Telekomunikazioen etorkizuna hizpide Bartzelonan

3GSMAurreko astean lau egunez bildu ziren munduko enpresa garrantzitsuenetako ordezkariak Bartzelonan izan zen 3GSMko kongresuan. Aurrekoa Cannesen izan bazen ere, oraingoan Kataluniako hiriburua izan da aukeratua.

Kongresu hau sektoreko profesionalei zuzendua izan da eta 3.826 eurotako sarrera eskuratu behar izan du bertara joan denak. Hori izan da telekomunikazioaren etorkizunera lau egunez salto egiteko bidesaria.

Kongresuan Asiako nahiz bertako azken mugikorrak erakusgai izan badira ere, hizpiderik nagusienak interneteko nabigazioa eta mugikorreko telebista izan dira. Egun, 3G teknologia (UMTS, Universal Mobile Telecommunications System) nabigazio eta bideokonferentzietarako teknologiarik aurreratuena dela esaten badigute ere, Bartzelonan HSDPA (High Speed Downlink Packet Access) teknologiari buruz aritu dira. Diotenez, teknologia hau ezagutzen dugun ADSLaren parekoa da eta 14 Mb segunduko abiadurara irits daiteke, hots, UMTSa baino 7 aldiz azkarragoa. Vodafone eta Telefonica Salamanka eta Bartzelonan ari omen dira probak egiten teknologia honekin. Nire iritziz azkarregi, izan ere oraindik hainbat herri baitaude UMTSaren saretik kanpo, nirea kasu.

Mugikorretako telebistari dagokionez, 15 bat proiektu inguru ari omen dira garatzen Europako hainbat herrialdetan. Lehen saiakera Britainia Handiko Vodafonek egindako eskaintza izan omen zen. Hau iaz jazo zen British Sky Broadcastingekin egindako hitzarmen bati esker eta arrakasta handia izan omen zuen, hiruhilabeteko doako eskaintza batek lagundu bazuen ere. Baina oraingoan ere formatoen arazoa jarri da mugikorreko telebistaren estandarra aukeratzerako garaian. Alde batetik DVB-H (Digital Video Broadcasting-Handheld) formatua dago eta bestetik, DMBa (Digital Multimedia Broadcast). Ez dakigu zein izango den hobea, baina gogoratu beti ez dela hoberena gailentzen (VHS, Windows,…).

Egungo errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Aurrez aipatu bezala, UMTSaren hedapen geografikoa ez da erabatekoa eta mugikor bitartez internetera konektatu nahi badugu aspaldiko modemaren abiadura geldoarekin konformatu beharrean aurkituko gara. Telebistari dagokionez, LTDa (Lurreko Telebista Digitala) hitzetik hortzera badabilte ere, hedapenaren arazoarekin aurkitzen gara.

Aurrera begiratzea ona izan badaiteke ere, zenbaiti komeni zaio egungo errealitatea zein den kontutan izatea.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.