Atzo burutu genuen Zestoako Bainuetxean 2007ko Tourreko lehiaketaren sari banaketa. 80 bat lagun elkartu ginen bertan, nahiz eta saritu guztiak ez ziren izan. Ez da harritzekoa, abuztuan sartuta eta irabazleak Euskal Herriko txoko guztietakoak izanda urruti geratu zen Zestoa; batzuentzat besteentzat baino urrutiago. Continue reading “Tropeleko 2007ko sari banaketa Bainuetxean”
Kategoria Artxiboak:Tropela Elkartea
Tropelari lagundu nahi? Erosi kamiseta bat
Duela bi urte egin genuen bezala, aurten ere Tropela Elkarteak kamiseta eder batzuk atera ditu udan janzteko. Kamiseta hauen salmentarekin ateratako diruarekin ditugun gastuak kubritzea dugu helburu: hosting-a, telefono deiak eta abar.
Diseinu aldetik oso ederrak dira eta koloreei dagokienez udarako aproposak, kolore bizi-biziekin. Mutiletan lima koloreko eta laranja koloreko kamisetak dituzue aukeran eta nesken modeloan berriz kamisetak zuriak dira. Guztiek Tropelaren logoarekin jokatuz egindako marrazki bat dute. Mutiletan aurrealdean erdi-erdian doa marrazkia zuri eta beltzez eta nesketan berriz, behealdean doa marrazkia eta berdea eta beltza konbinatzen dira.
Orain artean arrakasta ona izaten ari dira kamisetak. Ea denon artean ea kamiseta guztiak agortzen ditugun!
Kamiseta bat nahiko lukeenak eta bide batez, Tropela Elkarteari laguntzatxo bat eman nahi dionak, bere kamiseta [email protected] helbidera mezu bat bidaliz eska dezake. Bidali zuen datuak, kamiseta modeloa eta talla eta nora bidali behar dugun. Ondoren, ordainketa zein helbidetan egin behar duzuen adieraziko dizuegu eta behin ordainketa bideratu ondoren, etxean jasoko zenukete eskatutako kamiseta.
Kamisetei buruzko informazio gehiago aurki dezakezue kamiseten atalean eta zalantzaren bat izanez gero [email protected] helbidean galdetu eta argituko dizkizuete duda guztiak.
Bestalde, norbait animatuko al litzateke bere denda edo komertzioan Tropela Elkarteko kamiseta hauetako batzuk saltzen? Pres bazaude, bidali email bat goian aipatutako helbidera eta hitz egingo dugu.
Guztion laguntza behar dugu proiektu hau sendotzen joateko. Tropela gustukoa baduzue eta identifikatuta sentitzen bazarate, badakizue, kamiseta zoragarri bat erosiz laguntza ederra eman dezakezue. Eskerrik asko.
Tourrerako erronka!
Aurreko bi urteetan Frantziako Tourrean Tropela Elkarteak antolatu duen lehiaketetan sariak izan dira eta ez nolanahikoak. Bukaerako irabazleentzat babesleek eskainitako sari ederrak izan dira baina guretzat sari horiek adinako balioa dute euskal txirrindulariek beraien izerdiarekin bustitako maillotak eskaintzen dizkigutelako (garbitu ondoren noski!!). Tourreko etapa bakoitzerako gure txirrindulariek eskainitako maillot bat baino gehiago bildu genuen.

Amaieran, iazko argazkian ikus daitekeen bezala, Zestoako Bainuetxean sari banaketa eder bat egin zen eta mahaian Mikel Astarloza eta Iker Leonet txirrindulariak, Kepa Iribar Euskadi Irratiko kazetaria eta Egoitz Lizaso Tropela Elkarteko lehendakaria izan genituen irabazleei sariak banatzen. Nabari den bezala, mahaia euskal txirrindulariek eskainitako maillotez gainezka izan genuen hasieran. Continue reading “Tourrerako erronka!”
Zorionak Tropela osatzen duzuen guztioi!
Gaur ez da edozein egun Tropela Elkartearentzat. Martxoaren 31a hartzen baitugu kideok proiektuaren sorrera egun bezala. Hori duela bi urte izan zen, 2005ean. Zorionak Tropela! Bi urte alajaina!
Tropelaren jaiotza ez zen egun bateko kontua izan. Hilabete bat lehenago, afariren batean ideia horrekin dezente egoskortu ginen. Baina biharamunean dena baztertu beharrean, egunak aurrera zihoazen heinean ideia mamitu eta proiektuari ekitea erabaki genuen. Horrelaxe jaio zen Tropela proiektua eta webgunea.
Euskal Herriko zaletasun handietako bat, txirrindularitza, aitzakiatzat hartuz, teknologia berrietan gure ama hizkuntza kuttunari, euskarari, ate bat ireki nahi genion. Gure hizkuntzaren erabilera esparrua zabaltzeko ahalegin xume bat.
Ideiarekin bete-betean asmatu genuela ez dut zalantzarik. Euskara hutsezko webgune batean, Frantziako Tourreko lehiaketan 3000 partehartzailetik gora izan genituen, Euskal Herri osokoak eta partehartzaileek beraiek eskatuta Espainiako Vueltan ere lehiaketatxoa egin genuen. Continue reading “Zorionak Tropela osatzen duzuen guztioi!”
Urte berri on!!
2007a hasi zaigu, eta Tropelako kideok gabonetako atsedenaren ostean, berriro ere lanari ekiteko gogoz gara, ez zalantzarik izan!
Dagoeneko talde ezberdinak hasi dira beren aurtengo denboraldirako taldekideak aurkezten Euskaltel kasu. Tropelean izango diren txirrindulariak ere ez dira iazko guztiak izango, Laiseka, Chaurreau, … eta Puerto Operazioak sarean harrapatu dituen zenbait. Hori bai, oraindik gauzak ez daude argiturik, baina hori beste baterako utziko dugu.
Webgunean ere aldaketak, edo hobeki esanda, hobekuntzak izango dira. Noski, denak batera ez dituzue antzemango, baina asteak aurrera doazen bezala ikusiko dituzue. Hori bai, norbaitek iradokizunen bat badu zabalik ditugu begiak eta belarriak kontutan hartzeko.
Aurtengoan ere ia euskara, teknologia eta txirrindularitzaz gozatzeko paradarik dugun, guztion partehartzearekin, noski! Abian da Tropela!