Eta larunbatean… “classicissima”

Gainean dugu iaz UCI Pro Tour ligarekin batera desagertu zen Munduko Kopako lehen klasikoa. Ez gainera edozein klasiko, Flandriako Tourra, Paris – Roubaix, Liege – Bastogne – Liege eta Lombardiako Giroarekin batera “5 monumentuetako” bat baitugu Milano – San Remo klasikoa.

sanremo.jpgAzken urteetan askotan errepikatzen den esprinta ekiditeko, urtero ibilbidean sartu asmo dituzten aldaketei buruz irakurri ahal izaten dugu, baina aurten ere ez da azkenean aldaketarik izango eta Cipressa eta Poggio mendateak izango ditugu puntu ikusgarrienak bezala. Ez da erraza izango, berriro ere, Via Roman esprinta ikusi gabe gelditzea, ez baitira garai batean bezalako erabakigarriak sortatzen ibilbideko mendatetxoak eta gaurko sprinterrak “erraz” pasatzen dituzte berak. Gainera, hain sasoi puntu onean zegoen, eta tropela hausteko gaitasuna duen gutxietako bat, Paolo Bettini, erorketa baten ondorio, zalantza da.

Hau ikusita, hautagaiak aipatzerako orduan iazko irabazle den Alessandro Petacchi aipatu beharrean gara. Baina nola ez, honezkero nire gustukoa zein den igarriko zenuten txirrindularia ere pronostikoetan sartu beharra dago, Tom Boonen. Bi hauek beste denen gainetik nabarmentzen badira ere, ezin gara ahaztu Oscar Freire, Thor Hushovd, Allan Davis edo Danielle Bennati sprinterretaz edo lehen esan bezala tropela apurtuta ihes eginda iritsi daitekeen Paolo Bettinitaz. Azken honen tankerako txirrindulari gehiago ere badira, hala nola, Giuliano Figueras, Angel Vicioso, Erik Dekker, Samuel Sanchez edo Emanuelle Sella. Progaren emaitza zein izango den igartzerako orduan, garrantzitsua izango da Milram ez beste taldeek hartzen duten jokabidea. Milram-en aukera garbia da, esprintean iristea, Petacchi baitu bere taldean, aldiz, ez daukat hain garbi zein jokabide hartuko duten Lampre (Bennati eta Figueras), Liberty (A.Davis eta Vicioso) edo Quick Step (Boonen eta Bettini) taldeek. Eta horren menpe gera daiteke larunbatean, azken urteetan askotan gertatu den bezala Via Roman esprinta ikusi ala ez. Pertsonalki, ez litzaidake asko axolako ihes egindako taldetxo bat aurreratuta iritsiko balitz helmugara, Bettini, Paolini, Figueras, Vicioso, Dekker edo antzerako zenbait txirrindularirekin. Honela, proba hau garai batean erabakitzen zen bezala ikusteko moduan izango ginateke, azken orduko esprinta baino askoz ikusgarriagoa nire ustetan.

Hasi dadila klasiko handien festa!!!