Benetako Tourra hastear!

Gure adituaEzin esan orain arte Tourra hasi gabe zegoenik esprint ederrak ikusteko moduan izan baikara, baina, hala ere, sailkapen nagusirako borrokarik ikusteko modurik ez zuen eskaintzen ibilbideak.

Gaur erlojupeko garrantzitsu batek emango dio borroka horri hasiera. Armstrong eta Ullrich falta dira tropelean, beraz, Tourreko erlojupekoetako irabazle berri bat izan dezakegu gaurkoan, Zabriskiek iazko 19 Km-tako hasierako erlojupekoko garaipena errepikatu ezean. Armstrong estatu batuarra falta izan arren, gaurkoan bere herrikideren batek irabaziko ez balu asko harrituko nintzateke, bertakoak baitira Zabriskie bera, Hincapie, Leipheimer eta Landis txirrindulariak. Estatu batuar hauen artean sartzeko beste txirrindulari batzuren izenak aipatzeagatik Rogers, Evans edo Kloden aipatu beharra dago, ondo daudenean eta euren eguna dutenean, edozein erlojupekotan irabazteko adinako maila dutelako.

Hala ere, ez dut ezer berririk esan izen hauek aipatzean, denen ahotan dabiltzan izenak direlako. Gutxiago aipatzen den eta Tour honetarako izugarrizko konfidantza dudan Karpets aipatu nahiko nuke. Gaurko erlojupekoa irabazteko ez, baina bai ordea, gaur ondo ibili eta mendiko etapetan ere puntan ibiltzeko moduko txirrindularia iruditzen zaidalako. Gainera Valverde taldekidearen menpe ez egoteak bere aukerei gehiago begiratzeko modua emango dio eta egia esateko, ez nuke inondik inora txirrindulari hau begi bistatik galduko.

Zabriskie laneanEz zait iruditzen aipatu diren txirrindulari hauen artean denbora tarte ikaragarririk izango denik. Hauen artean baino interesgarriagoa gerta daiteke mendian aurrean ibiltzeko asmotan diren Mayo, G.Marchante, Rasmussen edo Rujanori atera diezaieketen denbora tartea ezagutzea, diferentzia horiek datozen asteetan Tourra zein modutara korrituko den esango baitigute. Denbora “gutxi” (zenbat da gutxi?) galdu ezkero mendiko etapetan helmugatik kilometro gutxitara egindako ihesaldi saiakerak izango genituzke, tarte handiagoekin berriz eskalatzaileak arriskatu eta urrutitik jo beharrean izango dira.

Interesgarria gaurko erlojupeko hau, ia zer ezusteko ematen digun.