Koldo Fernandez de Larreak Vendeeko Tourra irabazi du bigarrenez

Dagoeneko bigarren aldia da Koldok Vendeeko Tourra irabazten duena. Aurrekoa 2008an irabazi zuen. Honako adierazpenak egin zituen Koldok helmugan garaipenaren inguruan: “Bigarren aldia da lasterketa hau irabazten dudana eta pentsatzen dut Vendee Euskadiren antzekoa delako izango dela. Esprinta zaila izan da; ni Jimmy Casperren gurpilean nindoan eta Haussler eta Apolloniok aurrera egin dute, 25 metro edo aurreratu dira, harrapatu eta aurreratu ahal izan ditut”.

Koldoren atzetik Apollonio eta Hivert sailkatu dira.

Garaipen honekin Euskaltel-Euskadik 17 garaipen lortu ditu aurtengo denboraldian.

Mikel Nievek etapa garaipen itzela talde lan bikain bati esker

Mikel NieveEuskaltel-Euskadi taldeari aurtengo Espainiako Vueltak eskuetatik ihes egin zion larunbatean, baina gaur talde lan bikaina egin du talde laranjak eta Mikel Nievek etapa garaipena lortu ahal izan du.

Gorka Verdugo, Pablo Urtasun, Koldo Fernandez, Juanjo Oroz, Amets Txurruka eta Mikel Nieve geratzen zaizkio Euskaltel-Euskadi taldeari lasterketa. Esan bezala, larunbateko eroriko larri hartan Igor Anton gorriz zela galdakarra eta Egoi Martinez galdu zituen. Atzokoan Beñat Intxaustik utzi zuen lasterketa. Hiru lagun gutxiagorekin eta Vuelta eskuetatik alde egin eta gero, gaurkoan egoerei aurre egiteko gai direla erakutsi dute Euskaltel- Euskadiko txirrindulariek.

Ihesaldian Juanjo Oroz, Amets Txurruka eta Mikel Nieve bera sartu dira. Azken bi igoerak falta zirela talde laranjak Mikel Nieveren aldeko apustua egin du Juanjo Oroz aurreko tropeltxoan tiraka jarriaz. Bigarrengo igoeraren lehen kilometroak egin arte Amets Txurrukari tokatu zaio tropeltxoan aukeraketa egitea.

Tropeltxo horretan Luis Leon Sanchez txirrindulari arriskutsua zuten. Cotobelloko igoeran, ordea, Mikel Nievek igoera hasi eta gutxira erasoa jo du eta gainontzeko tropeltxoko kideak atzean utzi ditu, tartean Sanchez. Erritmoari bikain eutsi dio eta faboritoek beraien arteko lehia zutenez, ez da garaipena kenduko zion mugimendu beldurgarririk izan. Helmugan Mikel Nieve tarte handiarekin iritsi da, bigarren Frank Schleck izan baita minututik gorako tartearekin.

Gaurkoarekin 3. etapa garaipena da Euskaltel-Euskadi taldearentzat eta Vuelta honetan 5. euskal garaipena. Txalotzekoa gaur Euskaltel-Euskadik egin duen lana. Eta txalotzekoa Mikel beraren lana, gaurko etapan garaipena lortzeaz gain erorikoa izan aurretik Igor Antoni laguntzeko lanetan bikain aritu baita. Zorionak Mikel!!

Eta beste garaipen bat!

Igor Anton berriro ere liderAurtengo Vueltan Igor Antonek bigarrenez etapa garaipena eta lidergoa eskuratzea lortu du. Ikaragarria izan da gaur lortu duena! Eta gaurkoarekin 4. euskal garaipena 11 etapatan. Sekulako marka euskal txirrindularitzari dagokionez alajaina!

Garaipena ikusita atzo helmugan Igor elkarrizketatu zutenean kazetariari esandako gogoratu du. Atzo helmugaratutakoan Puritori egindako txantxa aipatzen zion kazetariari: “Helmuga pasa ostean Puritori tarteko helmugako gain saria eman ez diotela esan nion eta zurbil geratu zait. Berehala esan diot, ordea, brometan ari nintzela”. Kataluniarrak ikaragarrizko grina erakutsi du aurreko egunetan maillot gorria lortzeko atzoko gain sarien lehian sartzea kasu. Baina gaurkoan lehertu egin da. Seguru atzo Igor Antonek eginiko txantxaz oroituko zela gaurko Andorrako maldetan gora geratu denean ezinak jota.

Igorrek bikain dosifikatu du gaurko igoera eta sari bikaina eskuratu. Nibaliri 45 segundoko errenta ateratzen dio eta Tondori 1’04”koa. Ez da gehiegi, baina errenta polita bai. Ikusi beharko dugu bihartik aurrera ia Euskaltel-Euskadi lasterketako liderraren maillota eramatearen erantzukizunari  nola erantzuten dion.

Azken bi etapak Caisse D’Epargneko bi euskaldunentzat

David LopezGustura izango da Eusebio Unzue. Igandean David Lopezek etapa garaipen bikaina lortu bazuen, gaurkoan Imanol Ervitik lortutakoa ez da gutxiagorako.

10 etapa jokatu dira aurtengo Espainiako Vueltan eta horietako hiru euskaldunek irabazi dituzte. Gainera gaur arte Igor Anton lasterketako lider izan da, baina tarteko helmugako gain sariei esker, Puritok liderraren maillota kendu dio.

Esan bezala, gaur Imanol Ervitiren garaipenarekin 3. euskal garaipena aurtengo Espainiako Vueltan. Gehiago izango direlakoan naiz. Zorionak guztiei!

Haimarrek lortu du Tour de l’Ain irabaztea

Asteartean prologoa irabazi zuen eta horren berri eman genuen. Haimarrek itzuli hau irabazteko aukerak ere aipatu genituen. Azkenean, justu izan bada ere, lasterketa irabaztea lortu du.

Haimarrek RadioShack taldeak berarengan jarritako konfidantza eskertu du. Talde buru ekin zion itzuliari. Prologoan bikain aritu zen eta irabaztea lortu zuen ehunenekoei esker izan bazen ere. Hurrengo egunean lidergoa galdu zuen eta gaur arte, azken etapa jokatu den arte, ez da sailkapen nagusiko lider jarri. Gaur taldeak asko lagundu dio, baina berak ere bikain erantzun du helmugan aurreko multzoan iritsi baita.

Esan bezala, Haimar garaile izan da prologoko ehunekoi esker. Bigarren Poels sailkatu da gaurko etapako garailea, eta hirugarren Moncoutie.

Hau da Haimarrek Euskal Bizikleta 2000an irabazi zuenetik irabazten duen lehen itzulia. Zorionak Haimar!!