Evenepoel (DQT) Klasikoaren aurkezpenean

Jokoz kanpo harrapatu du Evenepoel (DQT) gazteak tropela, edo geratzen zena, Murgil tontorrari ekiteko ibilbide lauan. Ez da bakarrik izan, Skujins (TFS) bikain bat bidelagun izan du maldarik gogorrenak iritsi arte. 15 segundo, 30 baita ia 50 segundoko tartea ere ateratzen zien Movistar eta ondoren Astanak zuzentzen zuen nagusien tropeltxoa.

Movistarrek kontrolpean izan du lasterketa ibilbidearen zatirik gehienean. Hor ikusi dugu Mikel Landa (MOV) bera ere lanean Mendizorrotzeko gaina igorotzera iritsi aurretik. Eta igoera horretan Evenepoel bera ere atzeratuta geratu Movistarrek ezarritako erritmo gogorrari eutsi ezinda. Baina gazteak ez du etsi ete beste bi kiderekin, Oscar Rodriguez (EUS) eta Paretekin (ALM) batera Usurbilera iritsi aurretik nagusien tropeltxoan sartu da. Ordurako Bernak (INS), Adam Yates (MTS), Zakarin (TKF), … lasterketaz kanpo ziren.

Indarrak berreskuratu eta Donostiara hurbiltzen ari zirela, Skujins mugitu da eta berarekin Evenepoel, antza dagoeneko indar berrituta. Hor biek lan bikaina egin eta esandako tartea atera die gainontzeko faboritoei. Ez zuten ze tropeltxoan ez zuzendarien autoan kezkatzeko errenta hartuko zuenik aurreko bikoteak, baina Murgil tontorrerako igoeran, 200 km egin ondoren ere, indarrez zela gazteak erakutsi du eta 30 segundoren bueltako tartearekin pasa da goitik. Zailena eginda zuen. Eta halaxe izan da, Kennedyrekin gertatu bezala, bakarrik helmugaratu baita flandriarrak besoak lasai jasotzeko denboraz. Bere lehen UCI garaipena. Ez du kexarik izango Lefevere Alaphilippek (DQT) lasterketa utzi duelako.

Faboritoen tropeltxoan Van Avermaet (CPT) izan da azkarrena eta hirugarren Hirschi (SUN) gaztea. Laugarren Gorka Izagirre (AST) helmugaratu da, Klasikoa honetako lehen euskalduna.

Markel Irizarrek merezitako agurra

Ihesaldian izan da Markel, bere burua erakutsiz agurreko bere azken lasterketa honetan. Ez zuen aztarna uzterik utzi gabe agur esaterik nahiko. Guri ere gustatuko litzaiguke Tropelako bere azken lehiaketan puntuak banatzea, baina ez da posible izan.

Eskerrik asko Markel euskal txirrindularitzari eman diozunagatik, baita Tropelari urte hauetan guztietan emandako laguntzagatik ere. Laster arte!