Tropela prest Emakumeen Birari laguntza emateko

Ez da lehen aldia Agustin Ruiz de Larringanek, egungo Emakumeen Bira itzuliaren arduradun nagusiak, lasterketaren etorkizuna kinka larrian dela plazaratzen duena. Edonola ere, badirudi oraingo hau benetako agurra izan daitekeela.

Dakizuen moduan Tropela 3 urtez Emakumeen Biraren komunikazio digitala bultzatzen aritu zen, besteak beste webgune berri bat diseinatuz eta hiru hizkuntzetan informatuz, beti euskara lehenetsiz nola ez. Eta hori guztia Tropelako kideen lan boluntarioari esker. Antolakuntzaren parte gero eta ardura gehiago hartzeko proposamena ere luzatu genien, baina iazko edizioaren aurretik jaso genuen erantzuna gehiago gure beharrik ez zutela izan zen.

Bi urterako lortu zuen World Tour lizentzia Agustinek eta badirudi behin bere nahia lortu ondoren, lasterketa mailarik gorenera eramatea, eta bi urteko konpromisoa osatuta, jada bere zikloa amaitutzat ematen duela.

Tristea iruditzen zaigu Emakumeen Biraren etorkizuna horrela ikustea eta norbait antolakuntzaren ardura hartzeko asmotan bada, esan Tropela Elkartea berriro ere komunikazio lanetan laguntzeko prest izango duela. Horretarako gurekin harremanetan jartzea besterik ez luke izango.

Oharra: gustatu zaizue azken bi urteetako lasterketaren logo eguneratua? Jakin ezazue hau izan zela Tropela elkarteak Emakumeen Birarentzat egin zuen azken lanetako bat, hau ere musu-truk.

#336 Tropela.eus podcastak: 2019ko Italiako Giroa errepasoak – 21. etapa

Gaur amaituk da 2019ko Italiako Giroa Veronan jokatu den 21. etaparekin. 17 kmtako erlojupekoaren saioa non Hagak (SUN) etapa garaipena lortu duen, hautagaien artean bazen ere, askorentzat ezustean.

Aurtengo Italiako Giroa Carapazek (MOV) irabazi du, lehen ekuadortarra Giroa irabazten. Podiumean Nibali (TBM) eta Roglic (TJV) izan ditu. Azkenean Mikel Landak (MOV) ezin dio 23 segundoko errentari eutsi eta podiumetik kanpo geratu da beste behin.

Egoitz Lizaso (@elizaso) arduratu da Giro honetako azken podcast hau ere grabatzen.

#328 Tropela.eus podcastak: 2019ko Italiako Giroa errepasoak – 13. etapa

Bigarren etapa menditsua gaurkoa eta ikuskizuna izan da. Ihesaldi jendetsuan Cicconek (TFS) mendiko sailkapeneko lidergora berreskuratu du eta bertan zen Zakarinek (TKA) etapa garaipena lortu du sailkapen nagusian podium postuetan jartzearekin batera. Pena, baina Mikel Nieve (MTS) ez da gauza izan errusiarraren erritmoari eusteko eta bigarren sailkatu da. Aldiz, hirugarren Mikel Landa (MOV) urrutitik erasoa jo ondoren. Dagoeneko lehen 10 postuetan sartu da Murgiako txirrindularia. Galtzaileen artean Simon Yates (MTS) eta Miguel Angel Lopez (AST) izan dira, azken honek matxura baten erruz. Hau guztia eta gehiago mini podcast honetan duzue entzungai Egoitz Lizasoren (@elizaso) eskutik.

#322 Tropela.eus podcastak: 2019ko Italiako Giroa errepasoak – 7. etapa

Pello Bilbaok (AST) irabazi du 2019ko Italiako Giroko 7. etapa ihesaldian izan ondoren. Horri eskerrak sailkapen nagusian hamabi postu egin ditu aurrera eta orain 11. aurkitzen da Conti (UAD) liderrarengandik. Gaurko baja aipagarriena Gaviria (UAD) izan da, liderraren taldekidea. Hau eta gehiago kontatzen digu Imanolek (@imanollucia) podcast honetan.

#312 Tropela.eus | errepasoa: 2019ko Euskal Herriko Itzulia eta Paris-Roubaix

Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira podcast berri honetan oraingoan atzera begiratu eta gertatutakoa errepasatzeko. Izan ere Euskal Herriko Itzulia Ion Izagirrek (AST) irabazi zuela (eta nola gainera!) ekarri nahi zuten eta baita Paris-Roubaixeko klasikoan gertatutako gauzarik aipagarrienak ere. Ez dizue kinielak egiten lagunduko podcast honek, baina bai patxadaz bi lasterketa hauek errepasatzek.