Euskal txirrindularien ordua

Apirilaren 3an Irunen hasi eta 8an Zallan amaitzen den Euskal Herriko Itzulia gainean du. Gerturatzen ari da, beraz, euskal txirrindulari askorentzat urteko egutegiko helbururik nagusienetako bat. Etxean korritzeaz gain, munduan dauden astebeteko itzulietatik ere hoberenetarikoa dugu gainera honako hau. Urteak joan, urteak etorri, munduko txirrindulari onenak biltzen dituen proba, udaberriko klasikoak edo Giro helburutzat duten hainbat eta hainbat txirrindulari biltzen diren proba.

Eta txirrindulari guzti horien artean euskal txirrindulariak ditugu. Jakina, bakoitza helburu desberdinekin, batzuk sailkapen orokorra irabazi edo poztu ona egin asmotan, beste batzuk etapa garaipena lortzekotan eta beste batzuk euren talde buruei lagundu edo eguneko ihesaldietan sartu eta ezusteko garaipen baten bila doazenak. Azken urteetan irabazteko gai izan diren Aitor Osa edo Iban Mayo adibidez hor izango ditugu, irabazi asmoz ziurrenik, Igorreko txirrindularia azken egunetan ematen ari den hobekuntzaren zantzuak berresteko asmoekin. Berauen maila berdinean jarri daitezke, zergatik ez, Egoi Martinez, Patxi Vila edo Koldo Gil ere eta Itzuli osoan zehar euren protagonismo momentua izan dezaketen gehiago ere badira, Zubeldia, Camaño, Bru, Garate edo Galparsoro esaterako.

Ibilbidea inork baino hobeto ezagututa eta euskal txirrindulari zaleen laguntzarekin tropeleko aurreko poztutan euskaldunak ikusteko moduan izan gaitezke, ez ahaztu hala ere munduko frogarik onenetariko batez hitz egiten ari garela, eta beraz, ez dezagun har porrot bezala nahi baino euskal txirrindulari gutxiago nabarmentzea 6 egun horietan zehar. Horrelako proba batean opariak oso oso zenbatuak izaten dira eta etapako garaipenak garesti izaten dira, zer esanik ez, garaipen orokorra. Presta gaitezen milaka zale errepide ertzera eramango dituen proba honetaz gozatzeko.

Euskaldunen beste garaipen bat

Gaur arratsaldean Alberto Martinezek (Agritubel) erlojupeko bikaina egin du eta maila handiko txirrindulariei aurre hartuz Nazioarteko Kriteriumeko 3.etapa irabaztea lortu du. Ederra garaipena!

Kriteriuma Ivan Bassok irabazi du eta bai mendian nahiz erlojupekoetan bikain moldatzen dela erakutsi digu. Baina honek zer egin nahi du? Martxoan garaipenak lortu, maiatzean Giroa irabazi eta uztailean Tourra ere bai? Jarrera oso arriskutsua iruditzen zait baina ikusleentzat horrela hobe!

Ullrich Giroan izango dugu

Pozgarritzat hartu behar genuke Jan Ullrich alemaniarraren maila duen txirrindulari batek Italiako Giroan parte hartu behar duela jakiteak baina Frantziako Tourrak hainbesteko indarra duen eta askoren urteko helburu bakarra den momentu honetan, berri honek niretzat indar guztia galdu du. Izan ere, garbi dago alemaniarra Girora kalitatezko kilometroak egitera doala, beti ere bere burua uztailera begira jarrita. Ia behintzat egunen batean bere maila ikusteko moduan garen baino egia esanda, harrituko ninduke.

Askoren hitzetan, uztailean Frantzian arerio nagusia izan daitekeen Ivan Basso ere Giroan izatekotan da, honen kasuan ordea irabazteko asmoarekin, bere talde zuzendaria den Bjarne Rijs daniarraren gomendioei kasurik egin gabe. Rijsek, Armstrongen falta dela eta, italiarrak helburu bakarra izatea nahi omen zuen, Frantziako Tourra, baina Ivan Bassok ez du Frantziara aurretik Giroan irabazteko saiakera egin gabe joateko asmorik. Mentalitate aldetik behintzat desberdintasun galanta.

Continue reading “Ullrich Giroan izango dugu”

Txente irabazle eta Urtasun bigarren Salamankan

Gaztela-Leongo Itzuliko 3.etapa, Txente Garcia nafarrak (Caisse d’Epargne – Illes Balears) irabazi du. Azken kilometroan tropeletik ihes egin eta 2 segunduko abantailarekin tropelari aurre hartuta iristea lortu du. Ez da txirrindulari garailea baina bere potentziari esker garaipen ederra lortu du. Gainera, bere atzetik, tropelari denbora emanaz beste nafar bat, Pablo Urtasun (Kaiku) urdiaindarra sartu da. Beraz, etapa ikusgarria izan ez den arren euskaldunentzat oso etapa emankorra izan da.

Eta larunbatean… “classicissima”

Gainean dugu iaz UCI Pro Tour ligarekin batera desagertu zen Munduko Kopako lehen klasikoa. Ez gainera edozein klasiko, Flandriako Tourra, Paris – Roubaix, Liege – Bastogne – Liege eta Lombardiako Giroarekin batera “5 monumentuetako” bat baitugu Milano – San Remo klasikoa.

Azken urteetan askotan errepikatzen den esprinta ekiditeko, urtero ibilbidean sartu asmo dituzten aldaketei buruz irakurri ahal izaten dugu, baina aurten ere ez da azkenean aldaketarik izango eta Cipressa eta Poggio mendateak izango ditugu puntu ikusgarrienak bezala. Ez da erraza izango, berriro ere, Via Roman esprinta ikusi gabe gelditzea, ez baitira garai batean bezalako erabakigarriak sortatzen ibilbideko mendatetxoak eta gaurko sprinterrak “erraz” pasatzen dituzte berak. Gainera, hain sasoi puntu onean zegoen, eta tropela hausteko gaitasuna duen gutxietako bat, Paolo Bettini, erorketa baten ondorio, zalantza da.

Continue reading “Eta larunbatean… “classicissima””