Hermans Green Mountainen etapa garaipena lortzenAskok Flandriako Brabantse Pijl klasikoa irabazi zuenean izan zuten Ben Hermans belgikarraren berri. 2015ean izan zen eta BMC taldearen maillotarekin lortu zuen lehen garaipena izan zen, Matthews eta Gilberten aurretik. Berarentzako mugarri izan zen lorpen hura, eta ordutik bere diziplina talde lana, ehiztari sena eta erlojuaren kontrakoetan lehiatzea izan da.

Pasa den denboraldiaren amaiera aldean Burgosko Itzulian beste jarrera bat erakutsi zuen. Aldapa gora ondo moldatzen dela erakutsi zuen, eta bigarren geratu zen sailkapen nagusian  Contadorren atzetik. Neilako aintziren etapan nabarmendu zen, batez ere. Hori dela eta, Espainiako Itzulian parte hartu zuen Samuel Sanchez eta Van Garderen taldeko liderren luxuzko gregario bezala. Azkenean, bera izan zen taldeko onena bukaerako sailkapenean (14. tokian bukatu zuen), eta txirrindulari lehiakorrena John Darwin Atapumarekin batera. Sasoia ondo bukatu zuen Hermansek, Abu Dhabiko itzulian zazpigarren sailkatuta.

30 urterekin goranzko joera nabarmena hartu du denboraldi berrian, eta hasieratik gainera. Valentziako Itzulian bigarren postuan geratu zen Quintanaren atzetik. Ordea, Omango Tourrean eskaini du orain arteko bere bertsiorik onena. Bi etapa eta sailkapen nagusia eskuratu berri ditu, mendian Aru, Rui Costa eta Bardet atzean utzita. Batez ere, Jebel Akhdar (Green Mountain) bosgarren etapako azken mendatean emandako erakustaldiarekin bereganatu bere ibilbideko lehen astebeteko itzulia.

Hermansen sasoi puntu bikainak zenbait galdera sortzen ditu. Garapenaren eta lan gogorraren emaitza da? Unean uneko lorpen bezala hartu behar da? Astebeteko itzulietan eta egun bateko lasterketetan dena ematera mugatu, edo hiru asteko itzulietan zerbait gehiago egiten tematuko da?

Belgikarrarekin batera pausoa eman duten igotzaile berriak ere nabarmendu dira denboraldi hasieran. Eritreako Kudus (Dimension Data) gazteak inoizko maila onena erakutsi du aldapa gora. 23 urterekin lekua hartu du tropelean eta onenekin aritu da Valentziako eta Omango itzulien mendateetan. Hain zuzen ere, Valentziako laugarren etapan Quintanaren gurpilari eusten bakarra izan zen, baina garaipenak ihes egin zion.

Portugalgo Amaro Manuel Antunes (W52/FC Porto) gazteak ere urratsa egin du aurrera. Algarveko Voltako azken etapa eskuratu zuen, bere abilezia erakutsiz. Garaipenetik gertu ibili ondoren, bere palmaresa estreinatu zuen profesionaletan. Sailkapen nagusian ere ohorezko bosgarren postuan bukatu zuen.

Esloveniako Primoz Roglic (Team LottoNL-Jumbo) da ezustekorik handiena, Hermansekin batera. Bera ere, erlojuaren kontrakoetan eman du zeresana, eta ez nolanahikoa gainera. Pasa den Giroan erlojuaren aurkako 40 kilometroko etapa eskuratu zuen, aitzin etapan bigarren tokiarekin konformatu ondoren. Balentria egin zuen esloveniarrak, eta badirudi bere prestaketa ez duela horretara mugatu. Algarveko itzulian bera izan da erregularrena, eta horrela irabazi zuen.