Zorionak Tropela osatzen duzuen guztioi!

Gaur ez da edozein egun Tropela Elkartearentzat. Martxoaren 31a hartzen baitugu kideok proiektuaren sorrera egun bezala. Hori duela bi urte izan zen, 2005ean. Zorionak Tropela! Bi urte alajaina!
Tropelaren jaiotza ez zen egun bateko kontua izan. Hilabete bat lehenago, afariren batean ideia horrekin dezente egoskortu ginen. Baina biharamunean dena baztertu beharrean, egunak aurrera zihoazen heinean ideia mamitu eta proiektuari ekitea erabaki genuen. Horrelaxe jaio zen Tropela proiektua eta webgunea.

Euskal Herriko zaletasun handietako bat, txirrindularitza, aitzakiatzat hartuz, teknologia berrietan gure ama hizkuntza kuttunari, euskarari, ate bat ireki nahi genion. Gure hizkuntzaren erabilera esparrua zabaltzeko ahalegin xume bat.

Ideiarekin bete-betean asmatu genuela ez dut zalantzarik. Euskara hutsezko webgune batean, Frantziako Tourreko lehiaketan 3000 partehartzailetik gora izan genituen, Euskal Herri osokoak eta partehartzaileek beraiek eskatuta Espainiako Vueltan ere lehiaketatxoa egin genuen. Euskal txirrindulari profesionalen aportazioa ere ederra izan zen, gehienek beraien elastikoa eskaini baitzuten sarietarako.

Iaz, proiektua sendotzea eta zerbitzua hobetzea lortu genuen: diseinu berria, bloga, tropeltxoak, wap zerbitzua… Guztira 5 lehiaketa antolatu ziren (Euskal Herriko Itzulia, 3 itzuli handiak, Munduko Txapelketa) eta aurreko edizioko erabiltzaile kopuruak erraz gainditu ziren. Bukaerako balorazioa oso positiboa izan zen.

TropeleanDenon artean, Tropela.net euskara hutseko webgune bisitatuenen zerrendan sartzea ere lortu genuen. Emaitza ikaragarriak benetan.

Neguan, hemengo erritmoa jaitsi egiten da, txirrindulari guztiek bezala. Baina txirrindularitza sasoia hasi da eta horrekin batera lehen lehiaketa, etxekoa, hortxe dugu ate joka.

Bart ireki dugu Euskal Herriko Itzulirako izena emateko epea eta zuek, zaletuok, Tropelak jaso zezakeen oparirik zoragarriena eskaini diezue bere bigarren urteurrenean. Ehunka erabiltzaile apuntatuta egun bakarrean eta euskaraz lagunartean txirrindularitzaz gozatzeko prest! Sinestezina!

Denon artean osatutako tropelaren babesean haizeari kontra errazago egingo diogu eta abiadura handiagoa hartu ahal izango du euskarak. Zorionak Tropela!