Igandean Paris – Roubaix

Gehienok Euskal Herriko Itzuliari begira gauden honetan ez dugu ahaztu behar proba garrantzitsuak ari direla korritzen munduko beste parte batzutan. Esaterako atzo Gante – Wevelgem handia korritu zen, Thor Hushovd norvegiarraren garaipenarekin. Bertan elkar ikusi zuten igande honetan Paris – Roubaix lasterketa handian lehiatuko diren hautagai nagusienak.

Urteko lasterketarik “arraroenetakoa” dugu Paris – Roubaix klasiko handi hau. Milan – San Remo eta Flandriako Tourraren ondoren urteko hirugarren monumentua dugu honako hau. Denboraldia amaitu aurretik beste bi geratuko direlarik, Liege – Bastogne – Liege eta Lombardiako Giroa.

Betidanik esan izan da txirrindulari batek, horrela kontsideratua izateko bere kirol bizitzan behin bada ere Roubaixko belodromora iritsi beharko lukeela baina asko eta asko dira sentsazio hori ezagutzera iristen ez direnak.

27 harbide gunez osatutako ibilbide gogor honetan ez da ezusteko handirik izaten. Gainera, kasu konkretu batzuk kendu ezkero, proba hau urte askotan lehiatu izan duten txirrindulariak errepikatzen dira aurreneko postuetan. Salbuespenak beti dira, noski, Boonenen kasu, bere debut urtean sekulako lana egin ondoren podioan sartzeko gai izan baitzen baina orain zein txirrindulari puska den ikusi ondoren ez da hain harrigarria egiten datu hau.

Zailtasun desberdineko harbideak dira ibilbidean. Gune bakoitza zenbakitua eta mailakatua egoten da, izar batzuen bitartez. Bi gune nabarmendu daitezke beste guztiengandik, Aremberg-ko basoa (nahiz eta berrituta eta pixka bat “leunduta” egon), urteak joan eta urteak etorri tropela mila zatitan apurtzeko adinako zailtasuna duena eta Carrefour de l’Abre, iaz Flechak sekulako erakustaldia eman zuen gunea.

Sekula ezingo da esan proba hau irabazten duenak zortea baliatuz irabazi duenik (lasterketaren batekin esan baldin badaiteke) baina zorte txarrak proba ez irabaztera bultzatzeko lasterketa aproposa da. Hemen adina matxura, gurpil zulaketa eta erorikorik aurkitzea ez da erraza eta askotan momentu klabeetan gertatutako gauza hauek indartsuenetariko baten aukerak ezabatu ditzake. Zer esanik ez eguraldia lagun ez badute, orduan sekulako sarraskia izaten da errepideetan. Bizikleta gainean ibiltzen ez den baten begira puntutik euria egin dezala eskatzen dut, egoismo puntu galanta ikus badezakezue ere nire eskaera horretan.

Hautagaiak? Momentu honetan hautagai nagusi bakarra dugu, Tom Boonen, nahiz eta horrek ez duen esan nahi areriok aurkitu ez duenik eta lehen esan bezala zorte txarrak ukituko ez duenik. Apustuetan beste edozeinen gainetik agertzen zaigu belgikar gaztea baina hor inguruan izan behar lituzke Hincapie, Ballan, Flecha, Cancellara, Hoste edo Van Petegem bezalako txirrindulariak. Neuk arriskutsuena Cancellara ikusten dut, ibilbide honetarako gorpuzkera egokiarekin eta Booneni lan handia eman diezaiokeela uste dut.

Klasiko zale zareten eta ez zareten guztiok, goza ezazue igandeko ikuskizunarekin.

Flandriako Tourra 06

Ziurrenik euskal zale gehienak etxeko lasterketa hasi zain egongo dira, astelehenean emango baitzaio hasiera Irunen aurtengo Euskal Herriko Itzuliari. Hala ere, egun bat lehenago, igandean, Belgikako Flandrian egun handia ospatuko dute, bertan korritzen baita urteko klasikorik ospetsu eta ikusgarrienetariko bat: Flandriako Tourra. Flandriarrentzat festa egun berezia izaten da apirileko lehenengo igandea. Sekulako jendetza biltzen da errepide ertzetan, gehienak askorentzat hain ezaguna egingo zaizuen bandera hori/arrano beltzarekin. Kontatu ezina egingo zaizue honelako banderen kopurua.

Ibilbide ikusgarriko klasikoa dugu hau, batik bat ibilbidearen erditik aurrera, kota labur eta gogorrez josia, horien artean Koppenberg eta askotan lasterketan zehar erabakigarria gertatzen den Kapelmuur ezaguna, harbidezko malkar gogorra, helmugatik nahiko gertu dagoena, mendate hau eta helmugaren artean Bosberg mendatea bakarrik geratuko baitzaie.

Continue reading “Flandriako Tourra 06”

Hasi da Euskal Herriko Itzulia tropelarentzat

Euskal Herriko Itzuliko lehiaketa martxan da jadanik. Parte hartzeko sartu Lehiaketa atalean edo sakatu hemen. Izena eman eta zure txirrindulari gustukoenak aukeratu besterik ez duzu egin behar. Txirrindularitzaz gozatzeaz gain Tropela Elkarteak zure inguruko lagunekin euskaraz lagunartean jokatzeko aukera ematen dizu. Ondo pasa eta zorte on!

Oharra: Iazko erabiltzaileak ezabatu egin ditugu, beraz, parte hartu nahi duen orok erabiltzaile berria sortu behar du.

Euskaltel Euskadi bakarrik falta da

Izan ere, UCI Pro Tour ligan sartuta dauden 20 taldeetatik 19k lortu dute aurten jadanik, gutxienez garaipenen bat. Euskaltel Euskadi da garaipenik gozatzeko moduan izan ez den talde bakarra.

Hala ere, ez noa lerro hauek talde laranjaren portaera kritikatzeko erabiltzera, gehiago esango nuke, aurten lanak ondo egin diren susmoa dut eta nahiz eta helmugan besoak goian ikusteko modurik ez izan, emaitzak laster iritsi behar dutela pentsatzen dut.

Continue reading “Euskaltel Euskadi bakarrik falta da”