Ullrich Giroan izango dugu

Pozgarritzat hartu behar genuke Jan Ullrich alemaniarraren maila duen txirrindulari batek Italiako Giroan parte hartu behar duela jakiteak baina Frantziako Tourrak hainbesteko indarra duen eta askoren urteko helburu bakarra den momentu honetan, berri honek niretzat indar guztia galdu du. Izan ere, garbi dago alemaniarra Girora kalitatezko kilometroak egitera doala, beti ere bere burua uztailera begira jarrita. Ia behintzat egunen batean bere maila ikusteko moduan garen baino egia esanda, harrituko ninduke.

ullrich.jpgAskoren hitzetan, uztailean Frantzian arerio nagusia izan daitekeen Ivan Basso ere Giroan izatekotan da, honen kasuan ordea irabazteko asmoarekin, bere talde zuzendaria den Bjarne Rijs daniarraren gomendioei kasurik egin gabe. Rijsek, Armstrongen falta dela eta, italiarrak helburu bakarra izatea nahi omen zuen, Frantziako Tourra, baina Ivan Bassok ez du Frantziara aurretik Giroan irabazteko saiakera egin gabe joateko asmorik. Mentalitate aldetik behintzat desberdintasun galanta.

Azken urteetan ikusgarriena gertatzen den hiru itzuli handietakoa dugu dudarik gabe Italiako Giroa, batez ere aukeratzen duten ibilbidearengatik. Aurtengoa edizioak sekula baino ikusgarriago izateko arriskua dauka, sekulako menditzar kopuru galanta igo beharrean izango direlarik. Giroa gerturatu ahala saiatuko gara ibilbidea sakonago aztertzen baina bitartean joan dadila Ullrich aurretik pixkat prestatzen, ibilbidean topatuko dituen malkarrek ez baitiote berak duen berezko maila soilarekin aurrean ibiltzen utziko. Giroko irabazlearengandik ordubete baino gutxiagora amaituko al du itzulia? Uuummm, ez dakit ba…


7 erantzun “Ullrich Giroan izango dugu”(e)an

  1. Nik neuk ez dut ikusten Ullrich Giroa lehiatzen, ezta Ullrichek berak ere. Parte hartuko du, baina lehiatu ez. Giroa oso berezia da, eta Tourra hasterako hilabete bi izango dituzte aurretik ziklistek. Ahul iritsiko da Ullrich Seraing-eko (Belgika) aurreneko etapara, 6 kilometroko aitzin-etapara. Tira, 18. etapan izan lezake zerbait egiteko aukera alemaniarrak, 50 kilometroko erlojupekoa da-eta. Baina ordurako ez dakit itzulian egongo ote den ere. gainera, jakina da itzuli handietako azken erlojupekoan zer gertatzen den: sailkapen nagusian aurrean daudenak izaten dira indartsuenak, nahiz eta espezialistak ez izan erlojupekoetan.

    Horren harira, erlojupeko bi horiek lehiatzeko, ziklista batek bere “hautagaitza” aurkeztu du: Michael Rogers australiarra. Hori ere ikusteko dago…

    Giroa, jeneralean, italiarren Giroa izan ohi da… Bueno, eta Hontxarrena…

  2. Uste dut errespetu gehixeago merezi duela Ullrich-ek. Bere palmaresa duen txirrindulari bati jarrera desegokia aurpegiratzea arinkeria iruditzen zait. Eta, kalitatezko kilometroak egitera zergatik ez du ba joan behar? Akaso Tourrean pentsatzen duten beste guztiek parte hartzen duten karrera guztiak lehiatzeko intentzioa izaten al dute ba? Zer daukazue alemaniarraren aurka?

  3. Nire ustez Ullrich Girora forma puntua zorroztera joango da Tourrari begira, eta beharbada aurten ondo emango zaio lasterketa frantziarra. Ez dut ikusten Giroa lehiatzen (lehen hamarretan bai, baina irabazten ez), baina Tourrean Bassori susto handi bat eman diezaioke.

  4. Nire kasuan ez da behintzat alemaniarraren aurka ezer dudalako. Nire kasuan, orain aste batzuk idatzi bezala, jendeak Frantziako Tourrarekiko duen mirespena eta horrek askotan ekartzen duen beste lasterketarekiko uztea kritikatzen dut eta nahi edo ez, puntu horretan alemaniarra bete betean sartzen zaigu, oso proba gutxitan nabarmendu baita, Frantziako Tourretik aparte, alemaniar indartsu hau azken urteotan. Tourra garrantzitsua dela? Ados, baina beste karrera guztiak proba hori prestatzeko baliatzeko adina? Ez dakit ba, nire ustez gehiegizko garrantzia ematen zaio Tourrari.
    Jakina da parte hartzen den proba denetan ezin dela garaipenaren bila irten eta sasoi puntuak aurrez planifikatu beharra dagoela, baina bat baino gehiagorekin frogatuta geratu da urtean zehar proba bat baino askoz gehiago leihatuta ondo ibili daitekeela eta Ullrichek duen indarra ikusita oraindik eta gehiago, baina lehen esan bezala, oso momentu puntualetan ikusi izan dugu Rostockeko txirrindularia Tourretik kanpo nabarmentzen.
    Horregatik poztu izan naiz azken egunetan Basso, Vinokourov, Popovych, Cunego edo Landis bezalako txirrindulariek denboraldiaren garai honetan garaipenak lortu izanaz, hauek ere urteko helburu nagusiena Tourra izan arren ez baitituzte beste probak albora utzi.

  5. Buf, nahiago nuke oker banenbil “barrabil”, baino ez dut ikusten Ullrich Giroko hamar lehenetan.
    Aurten ere duen gogortasunarekin, 10 aurrenekoetan sailkatzeko oso ondo prestatuta iritsi beharra dago eta ez zait iruditzen alemaniarra horretarako prest egongo denik.
    Tourrerako prestakuntza bikaina izan daitekeela? ez dut esango ezetzik, baina Giroan bertan 10 lehenetan inondik inora ere ez. Sergioren iritziarekin gehiago nator bat, hau da, erlojupekoan agian agertu daiteke, edo etapa puntualen batean, bere test pertsonalen batzuk eginaz, baina inundik inora ere ez sailkapen nagusiaren lehian.

  6. Garbi dago Jan Girora zertara doan. Tourra prestatzeko asmotan hain zuzen. Giroa lehenengo hamarretan bukatuko duela pentsatzeak ez du zentzurik. Bere helburua Tourreko lehenengo etapara ahalik eta finen iristea da, batik bat mendiko lehenengo etapa gogorra pasatzeko. Hori lortuta, tourra poltsikoan izan lezake. Hala ere, Armstrong gabe ez da berdina izango. PANZER!!

  7. Aurtengoa izango da Ullrichen urtea, pena Armstrong ez dagoela zeba bestela… Nik uste giroko mendiko etapetan pelotoian mantenduko dela eta lehen erlojupeko luzea irabaziko duela. Nire ustez giroa bukatu baino lehen erretiratuko dela, tourreko etapa gogorrak prestatzera joateko. PODIOA:
    1-ULLRICH
    2-VINOKOUROV
    3-BASSO

Iruzkinak itxiak daude.