6. etapa: Zalla – Zalla

Aditua EH ItzuliaIritsi da aurtengo edizioko garailea ezagutzeko ordua! Hasera batetik pentsatze zen moduan azken eguneko erlojupekoa izango da bai irabazlea, bai podioa bereiziko duen etapa.

Aurtengo erlojupekoa gainera azken urteetako luzeena dugu. UCIk egun berean bi sektore egitea debekatu zuenez, erlojupekoarentzat egun oso bat gelditu zen eta horrekin batera bere luzera ere handiagoa izango dugu. Eztabaidatzeko beste gai bat izan daiteke baina ez zait iruditzen 24km-tako erlojupeko bat berdintzeko adinako mendirik izan denik, ez eta erraza izango litzaketenik Euskal Herriko mendateen ezaugarriak ezagututa halako mendi etaparik egiterik. Beti dago Urkiola, San Miguel de Aralar, Arrate edo antzerako mendate batean etapa amaituaz erlojupeko luze bat berdintzeko aukera baina pertsonalki, 24km gehiegizkoa iruditzen zait Euskal Herriko Itzuli batentzat.

Denek bi hautagai bakarrik aipatzen dituzte, Samuel Sanchez eta Alberto Contador. Egia da agian probako bi txirrindularirik onenak bezala agertu direla baina hain dira txikiak denen arteko diferentziak, ezin dudala ulertu zergatik ez diren kontutan hartzen beste zenbait txirrindulari: Evans, Azevedo, Rebellin, Sinkewitz, Vila…

Logikari jarraituz, Liberty taldeko hanka meharren alde egin beharko nuke, askotan erakutsi baitu erlojupekoak menperatzen dituela (gogoratu, urrutira joan gabe iazko garaipena) baina jende gehienaren iritziaren aurka Samuel Sanchez-gatik apustu egingo dut. Ez ditut bere erlojupeko on asko gogoratzen baina probako txirrindularirik sasoikoena dela erakutsi du, maillot horia soinean izango du eta bere bizilekua Enkarterriak izaki, etxean bezala sentiaraziko dute. Hau dena kontutan harturik Euskalteleko asturiarraren aldeko apustua egingo nuke.

Eta sailkapen nagusiarekin batera, www.tropela.eus webguneko porra ere erabakiko da. Hor ere kontuak estu daude eta puntu guztien beharra izango da porrako garaile izateko. Aupa “txarli1”, egin gogor kostako jende horri, jeje.

Igandean Paris – Roubaix

Gehienok Euskal Herriko Itzuliari begira gauden honetan ez dugu ahaztu behar proba garrantzitsuak ari direla korritzen munduko beste parte batzutan. Esaterako atzo Gante – Wevelgem handia korritu zen, Thor Hushovd norvegiarraren garaipenarekin. Bertan elkar ikusi zuten igande honetan Paris – Roubaix lasterketa handian lehiatuko diren hautagai nagusienak.

roubaix.jpgUrteko lasterketarik “arraroenetakoa” dugu Paris – Roubaix klasiko handi hau. Milan – San Remo eta Flandriako Tourraren ondoren urteko hirugarren monumentua dugu honako hau. Denboraldia amaitu aurretik beste bi geratuko direlarik, Liege – Bastogne – Liege eta Lombardiako Giroa.

Betidanik esan izan da txirrindulari batek, horrela kontsideratua izateko bere kirol bizitzan behin bada ere Roubaixko belodromora iritsi beharko lukeela baina asko eta asko dira sentsazio hori ezagutzera iristen ez direnak. Continue reading “Igandean Paris – Roubaix”

Flandriako Tourra 06

Ziurrenik euskal zale gehienak etxeko lasterketa hasi zain egongo dira, astelehenean emango baitzaio hasiera Irunen aurtengo Euskal Herriko Itzuliari. Hala ere, egun bat lehenago, igandean, Belgikako Flandrian egun handia ospatuko dute, bertan korritzen baita urteko klasikorik ospetsu eta ikusgarrienetariko bat: Flandriako Tourra. Flandriarrentzat festa egun berezia izaten da apirileko lehenengo igandea. Sekulako jendetza biltzen da errepide ertzetan, gehienak askorentzat hain ezaguna egingo zaizuen bandera hori/arrano beltzarekin. Kontatu ezina egingo zaizue honelako banderen kopurua.

koppenberg.jpgIbilbide ikusgarriko klasikoa dugu hau, batik bat ibilbidearen erditik aurrera, kota labur eta gogorrez josia, horien artean Koppenberg eta askotan lasterketan zehar erabakigarria gertatzen den Kapelmuur ezaguna, harbidezko malkar gogorra, helmugatik nahiko gertu dagoena, mendate hau eta helmugaren artean Bosberg mendatea bakarrik geratuko baitzaie. Continue reading “Flandriako Tourra 06”

Euskaltel Euskadi bakarrik falta da

Izan ere, UCI Pro Tour ligan sartuta dauden 20 taldeetatik 19k lortu dute aurten jadanik, gutxienez garaipenen bat. Euskaltel Euskadi da garaipenik gozatzeko moduan izan ez den talde bakarra.

euskaltel.jpgHala ere, ez noa lerro hauek talde laranjaren portaera kritikatzeko erabiltzera, gehiago esango nuke, aurten lanak ondo egin diren susmoa dut eta nahiz eta helmugan besoak goian ikusteko modurik ez izan, emaitzak laster iritsi behar dutela pentsatzen dut.

Continue reading “Euskaltel Euskadi bakarrik falta da”

Euskal txirrindularien ordua

Apirilaren 3an Irunen hasi eta 8an Zallan amaitzen den Euskal Herriko Itzulia gainean du. Gerturatzen ari da, beraz, euskal txirrindulari askorentzat urteko egutegiko helbururik nagusienetako bat. Etxean korritzeaz gain, munduan dauden astebeteko itzulietatik ere hoberenetarikoa dugu gainera honako hau. Urteak joan, urteak etorri, munduko txirrindulari onenak biltzen dituen proba, udaberriko klasikoak edo Giro helburutzat duten hainbat eta hainbat txirrindulari biltzen diren proba.

mayo.jpgEta txirrindulari guzti horien artean euskal txirrindulariak ditugu. Jakina, bakoitza helburu desberdinekin, batzuk sailkapen orokorra irabazi edo poztu ona egin asmotan, beste batzuk etapa garaipena lortzekotan eta beste batzuk euren talde buruei lagundu edo eguneko ihesaldietan sartu eta ezusteko garaipen baten bila doazenak. Azken urteetan irabazteko gai izan diren Aitor Osa edo Iban Mayo adibidez hor izango ditugu, irabazi asmoz ziurrenik, Igorreko txirrindularia azken egunetan ematen ari den hobekuntzaren zantzuak berresteko asmoekin. Berauen maila berdinean jarri daitezke, zergatik ez, Egoi Martinez, Patxi Vila edo Koldo Gil ere eta Itzuli osoan zehar euren protagonismo momentua izan dezaketen gehiago ere badira, Zubeldia, Camaño, Bru, Garate edo Galparsoro esaterako. Continue reading “Euskal txirrindularien ordua”