Tour hasiera “lehorra”

Tropelaren babesean

Askotan Tourreko ibilbidearekin kexu azaldu izan naiz eta orain arte izan diren etapek arrazoia ematen didatela uste dut. Ez dakit zer deritzozuen zuek baina nik ez dut batere gustuko etapa baten amaiera zein izango den jakiteak. Bai, egia da esprintetan irabazle desberdinak ikusi ditugula baina ni behintzat ez nau asetzen, etapa hasieran ihesaldi bat sortuko dela, tropelak eurekin jolastuko duela eta azkenean sprinta izango dugula jakiteak. Eta egia esateko, esprintak txirrindularitza barruan egon daitekeen ikuskizunik politenetakoa dira baina hortik egunero egunero gauza berbera ikusteak aspertzera narama. Askotan esaten da txirrindularitza oso zale ez den batek bazkal osteko siestak botatzeko baliatzen dituela telebistako emankizunak eta etapa hauek ikusita ez nau harritzen. Nahikoa luke azken 5 kilometroetan esna izatea. Continue reading “Tour hasiera “lehorra””

Bihar Boonen-ek irabazi baietz

Freire garaileHushovd-ek prologoa irabazi zuen sorpresa emanaz, McEwen-ek 2 esprint irabazi ditu eta gaur, Freire izan da azkarrena.

Beraz, argi dago, bihar Tom Boonen munduko txapeldun handi horri tokatzen zaio besoak altxatzea. Juanma Garate taldekideak, berriz ere lan mordoska bat egin beharko du eguneko ihesaldia bertan behera botatzeko (konturatzen al zarete zenbat kostatzen zaion tropelari bizpahiru txirrindulariko ihesaldia bertan behera botatzea?) eta esprintean, liderra, maillot horia nagusituko da. Ez daukat zalantzarik. Gainera gaur bizarra moztu gabe zegoen belgikarra baina bihar ondo afeitatuta irtengo da, bai noski.

Gaurkoari buruz, ez dago ezer berezirik kontatzeko: ihesaldi bat, erorikoren bat eta esprinta. Esprintean Freire espainiarra nagusitu da eta TVE-koei irrifarra atera zaie, asteartean beraien izarra, Valverde, erretiratu ondoren nahiko triste baitzeuden.

Euskaldunak ere pozik egoteko moduan gara Iñaki Isasi (Euskaltel) hirugarren postuan sailkatu baita Freire eta Boonenen atzetik. Sailkapen nagusiko lehen euskalduna, berriz, Egoi Martinez (Discovery), azken kilometroetan erori egin da eta pare bat minutu galdu ditu. Ea erlojupekorako errekuperatzen den. Orain, Haimar Zubeldia da lehen euskalduna. Continue reading “Bihar Boonen-ek irabazi baietz”

Arrieta saiatu den arren, Kessler alemaniarrarentzat garaipena

Kessler pozez gainezkaJose Luis Arrieta gaurko protagonistetako bat izan da. Arrietak eta Unai Etxebarriak, Voigt, Pineau eta Christophe Laurentekin batera ihesaldia harrapatzea lortu dute. 6 minututik gorako abantaila lortu badute ere, Caubergeko azken maldara iritsi aurretik banan-banan irentsi ditu iheskideak tropelak. Aurrean, Arrieta bakarrik geratu da baina donostiarraren ahaleginak alferrikakoak izan dira eta Caubergeko malda tenteetan irentsi dute. Orduan, eraso festa hasi da eta Mathias Kessler-ek (T-Mobile) segundu batzutako abaintalarekin helmugara bakarrik iristea lortu du. T-Mobilekoa gustura zen, atzo azken metroetan kendu zioten garaipena baina gaur ez. Gaur indar erakustaldi aparta eman du.

Sailkapen nagusian lider berria dugu, Tom Boonen (Quick Step). Izan ere tropela zatituta iritsi da eta Hushovdi 7 segunduko aldea atera baitio. Maillot berdea ere, momentuz, berarena da. Continue reading “Arrieta saiatu den arren, Kessler alemaniarrarentzat garaipena”

2. esprinta McEwenentzat

Azken metroakOraingoan bai, oraingoan nahiko esprint arrunta ikusi dugula esan dezakegu, faboritoak beren lekuetan sartu baitira. Nire ustez, tropeleko 3 gizonik azkarrenak Boonen, McEwen eta Hushovd dira eta gaur hiru lehen postuak bete dituzte. Norvegiarrak gaur ere zorte txarra izan du eta azken pedalkadak ematen ari zirenean hanka bat pedaletik atera egin zaio (beharbada gaurko garaileak zertxobait oztopatu dio baina ez da horrenbesterako izan). Azkenean australiarrarentzat etapa eta maillot berdea, atzo ere bikain aritu zelako, Hushovdentzat maillot horia gainsariei esker eta Boonenentzat… Boonenentzat oraingoz ikatza. Halere, gainsariei esker bigarren jarri da belgikarra sailkapen nagusian (eta McEwen hirugarren).

Badirudi, egun hauetan, maillot horiaren borrokan lehia polita ikus dezakegula baina esprinter astun hauei biharko azken aldapa, Cauberg delakoa, ez al zaie gogorregia egingo? Ez al zaizue iruditzen denbora dezente gal dezaketela? Continue reading “2. esprinta McEwenentzat”

Casper garaile, Hincapie lider berria eta Hushovd hospitalera

Hincapie prestu ibili da gaurkoan eta bonifikazioei esker, maillot horiaz jabetu da sprintean amaitu den etapan.Casper

Ihesaldi bat izan da gaurko etapan, 3. kilometroan abiatu dena. 7 kidez osatutako tropeltxo honetan, Unai Etxeberria zen tartean. Hala ere, sprinterrek gaurko etapa irabazteko zuten interesak, etapa amaierarako ihesaldia ezerezean utzi dute eta sprinta jokatu da.

Esan beharra dago sprinta nahiko arraro joan dela, eta askoren ezusterako, Casper frantziarra izan dela azkarrena. Hushovdek, berriz, ezbeharra izan du eta hospitalera eraman dute. Dirudienez, ikusle batek zuen publizitatea duen kartoizko esku ezagun horietako batekin besoan zauritu egin da. Sprinta jokatu ondoren odoletan etzanda izan da helmuga ondoreneko bidean.

Gerard Porte Tourreko mediku ofizialaren hitzetan eta lehen azterketa egin ostean, puntu batzuk beharko dituela argitu du eta lasterketan jarraitzeko moduan izango dela uste duela.

*** tropela.eus ***

Gaurkoan, Zeraingo ibani erabiltzailea izan dugu garaile 347 punturekin. Sailkapen metatuan ehtxok hartu du lehen postua 751 punturekin.