, benetan. Patxi Vilak ere, neuk uste ez nuen 10. postu batekin amaitu du Giroa. Paris – Niza zoragarria egin ondoren sekulako emaitza dela iruditzen zait honako hau. Hauez gain Euskaltel talde borrokalari bat ere ikusi dugu. Laburbilduz, euskal txirrindularien balorazio benetan positiboa egingo nuke. Ez da erraza izango hemen egindako lan ona beste probetan gainditzea.

Nire iritzi apalean, zaletuentzat behintzat oso erakargarria izan ez den Giro hau amaitu da. Egia da, agian, asko espero nuela, ibilbidea lagun, baina Bassoren nagusitasunak emozio puntua kendu dio. Italian beste ikuskizun eder bat ere izan ohi da, bertako sprintak hain zuzen ere, baina aurten hori ere pixkat mugatuta gelditu zen Petacchiren erorikoaren ondoren. McEwenek ez du areriorik izan esprint garbietan eta alde horretatik ere interes gutxi izan duelarik Giroak. Tourrean arerio gogor asko izan ditzake australiarrak. Ea han ere nabarmentzeko moduan den, sprinterako etapa asko izango dituzten arren, Boonen, Freire, Hushovd, O’Grady, A. Davis, Cooke, Eisel, Bennati, Napolitano edo Casper bezalako txirrindulariak izan baititzake arerio.

Hemendik aurrera askoren urteko helburu nagusiaz hitzegiten hasiko gara, Frantziako Tourra. Badugu oraindik horretaz hitzegiteko astia baina has zaitezte txirrindularien sasoi puntuak zaintzen http://www.tropela.eus-eko lehiaketan aurrean ibili nahi baduzue.
Jarraitu txirrindularitza denboraldia Tropelean, hemendik aurrera berrikuntza dezente espero baititugu.