Leblanci buruz pare bat hitz

LeblancAtzo izan zen Euskal Herrian arras ezaguna zaigun Tourreko zuzendaria. Dirudienez aurreko urteko istiluak direla eta izan da bisita, euskal zaleak ‘sosegatu’ asmoz edo. Ez dut behar baino hitz gehiagorik egin nahi, beraz, harira noa.

Asko gara Pirinioetara Tourreko etapak disfrutatzeko asmotan joaten garenak baina badirudi gutxi batzuen aldrebeskeriak guztiok ordaindu behar ditugula. Ez deritzot zuzen Ibarretxerekin biltzeari euskaldun guztiok errudun izango bagina bezala ez baitut uste euskal zalegoa beste edozein baino txarragoa edo hobea denik. Zaletuak gara, asko, eta tartean denetik dugu.

Aurtengoan Pirinioetako etapak astean zehar jokatzea kasualitate hutsa izan omen da. Aurreko urteko gertakari haien ostean izandako adierazpenak gogoan, norbaitek hau sinisten badu, mesedez, eskua altxa dezala. Nik ez.

Eta amaitzeko, bertsoaren azken puntuarekin geratzen naiz: «Zale gartsuak nahi ditugu, txirrindulariak animatzen dituztenak, garrasi egiten dutenak, baina euren lekuetatik mugitzen ez direnak». Neuri ematen dit amorrurik gehiena txirrindularien aldamenetik korrika azaltzen diren ‘sanferminero’ horiek ikustean, baina badirudi euskaldun denok garela berez ‘sanfermineroak’ eta ez dugula, aurten behintzat, Pirinioetako etaparik disfrutatzerik merezi.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.