Italiar belaunaldi berria: zer espero dezakegu?

Ostiral egun batez eta Belfastetik. Hasiera xelebrea, edo zergatik ez, interesgarria, izango du Italiako Giroak. Baina datu horren gainetik, partaidetza bera da agian lasterketaren bereizgarria aurtengo ekitaldian. Zaletu, aditu eta apustulari guztien ahotan Nairo Quintana eta Joaquim Rodriguezen izenak azaltzen dira ia soilik. Bigarren maila batean, baina distantzia dezentera, iazko podiumean izan ziren Rigoberto Urán eta Cadel Evans ditugu. Gauzak honela, lasterketa arrosaz hitz egiten ari garela, galderak argia dirudi: non dira italiarrak?

Esan gabe doa, iazko garaile handia eta itzuli handietarako Italiako erreferente nagusi den Vincenzo Nibali irteeran ez egoteak baldintzatzen du egoera hau. Bere itzala luze ageri da: Ivan Basso aspaldi onenak emanda delarik, eta Michele Scarponi bere enegarren azken apustuaren aurrean, Domenico Pozzovivok har lezake buruzagitzaren lekukoa. Hamar lehenen artean hiru alditan sailkatu ostean, bere aurreneko podiuma izango du jomuga Ag2r-ko igotzaile txikiak.

Domenico Pozzovivo

Ez dirudi beraz etxekoentzat, aldez aurretik behintzat, iragarpenak itxaropentsuenenak direnik, euren lasterketa kuttunaren aurrean gaudela kontuan izanda. Guardia zaharrak (eta bertan Franco Pellizotti, Emanuele Sella eta Giampaolo Caruso ere sar litezke) luze xamar iraun badu ere, azkenaldian ez dirudi onenekin lehiatzeko moduan denik. Pozzovivoren garaikide Damiano Cunegok aspaldi utzi zion faboritoen kinieletan azaltzeari (hiru asteko itzuliei dagokionez), eta hauen ostean, beren dohainak berrestera heldu ez diren txirrindulariz osatutako belaunaldiak ditugu: Stefano Pirazzi, Eros Capecchi, Matteo Rabottini, Gianluca Brambilla edo Dario Cataldoren kasua da; bakoitza bere gorabehera eta itxaropenekin, baina euretako inork gorenera gerturatzeko aukerarik eduki ez duelarik.

Honenbestez, ez da gutxi italiar belaunaldi gazteen artean jokoan dagoena: etxeko lasterketan dir-dir egin eta zaletuen bihotzetan euren izena idazten hastea, eta belaunaldi aldaketa posible horren erreferente bilakatzea, haize berrien beharrean dagoen italiar tropelean. Horretxegatik, txirrindulari multzo horretatik zer espero daitekeen aztertzea interesgarri suertatzen da, bihartik aurrera lehian izango diren gazteetako batzuekin. Hemen gure analisia:

Fabio Aru

Fabio Aru (Astana, 1990): sardiniarra da, zalantzarik gabe, italiarren itxaropen nagusia etorkizun hurbilari begira eta itzulien esparrura mugatuz. Afizionatuetan egin beharrekoak eginda (Aostako Giroko garaipenak leku berezia duelarik), profesionaletan daraman urte t’erdi honetan bilakaera egokia erakutsi du igotzaile modura, bai taldekideentzako lanean (iazko Giroa da adibiderik onena) zein bere aukerak baliatuz. Scarponi eta Mikel Landarekin batera, aldapa gora talderik sendoenetakoa osatuko dute Astanan. Baliteke Aruk bere aukerak probesteko parada izatea.

Francesco Manuel Bongiorno (Bardiani, 1990): Aruk bezalaxe, bigarren denboraldia du profesionaletan. Txirrindulari ausart eta erasokorra, italiar lasterketa txikietan maila aipagarria erakutsi du maldan gora. Bardiani talde lehiakorraren gizon nagusia behar luke errepidea okertu egiten denean.

Mattia Cattaneo (Lampre, 1990): bere aldetik espero zenaren aldean, zerrenda honetatik orain arte maila gorenean gutxien erakutsi duena da seguru asko. Urte t’erdi honetan lasterketa gutxi lehiatu eta bukatu ditu, Giro Bioa irabazi eta Etorkizunekoen Tourrean bi podium zapaldu dituen eskalatzaile baten eskutik espero zitekeen errendimendutik oso urrun. Hasteko, Przemyslaw Niemiec eta Cunegoren alboan txukun lanean ikustea seinale ona litzateke.

Diego Rosa (Androni Giocattoli, 1989): garai batean biker izandakoa, iazko Giroan eman zuen bere burua ezagutzera, eskalatzaile polit baten tankera erakutsiz, eta sailkapen nagusian 23. postu txukuna erdietsiz. Gianni Savioren aginduetara bere dohainei etekinik onena ateratzeko moduan egon daiteke, taldean liderrik izan gabe gainera.

Diego Ulissi

Diego Ulissi (Lampre, 1989): zerrendakoen artean, World Tour mailan finkatuena ezbairik gabe. Txirrindulari eginagoa izanagatik ordea, oraindik bere profila zein den erabat erakustea falta du. Ahaleginak itzuli handietara zuzentzea baino, bere passista veloce ezaugarriak eta errematatzeko erraztasuna hobetsiko dituela dirudi, eta hala, palmaresa etapa garaipenez eta egun bakarreko probez gizentzen ahalegindu. Nolanahi ere, eta ezaugarriak ezaugarri, datozen urteotan munduko onenekin lehian egotera deitua zegoela ziotenak zuzen egon daitezkeela dirudi.

Davide Villella (Cannondale, 1991): iazko italiar afizionaturik onena seguru asko; Aostako eta gazteen Lonbardiako garaipenez gain, profesionaletan stagiaire modura egin zituen lasterketa bakanetan lortutako emaitzak (hirugarren izan zen Sabatini Kopan eta Emilliako Giroan) dira nabarmentzekoak oso. Aurten jada agerraldiren bat egina da (Euskal Herriko Itzulian, esaterako, ihesean ibili eta Mendiko Sailkapena eskuratu zuen). Ikusteke dago bete-beteko eskalatzailea ote den, edo igotzen moldatu bai baina arrakasta bere abiadura puntuaren bitartez lortzen duen horietakoa den. Edonola ere, etorkizunerako beste izen garrantzitsu bat, nahiz eta Giro hau goizegi datorkion bera bezalako debutari bati.

Edoardo Zardini (Bardiani, 1989): Reverberiren bigarren mutilak orain gutxi lortu du bere profesionaletako lehen garaipena, Trentinoko Giroko bigarren etapan maldan gora iheskideak atzean utzi (Pirazzi taldekidea euren artean) eta tropelaren jazarpenari ederki eutsita. Ez du beste zerrenda-kide batzuen sonarik lortu afizionatu mailan, baina kontuak kontu, gertutik jarraitu beharreko beste txirrindulari bat dugu.

Argazkiak: www.cyclingquotes.com / uci2013.shokesu.com / www.cyclingnews.com