Astebete besterik ez, bizikletak martxan jar daitezen euskal errepideetan. Apirilaren 2an hasiko da festa, Lizarran, eta egun horretantxe ekingo dio bere bigarren denboraldiari Gabiria Kopak ere, gizonezkoen zein emakumezkoen lasterketa profesional guztien sailkapena osatu arte. Nortzuk izango dira ziklistarik onenak aurten? Hori “erabakitzera” gatoz, ba!

Gabiria Kopa logoa

Gizonezkoen lasterketei dagokienez, hiru bloketan banatuko da aurtengo Gabiria Kopa: apirilean, Lizarrako Sari Nagusia, Euskal Herriko Itzulia eta Zornotzako Udabarri Saria izango ditugu. Uztailean, Ordizia, Donostia eta Getxoko klasikoak jokatuko dira. Eta irail hasieran erabakiko da dena, Espainiako Vueltak Bilbon eta Urdazubin amaituko dituen etapetan banatutako puntuekin. Ohi baino denboraldi luzeagoa dugu aurretik, eta ohi baino emozio handiagoa ere espero dugu, azken egunera arte ez baitugu jakingo nortzuk izango diren aurtengo irabazleak. Gogoratu iaz Joaquim Rodríguezek eraman zuela gure sari nagusia, Ion Izagirre izan zela lehen euskalduna, eta Michał Kwiatkowski gazterik onena.

Emakumeei dagokienez, apirilean erabakiko da gehiena, orduantxe jokatuko baita Bira, punta-puntako izar handiekin, nahiz eta iazko irabazlea, Kasia Niewiadoma, ez den bertan izango. Ondorioz, beste norbaitek irabaziko du Gabiria Kopa aurten. Bestetik, ikustekoa izango da Eider Merinok iazko maila bikainari eusten dion, zeren, errepideko lehen euskalduna izateaz gain, ziklo-kroseko Gabiria Koparen irabazlea ere izan da.

Azkenik, gogoratu eguneratutako informazio guzti-guztia Twitterren (@gabiriakopa) eta Facebooken (www.facebook.com/gabiriakopa) aurkituko duzula. Aurten, gainera, sariak ere izango dira jokoan, baina ez dugu dena hemen esango: jarrai gaitzazu sare sozialen bitartez, eman izena “Gabiria Kopa” tropeltxoan, eta zeure kabuz ikusiko duzu.

Goazen ba! Dibertsioa hastera doa!