Patxi Vilarentzat Paris-Nizako 3.etapa!

Patxi Vila (Lampre) nafarrak Paris-Niza lasterketako hirugarren etapa eskuratu du. Eta ez da edozein etapa, Paris-Niza irabazi nahi zuenak gaur aurrean ibili beharra zuen. Berako txirrindulariak eta Floyd Landisek (Phonak) azken mendian aurrera egin dute, bien arteko esprintean Patxi izan da garaile. Estatubatuarrak, aldiz, lidergoa hartu du eta Vila bigarren dago sailkapen orokorrean, 9 segundura.

Vilak 30 urte dauzka eta 2001. urtetik profesional mailan korritu du. Gaurkoan, bere lehen etaparen garaipena eskuratu du. Bagenuen gogoa Patxi helmugan eskuak jasotzen ikustekoa! Zorionak!
Bestalde, Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) hirugarren izan da eta Haimar Zubeldia zazpigarren sailkatu da.

Firefox nabigatzailearen erabiltzaile kopurua gora doa

Dakizuen bezala, Firefox kode irekiko internet nabigatzailea dugu, eta horri eskerrak, hainbat hizkuntzen artean euskarazko bertsioa ere euskaragarri dago. Bada nabigatzaile hau erabiltzen dugunon kopurua gehitzen ari da. Hala adierazten dute W3Schools erakundeak dituen datuek.
Firefox
Iazko otsailetik %7,2an igo da Firefox erabiltzaileen kopurua eta Microsoften Internet Explorer 6ak %4,4a galdu du. Hala eta guztiz ere Internet Explorer 6a nagusi da %59,5arekin. Firefoxek, aldiz, %25,1eko erabiltzaile kopurua du.
Continue reading “Firefox nabigatzailearen erabiltzaile kopurua gora doa”

Frantziako Tourrean euskararik entzungo ote da?

Aurten Frantziako Tourrak Euskal Herria bisitatuko du. Tourreko etapa bat Kanbotik abiatuko da eta euskal errepideak zeharkatu ondoren Pauen, Frantzian amaituko da. Hori dela, Euskal Herrian Euskaraz-ek lasterketako zuzendariari, aipatutako etapan euskarari merezi duen tratamendua emateko “eskatu eta exijitu” dio gutun baten bitartez.

Azken urteetan, Tourra Euskal Herritik igaro denetan euskarak ez du batere tokirik izan eta hemendik hainbat elkartek eskaerak egin arren antolatzaileek ziria sartu digute euskaldunoi. Bai, ziria sartu diot. Antolatzaileek euskarak leku bat izango duela hitz eman ondoren, azkenean esandakoa bete ez zutelako.

Tropela Elkartetik espero dugu aurten euskarak merezi duen tratamendua izango duela eta etapetako irteeretan antolatzaileek jartzen duten esatariak euskaraz ere hitz egingo duela. Ala izango ote da?

Lehena Astarloak!

Iritsi da euskaldunon lehen garaipena! Igor Astarloak (Barloworld) Milano-Torino proba irabazi du, italiako probarik zaharrena. ProTourreko proba bat izan ez arren maila handiko taldeak elkartu ziren bertan. Horren froga gisa, bere atzetik sartu ziren iheskideen izenak (Pellizzotti, Celestino, Balan) eta ondorengo tropeltxoko lehenak (Zabel eta konpainia) begiratu besterik ez dago. Ondo hasi du urtea Igorrek. Aurtengo lehen proba zuen, eta irabazi!

Esnea belztu da!

Gaur egun handia izan behar zuen Kaiku taldearentzat. Txirrindularitzako 3 itzuli handietako batean parte hartzeko gonbidapena jaso behar zuten. Gaur, Espainiako Vueltak 2 gonbidapen banatu behar zituen. Esnekien taldeko pertsonek Vueltaren antolatzailea den Unipublic-ekin izandako harremanek baikor izatera derrigortzen zituzten. Iaz ez bezala, aurten kirol arloari garrantzi gehiago emango ziotela zioten antolatzaileek. Gonbidapen bat Comunitat Valenciana taldearentzat izango zela jakina zen. Hor ez dago ezer esaterik, merezita. Eta bigarrena, berriz, Kaiku eta Relax taldeen artean borrokatu behar zutela zioten aditu guztiek. Horrela izanik, Kaikukoek iaz lortutako garaipenekin eta postu on guzti horiekin gonbidapena beraiena izango zela uste zuten. Baina usteak erdia ustel. Azkenean, kaka zaharra! Beti bezala, antolatzaileek nahi dutena egiteko eskubidea dutenez, sudur puntan jarri zaiena gonbidatu dute, Relax. Iaz, garaipen bakar bat ere lortu ez zuen taldea eta ezer erakutsi ez zuena. Eta Kaikuren geroa beltz, oso beltz.
Eta hori gutxi balitz, gaur goizean, Murtziako Itzulia hasi aurretik UCI-k egindako odol analisien ondorioz, Ricardo Serrano Kaikuko txirrindulari espainiarra, “ez gai” kontsideratu dute. 15 egunez ezingo du lehiatu eta ondoren berriz egin beharko ditu odoleko analisiak.
A ze eguna Kaiku taldearentzat! Hobe argitu izan ez balu!