Tourreko multzoen azterketa: beste hautagaiak

Zenbat buru, hainbat helburu. Beste hautagaien multzoa zabala da, benetan. Eta helburuak ere, anitzak. Batzuk podiumerako edo are gehiago, irabazteko lehian egoteko asmoz abiatuko dira Passage du Goisetik astebete barru, eta beste batzuk asmo apalagoekin.

Contadorren eta Andy Schlecken pare egoteko intentzioarekin aterako dira Evans, Vinokourov, Kloden, Leipheimer, Basso edo Samuel Sanchez. Eskarmentua sobera dute horiek guztiek (33 urtetik gorakoak dira), baina hain justu,hori aho biko ezpata izan daiteke, Wiggins eta batez ere Van den Broek eta Gesink bezalako ziklista gazteagoak gasolina gehiagorekin irits daitezkeelako azken astera, Alpeetako eta Grenobleko erlojupeko etapa erabakigarrietara. Vinokourov ipurterrea da oso, geldirik egoten ez diren horietakoa, eta sasoian iritsiz gero, puntuak pilatu ditzake edozein etapatan, edozein txokotan. Gainerakoen puntu poltsa betetzen hasteko ziurrenik mendiko etapak iritsi arte itxaron beharko da.

Sailkapen nagusian toki duinaren bila abiatuko da Roche; txirrindulari osoa da, eta azken urteetan hiru asteko lasterketetan txukun aritu da. Podiuma zapaltzeko moduan ez da egongo, ordea, ezusteko handirik ezean. Ezta Hesjedal kanadiarra ere. Eta Tony Martin alemaniarra? Batek daki. Erlojupekoetan erakustaldiak ematen iaioa da, baina Tourrekoa azken aurreko egunean da, eta auskalo nola iritsiko den; indartsu edo indarge. Mendian gorabehera handiak izaten ari da; ikusi beharko erregulartasunari behingoz heltzen dion. Baina mendian kale eginez gero, nago puntu gutxi emango dituela.

Hornerrek, Frank Schleckek, Kreuzigerrek eta Brajkovicek morrontza lanak egin beharko dituzte. Hornerrek eta Brajkovicek lana beltz egin beharko dute Leipheimer eta Klodenen mesedetan; Kreuzigerrek –Giroko zama nabaritu dezake, gainera- Vinokourov izango du nagusi eta Frank Schleckek, anaia bera.

Peter Velits esloveniarra eta Van Garderen estatubatuarra ikasteko asmoz ariko dira Tourrean. Oso gazteak dira biak ur handitan sartzeko, baina bietako batek jantz dezake Parisen maillot zuria, gazteen maillota hain zuzen ere.

Eta analisi hau bukatzeko, Cunego. Zer esan italiarrari buruz? Suitzan aho bete hortz utzi zituen aurkariak aldapa gora, nahiz eta erlojuaren aurkako saioan baldar aritu eta itzulia galdu zuen. Tourrean mendiko etapa asko dago banakako erlojupeko saioa iritsi aurretik. Lampreko italiar ttipia izan daiteke ustekabeetako bat eta puntu sorta polita eman.