Euskal Herriko Itzulia 2006

Apirilaren 3an Irunen hasi eta 8an Zallan amaituko den aurtengo edizioa aurkeztu berri dute. Euskal Herrian, Donostiako Klasikoarekin batera antolatzen den UCI Pro Tourreko lasterketa bakarra.

Euskal Herriko Itzulia

Bereziki bi aldaketa nabarmendu daitezke ibilbidean. Batetik aurten 6 eguneko lasterketa izango dugula, eta nolabait horrekin lotuta, azkenengo egunean aspaldiko erlojupekorik luzeena ikusiko dugula. Egia da Euskal Herrian zerbait baldin bada mendate motz eta ugarien kopurua dela, eta aurten ere makina bat ikusteko moduan izango gara, hala eta guztiz ere, batez ere erlojupekoan nabarmentzen den norbaitek irabaziko duenaren susmoa dut. Ez zait iruditzen batez ere goraka nabarmentzen diren txirrindulariek sailkapen orokorrean nagusitzeko adinako ibilbiderik dutenik, ez behintzat azkenengo eguneko erlojupeko kilometro kopuruarekin parekatzeko adinakoa.

Eta hori aurreneko bi etapa oso gogorrak izango direla kontutan hartuta. Ez baita txantxetakoa aurrenekoan Erlaitz (tropela apurtu behar luke) eta Jaizkibel helmugatik hain gertu izatea eta asteartean 11 mendaterekin osatutako etapa bat burutu beharra izatea. Ziur egon bi etapa hauetan tropeleko hainbat eta hainbat txirrindularik sailkapen orokorreko aukera guztiak galduko dituztela. Hala ere, oso zaila iruditzen zait lasterketa azken erlojupekoa baino lehen erabakita egotea. Oso gutxiren artean egongo dela garaipena azkenengo egunean? Litekeena da, baina txirrindulari bakar bat alde nabarmenarekin iristea zaila deritzot.

Oraindik goiz da hautagaien izenak emateko, baina argi samar dut zein motatako txirrindulariez apustu egingo nukeen.

9 erantzun “Euskal Herriko Itzulia 2006”(e)an

  1. Bai. Aurten Euskal Herriko Itzuliarekin ere lehiaketatxo bat antolatzeko asmoa badugu. Laster emango dugu horren berri.

  2. Aurtengo Euskal Herriko Itzuliak beste urteetan baino etapa gehiago izango du eta ondorioz, larunbat batez amaituko da. Zehazki, apirilaren 3an hasi eta 8an amaituko da eta honako etapa hauek izango ditu:

    * 1.etapa: Irun – Irun
    * 2.etapa: Irun – Segura
    * 3.etapa: Segura – Lerin
    * 4.etapa: Lerin – Gasteiz
    * 5.etapa: Gasteiz – Zalla
    * 6.etapa: Zalla – Zalla (erlojupekoa)

    2007an Urretxun hasi eta Oiartzunen amaituko da eta 2008an Legazpin hasi eta Orion amaituko omen da.

  3. Ea nola moldatzen garen aurten sei etapekin. Pena bat izan da UCI-k hartutako erabakia eta bi sektoretako eguna kendu beharra. Goizeko jardunaldiak oso interesgarriak izaten ziren eta betidanik itzulia arratsaldeko sektorean erabakitzen zen.

  4. Kaixo guztioi.

    Lehenik eta behin zorionak webgune hau egiten duzuen guztioi, benetan euskaraz bizikleta kontuak irakurtzea eskertzekoa da.

    Bestetik email bat heldu zait Euskal Herriko itzuliarekin berriz ere porra egiteko aukera dagoela esaten duena:

    “Egutegia ere aurtengoa luzeagoa izango da, hasiera Euskal Herriko Itzuliak emango diolarik. Jada posible duzue zuen erabiltzailea sortu eta Euskal Herriko Itzulirako zuen taldea prestatzen hastea. Funtzionamendua eta arauak iazkoak izango dira, baina zalantzaren bat baduzue, gure webgunean izango dituzue beharrezko argibide guztiak”.

    Baina ni webgunean sartu naiz eta porra egitea oraindik ez dela posible uste dut, beharbada torpe xamarra naizela eta ez naiz enteratu izango da baina nik behintzat ez dakit nola egin behar den porra egiteko.

    Beste barik, ondo ibili eta zorionak berriro ere.

  5. Iepa,
    Webgunearen sarreran, berrietako batean irakur dezakezu lehiaketa hilaren 28an, asteartean, hasiko dela.

  6. Azkenengo erlojupekoa oso gogorra da aurten. 24 km eta Avellaneda eta Beci igo beharra, diferentzi handiak markatuko dira.

  7. Ez al zaizue iruditzen 24km gehitxo direnik, horrelako moduko itzuli txiki baterako? Egia da aurreko etapak gogorrak direla baina ez zait iruditzen 24km erlojupekoak berdintzeko adinakoa izan daitekeenik…

  8. Nahiko itzuli kaxkarra iruditzen zait. Parte hartzea bikaina da, baina ibilbidea… oso etapa laburrak dira, atzokoak adibidez 130km bakarrik zituen, eta amaieran Jaizkibel. Bertan egon garenok iritzi berdina edukiko dugulakoan nago, hau da, ez dela batere gogorra, deskantsu ugarirekin eta 1º mailakoa larri-larri-larri. Beraz, normala da ia 50 txirrindulariko multzoa batera aritzea. Nor nekatuko da 130kmtan? Nork puska dezake Jaizkibelen, sasoian, deskantsatuta eta trankil dagoen tropela?

Iruzkinak itxiak daude.