Zorionak, Poulidor!

Poulidor, 1961ko Milan-San Remo irabazi zuen uneanApirilaren 15ean 80 kandelari putz egingo die bizirik dagoen ziklistarik mitikoenetako batek: Poulidorrek. Ez zuen inoiz Tourra irabazi, baina batez ere bere kemenagatik eta Anquetil eta Merckx bezalako txapeldun handiekin izandako borroka estuengatik milaka zale frantziarren bihotza bereganatu zuen. 1964ko Tourra esku-eskura izan zuen. Txirrindularitzaren historiako liburu gehienetan tartea du Puy de Domeko igoera gogoangarriak. Ametsen Antzokian, sumendi itogarrian. Anquetil eta Poulidor, Poulidor eta Anquetil pega-pega eginda, bata eta bestearen sorbaldak ikutzeraino. Poulidorrek aurkaria atzean utzi zuen eta haren aurretik iritsi zen helmugara.

Anquetilek, baina, 13 segundoko abantaila zuen oraindik sailkapen nagusian. Poulidor, baina, ez zegoen amore emateko prest, eta non eta Anquetil ondoen moldatzen zen diziplinean, azken eguneko erlojuz kontrako etapan, emozioak goia jo zuen. Anquetil hobeto atera zen, baina Versalles eta Paris arteko bidean, apurka-apurka behera egin zuen. Poulidor helmugara iritsi zenean, jendez inguratuta ikusi zuen bere burua eta batek baino gehiagok esan zion Poulidorri Anquetili aurrea hartuko ziola sailkapen nagusian. Poulidorren ilusioa zapuztu zuen, ordea, maillot horiak. Nahiak errealitateari aurrea hartu zion… 2014an, Puy de Domen, non bestela, omendu zuten Poulidor, igoera ahaztezinaren 50. urteurrenaren harira. Continue reading “Zorionak, Poulidor!”

Ate-joka dugu II. Gabiria Kopa

Astebete besterik ez, bizikletak martxan jar daitezen euskal errepideetan. Apirilaren 2an hasiko da festa, Lizarran, eta egun horretantxe ekingo dio bere bigarren denboraldiari Gabiria Kopak ere, gizonezkoen zein emakumezkoen lasterketa profesional guztien sailkapena osatu arte. Nortzuk izango dira ziklistarik onenak aurten? Hori “erabakitzera” gatoz, ba!

Gabiria Kopa logoa Continue reading “Ate-joka dugu II. Gabiria Kopa”

Bejondeizula, Eduardo!

2016_Eduardo_SepulvedaBeharbada oraindik denboraldi hasieran gaudelako, Argentinan eta Australian jokatu diren probei ez diet aurrerago jokatzen direnei adinako arretarik eskaintzen. Hala ere, jakina, egunkariko orriak zabaltzean edo sarean sartzean, emaitzak bilatzen ditut, eta bereziki poztu naiz Sepulvedaren etapa garaipenarekin Argentinako San Luisko Tourrean -bigarren bukatu du sailkapen nagusian Dayer Quintanaren atzetik-. Izan ere, ondo gogoan dut iazko Frantziako Tourreko nire kinielan sartu nuela argentinarra, eta itxaropena banuen hirugarren asteari begira puntu zakua betetzen lagunduko zidala. Baina…Erdiak erdi ustel. Ez zen haraino iritsi, ordea. Continue reading “Bejondeizula, Eduardo!”

Murias Taldea aurrera pausuaren bila

Odriozolaren mutilek erronka handia dute aurtengo egutegian

Dakizutenez, Euskadi – Basque Country izango da Murias Taldearen izena 2016-ean. Euskaltelen agurraren ondoren eta Euskadi Fundazioak Kontinental maila utzi zuenetik Euskal Herriko talde profesional bakarra.

Aurtengo denboraldirako taldea handiagotu da Pello Olaberria, Alex Aranburu, Gotzon Udondo, Mikel Iturria, Aitor Gonzalez gazteen fitxaketekin nahiz eta Cofidisetik iritsi zen Egoitz Garcia eta gaixo ibili zen Haritz Orbe besteak beste galdu dituen arren. Continue reading “Murias Taldea aurrera pausuaren bila”

Larunbat honetan, denok Gabiriara

Heldu da Gabiria Koparen egun handia.

Txirrindularitzaren jaia izango da larunbatean (azaroak 14) Gabirian biziko duguna. Denboraldi-amaierako festa handia, hainbat ekintza izango dituena.

kartela 2

2015ean Euskal Herrian korritu diren lasterketa profesional guztiak kontuan hartuta (mutilenak eta neskenak), badakigu nortzuk izan diren gure irabazleak, eta orain txirrindulariei sariak banatzeko unea heldu da. Mutiletan, Purito Rodríguez, Ion Izagirre eta Michal Kwiatkowski; nesketan, Kasia Niewiadoma eta Eider Merino.

Baina ez hori bakarrik: urtero egingo dugun ekitaldi honetan, Euskal Herriko txirrindularirik handienak ere omendu nahi ditugu, eta aurten Txomin Perurenaren txanda izango da.

Zenbat garaipen ez ote dauden “Peru”-ren hanketan! 12 etapa Vueltan, 2 etapa Giroan, 9 etapa Euskal Herriko Itzulian, 5. postua Munduko Txapelketan… Baina ez soilik etapak eta egun bakarreko lasterketak: Espainiako Vueltan bigarren geratu zen 1975ean, Tourreko mendiko sailkapena irabazi zuen 1974an… galantak egin ditu oiartzuarrak. Talde-zuzendari gisa ere, ez da makala izan; eta orain, Euskadi Irratian, esatari-lanetan goza dezakegu bere jakinduriaz eta graziaz.

Imajina dezakezue zer izan daitekeen Perurenaren ondoan bazkaltzea eta haren kontuak entzutea? Ba adi, txirrindulari gehiago ere etorriko dira eta. Esate baterako, Euskal Herriak eman duen txirrindularirik handienetakoa: Joane Somarriba, nor bestela! Eta, gainera, Jose Nazabal, Jose Luis Mayoz, Ramontxu González Arrieta, Gorka Izagirre, Jon Ander Insausti, Pello Olaberria… gutxi batzuk baino ez aipatzearren.

15 €-ren truke, ziklismo-giroko tertulia ederrean hitz eta pitz aritzeko aukera izango duzue. Eta seme-alabak ere ekarri nahi badituzue, arazorik ez!

Hori bai: osteguna baino lehen eman behar da izena, 688.635.532 telefonora deituta edo gabiriakopa@gmail.com helbidera idatzita.

Gainera, bazkariaz gain, txirrindularitzari buruzko liburuak eta ekipazioak erosteko aukera ere egongo da, Tropelak, Libros de Ruta argitaletxeak eta Urtekariak stand bana jarriko baitute euren produktuekin.

Animatu zaitezte! Luzaroan gogoratzeko moduko eguna izango da!

(Jarraitu gaitzazu Twitterren: @gabiriakopa)