Apirilaren 3an Irunen hasi eta 8an Zallan amaituko den aurtengo edizioa aurkeztu berri dute. Euskal Herrian, Donostiako Klasikoarekin batera antolatzen den UCI Pro Tourreko lasterketa bakarra.

Bereziki bi aldaketa nabarmendu daitezke ibilbidean. Batetik aurten 6 eguneko lasterketa izango dugula, eta nolabait horrekin lotuta, azkenengo egunean aspaldiko erlojupekorik luzeena ikusiko dugula. Egia da Euskal Herrian zerbait baldin bada mendate motz eta ugarien kopurua dela, eta aurten ere makina bat ikusteko moduan izango gara, hala eta guztiz ere, batez ere erlojupekoan nabarmentzen den norbaitek irabaziko duenaren susmoa dut. Ez zait iruditzen batez ere goraka nabarmentzen diren txirrindulariek sailkapen orokorrean nagusitzeko adinako ibilbiderik dutenik, ez behintzat azkenengo eguneko erlojupeko kilometro kopuruarekin parekatzeko adinakoa.
Eta hori aurreneko bi etapa oso gogorrak izango direla kontutan hartuta. Ez baita txantxetakoa aurrenekoan Erlaitz (tropela apurtu behar luke) eta Jaizkibel helmugatik hain gertu izatea eta asteartean 11 mendaterekin osatutako etapa bat burutu beharra izatea. Ziur egon bi etapa hauetan tropeleko hainbat eta hainbat txirrindularik sailkapen orokorreko aukera guztiak galduko dituztela. Hala ere, oso zaila iruditzen zait lasterketa azken erlojupekoa baino lehen erabakita egotea. Oso gutxiren artean egongo dela garaipena azkenengo egunean? Litekeena da, baina txirrindulari bakar bat alde nabarmenarekin iristea zaila deritzot.
Oraindik goiz da hautagaien izenak emateko, baina argi samar dut zein motatako txirrindulariez apustu egingo nukeen.