Euskal txirrindularien ordua

Apirilaren 3an Irunen hasi eta 8an Zallan amaitzen den Euskal Herriko Itzulia gainean du. Gerturatzen ari da, beraz, euskal txirrindulari askorentzat urteko egutegiko helbururik nagusienetako bat. Etxean korritzeaz gain, munduan dauden astebeteko itzulietatik ere hoberenetarikoa dugu gainera honako hau. Urteak joan, urteak etorri, munduko txirrindulari onenak biltzen dituen proba, udaberriko klasikoak edo Giro helburutzat duten hainbat eta hainbat txirrindulari biltzen diren proba.

mayo.jpgEta txirrindulari guzti horien artean euskal txirrindulariak ditugu. Jakina, bakoitza helburu desberdinekin, batzuk sailkapen orokorra irabazi edo poztu ona egin asmotan, beste batzuk etapa garaipena lortzekotan eta beste batzuk euren talde buruei lagundu edo eguneko ihesaldietan sartu eta ezusteko garaipen baten bila doazenak. Azken urteetan irabazteko gai izan diren Aitor Osa edo Iban Mayo adibidez hor izango ditugu, irabazi asmoz ziurrenik, Igorreko txirrindularia azken egunetan ematen ari den hobekuntzaren zantzuak berresteko asmoekin. Berauen maila berdinean jarri daitezke, zergatik ez, Egoi Martinez, Patxi Vila edo Koldo Gil ere eta Itzuli osoan zehar euren protagonismo momentua izan dezaketen gehiago ere badira, Zubeldia, Camaño, Bru, Garate edo Galparsoro esaterako.

Ibilbidea inork baino hobeto ezagututa eta euskal txirrindulari zaleen laguntzarekin tropeleko aurreko poztutan euskaldunak ikusteko moduan izan gaitezke, ez ahaztu hala ere munduko frogarik onenetariko batez hitz egiten ari garela, eta beraz, ez dezagun har porrot bezala nahi baino euskal txirrindulari gutxiago nabarmentzea 6 egun horietan zehar. Horrelako proba batean opariak oso oso zenbatuak izaten dira eta etapako garaipenak garesti izaten dira, zer esanik ez, garaipen orokorra. Presta gaitezen milaka zale errepide ertzera eramango dituen proba honetaz gozatzeko.