Tour hasiera “lehorra”

Tropelaren babesean

Askotan Tourreko ibilbidearekin kexu azaldu izan naiz eta orain arte izan diren etapek arrazoia ematen didatela uste dut. Ez dakit zer deritzozuen zuek baina nik ez dut batere gustuko etapa baten amaiera zein izango den jakiteak. Bai, egia da esprintetan irabazle desberdinak ikusi ditugula baina ni behintzat ez nau asetzen, etapa hasieran ihesaldi bat sortuko dela, tropelak eurekin jolastuko duela eta azkenean sprinta izango dugula jakiteak. Eta egia esateko, esprintak txirrindularitza barruan egon daitekeen ikuskizunik politenetakoa dira baina hortik egunero egunero gauza berbera ikusteak aspertzera narama. Askotan esaten da txirrindularitza oso zale ez den batek bazkal osteko siestak botatzeko baliatzen dituela telebistako emankizunak eta etapa hauek ikusita ez nau harritzen. Nahikoa luke azken 5 kilometroetan esna izatea.

Gure adituaEz naiz ari aurreneko astean Tourmalet edo Mortirolo bezalako mendateak ipintzeko eskaritan baina bai joko askoz gehiago eman diezaiokeen ibilbideen eskaeretan. Tourrean izan diren etapetatik Valkenburg-en amaiera zuena bakarrik izan dut gustuko eta ez dezatela esan ibilbideak ez zuela gehiagorako ematen, Belgika inguruetan, egin diren etapen aldean, izugarri politak antolatu baitaitezke.

Eman diezaieketela mesedez antolatzaileek buruari eta datozen urteetarako presta ditzatela etapa politagoak, aurreneko astekoak batez ere.