ProTourraren ondorioak

Uci ProTourPentsatzen dut ProTourrak onurak ere izango zituela, auskalo, baina garbi ikusten dena da ondorio kaltegarriak asko eta larriak izaten ari direla. Lasterketei dagokienez, esan, azken urtean lasterketak desagertuz joan direla. Lasterketa txikiak izatean eta txirrindulari taldeek egutegia nahiko betea izatean, beteegia ez esatearren, lasterketa txiki hauek zailtasun handiak dituzte talde onenak ekartzeko eta jakina den bezala, talde hauek gabe ez dago etorkizunik. Azken kasua, aste honetan bertan jakin dugu. Laudioko Sari Nagusia, Araban antolatzen den proba profesional bakarra, desagertzeko zorian da. Aurten ez antolatzeko erabakia zabaldu bezain laster, bazkide batzuk azken saiakera bat egitea erabaki dute eta orain ikusi egin beharko da ea proba antolatzea lortzen duten eta zein mailarekin.
Euskal Herrian ProTourreko bi proba antolatzen dira, Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa, eta aste honetan jakin denez, lehenak diru arazo nahiko larriak ditu ProTourreko baldintzak betetzeko. Hori dela eta, aparte gonbidatzen dituzten taldeei (horien artean Kaiku talde euskaldunari) diru kopuru bat ordaintzeko eskatu diete proban parte hartu ahal izateko. Eta hauek ezezko borobilarekin erantzun diete. Badirudi, ProTourraren gabeziak estaltzeko talde txikienen dirua erabili nahi dutela. Aurpegia behar da gero!
Atzo, Kaiku taldeko managerrak, Eneko Garatek, Gara egunkarian aipatu bezala, espero dut azkenean konponduko direla eta esnekien taldea etxeko itzuli garrantzitsuan lehian ikusi ahal izango dugula. Iaz ere lan txukuna egin zuten eta aurten ere ziur naiz Serrano eta konpainia hor aurrean ibiliko direla. Ea hala den. Euskal Herrian, profesionaletan, bi talde edukita Itzuliko antolatzaileek saiakera berezi bat egin beharko lukete Kaiku taldeari onenen pare aritzeko aukera emateko.
Eta hauxe da bigarren ondorioa. Talde txikiek oso aukera gutxi dituzte goi mailakoekin lehiatzeko eta ondorioz, taldeak sortzea eta babesleak lortzea askoz zailagoa da. Azkenean lasterketa garrantzitsuetan parte hartzeko aukerarik ez badute, publizitatea egiteko aukera gutxi dute eta ondorioz, enpresa babesleak lortzea ia ezinezkoa bihurtzen da.
Gure taldeei begiratu besterik ez dago. Euskaltel eta Kaiku enpresek oraindik ez dute erabaki datorren urtean beraien taldea babestea. Nik uste dut Euskaltelek jarraituko duela babesten ProTourrean jarraitzen dutelako baina Kaikuren etorkizuna ilunago dago. Ea aste honetan Kaikuren bidea zertxobait argitzen eta leuntzen hasten den. Asteazkenean, Espainiako Itzuliak talde gonbidatuak zein izango diren adieraziko du eta Euskal Herriko Itzuliko antolatzaile eta Kaikuko arduradunek harremanetan jarraituko dutela iruditzen zait. Ikusiko dugu zer ematen duen aste honek.

3 erantzun “ProTourraren ondorioak”(e)an

  1. Txirrindularitzak aldaketak behar zituela jende askoren iritzia zen, hala eta guztiz, nahiko presaka eta korrika antolatu zelaren iritzikoa naiz.
    Zeuk esanda bezala Pro Tourrak onuraren batzuk ekarriko zituen baino askoz nabarmenagoak gelditu dira berarekin ekarri dituen arazo eta gabeziak.
    Pro Tourrean sartuta dauden taldeek ez dute pausurik emango hau aldarazteko, beraien geroa modu handi batetan ziurtatzen duen arauak betetzen direlako bertan. Hori bai, hau dena hankaz gora bota dezakeen arrazoi bat bada, itzuli handien, hau da, Giro, Tour eta Vueltako agintariek Uci Pro Tourrari egin dioten “erasoa”. Eta ez froga hauek bakarrik, ez baita ahzatu behar Tourra antolatzen duen enpresa berak bere gain dituela beste hainbat eta hainbat forga garrantzitsu, Paris-Niza, Paris-Roubaix edo Liege-Bastogne-Liege, esaterako.
    Izan ere, leihakortasuna handitu behar zuen sistema honek horrelakorik ez digu erakutsi. Lehen ere froga garrantzitsuenetan onenak agertzen ziren aurrean, orain arte bezalaxe, eta hain garrantzitsuak ez zirenetan, izar handi asko beste froga batzuk prestatzera baino ez ziren agertzen, oraingo kasu berbera, alegia. Derrigortuta korritzera behartuta ikusten den talde edo txirrindulari batek zaila dauka froga horretan nabarmentzea.
    Errazago ulertuko nuke, UCI Pro Tour, munduko 10 talde onenek osatutako multzo bat izango balitz, bertan sartzeko igoera/jeitsiera sistema batekin eta modu horretara froga desberdinei eurei komeni zaien talde gonbidapenak banatzeko moduarekin. Ez dut ulertzen orain dagoen 20 taldeko sistema itxi hau. Bertan sartuta dauden taldeentzat sekulako txolloa, eta kanpoan geratu direnentzat mixeria gordina baino ez.
    UCI Pro Tourrak aldaketak eskatzen ditu, eta itzuli handien indarrarekin ez bada, beste nonbaitetik apurtuko den susmoa daukat. Ia hala den, momentu honetan txirrindularitzari mesede baino kalte gehiago egiten dion susmoa baitut.

  2. Gaur jakin denez, Aragoiko Itzulia ere aurten ez dute antolatuko diru faltagatik. Ikusiko dugu horrelako zenbat itzuli txiki geratzen diren bide bazterrean ProTourra dela eta.

  3. Egunkarietan azaldu denez, Laudioko sari nagusiaren arazoa ezta Pro Tourra izan, boluntario falta izan omen da eta da, arazoa. Guk Euskal Herritarrok afizio onenaren fama hartu dugu, iñork eman gabe, guk geure buruari eman diogu fama hori. Beraz, nola da posible onenak izanda, jenterik ez egotea lasterketa bat antolatzeko? Nola da posible, ziklismo eskoletan jente beharra egotea munduko afizio onenaren lurraldean? nola da posible milaka eta milaka Euskal Herritar pirineoetarano jutea eta aldiz Arraten Euskal Bizikletan gutxi batzuk egotea? nola da posible, afizio onenaren lurraldean jendea kexu izatea maila txikietako lasterketa bategatik 10 minutuz autoa gelditu behar dutelako? nire ustez hipokrita hutsak gara, txirrindularitza maite dugula diogu, baña egia ote? edo soilik euskal herritarrak aurrean daudenean? infantillak, gazteak eta abar, nork bultzatzen ditu? nork antolatzen ditu hoiendako lasterketak? ez ahastu garai batean, Mayo, Astarloa, Zubeldia…. infantilak, kadeteak eta jubenilak izan zirela.

    agur bero bat !!!

Iruzkinak itxiak daude.