Tropeleko 2007ko sari banaketa Bainuetxean

Txurruka Pariseko PodiumeanAtzo burutu genuen Zestoako Bainuetxean 2007ko Tourreko lehiaketaren sari banaketa. 80 bat lagun elkartu ginen bertan, nahiz eta saritu guztiak ez ziren izan. Ez da harritzekoa, abuztuan sartuta eta irabazleak Euskal Herriko txoko guztietakoak izanda urruti geratu zen Zestoa; batzuentzat besteentzat baino urrutiago.

Gonbidatuak ere izan genituen. Iaz Iker Leonet eta Mikel Astarloza izan genituen eta aurten Iban Iriondo eta Amets Txurruka Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak ibili ziren sariak banatzen. Gainera azken hau aurtengo Tourrean txirrindularirik lehiakorrena izendatu dute. Ez da harritzekoa Tourrean emandako gerra eta gero! Zorionak Amets! Aurkezle lanetan Kepa Iribar Euskadi Irratiko kirol kazetaria izan genuen, jada hirugarrenez. Gure eskerrik beroenak hirurei gurekin izateagatik.

Ekitaldia 18:35ak aldera hasi zen. Bi euskal txirrindulariei Tourraren inguruko galderak egin zitzaizkien kanpotik eta bertatik nola bizi izan duten jakin asmoz. Ondoren Egoitzek Tropela Elkartearen izenean parte-hartzaileei, euskal txirrindulariei, laguntzaileei eta bertaratutako guztiei eskerrak eman zizkien Tropela iritsi den lekura iritsi bada guztion parte hartzeagatik izan dela gogora ekarriz.

Berehala sari banaketari ekin zitzaion. Sarituak Kepak izenak esan eta oholtzara igotzen hasi ziren Iban eta Ametsen eskutik sariak jasotzeko. Hirurogei saritik gora banatu genituen. Eta sariak banatu ostean, eta hurbildutako guztiei etorri izana eskertu asmoz, luntxa izan genuen.

20:00ak aldera ekitaldia amaitutzat eman zen eta berarekin 2007ko Tourra Tropelari dagokionez behintzat. Eta orain?

Doping kasuak izan direla eta barne eztabaida izan dugu Elkartean. Ideietako bat Espainiako Vueltan lehiaketarik ez antolatzea zen. Azkenean, ordea, gure dinamikarekin jarraitzea erabaki dugu eta lehiaketa antolatzea. Beraz, adi izan. Vuelta irailaren 1ean hasiko da eta kiniela aurretik egin beharko da. Gainera sariak izango ditugu. Zorte on guztioi eta uda on!