Contempolis-Ampo desagertzeko zorian

Contempolis-AmpoTalde honen inguruan dabiltzanak Idiazabal aldera begira ari dira AMPO enpresaren erabakiaren baitan baitago talde kontinentalaren jarraipena esan dutenez. Dakizuen bezala AMPO enpresa ez da unerik goxoena bizitzen ari eta horrek publizitatean inbertsioak txikitzea ere badakar.

Txirrindulari taldeak beste babesle bat ere badu; Murtziako agintariek ere taldea babesten dute eta hori da Contempolis-Ampo taldean Murtziako eta euskal txirrindulariak izatearen arrazoi nagusia. Euskaldun horien artean Mikel Gaztañaga, Aitor Perez, Dionio Galparsoro eta Jabier Etxarri izango lirateke egungo blokean.

AMPOk ezezkoa ematen badu beste babesleren bat bilatu beharko dute UCIk jartzen dituen baldintzak betetzeko, bermeetan oinarritzen diren baldintzak hain zuzen ere. Hurrengo egunetan zerbait jakingo dela pentsatzen da.

Miguel Madariaga jubilatu egin da

Miguel MadariagaMiguel Madariagak jubilatu egingo dela esan du nahiz eta taldeari “lotuta” jarraitzekotan den. 2010erako bere kargu Igor Gonzalez de Galdeanori utziko dio eta bere anaia, orain arte Orbeako zuzendari izan dena, Euskaltel-Euskadikoa kirol zuzendaria izango da. Berarekin batera Gorka Gerrikagoitia eta Josu Larrazabal arituko dira. Hala ere webgunean ez dira aldaketa berri hauek oraindik agertzen.

Dirudienez Galdeanotarrek izango dute taldea zuzentzeko ardura. Badirudi azken urteetako lan moduak jarraipena izango duela. Segur asko azken aldaketa hauek ez dira zaletu guztien gustukoak izango. Zuk zer irizten diozu?

Contador 2010ean Astana taldean

Alberto ContadorSaltsa pixka bat sortarazi du Pintoko txirrindulariak urte amaiera honetan hurrengo urteari begira. Hasiera batean bazirudien taldea utzi behar zuela kontratua bertan behera utzita, baina azkenean ez da hala izan.

Azken egunotan aurre-kontratua sinatu zuten bi aldeek. Aurre-kontratu honetan Contadorrek kontratua ez hausteko hiru baldintza jarri zituen: UCIko lizentzia mantentzea, kode etikoa betetzea eta dopinaren aurkako taldeko barne araudia betetzea. Garrantzizkoena, eta objektiboena aldi berean, UCIren lizentzia zen. Astanak atzo zuen lizentzia berritzeko aurkeztu beharreko dokumentazio guztia aurkezteko epe-muga. Urte hasieran izandako diru ordainketa ezak UCIk lanak asko zaildu dizkio talde kazakhstandarrari , baina atzo baieztatu zen lizentzia mantenduko zuela.

Horren aurrean Contadorrek taldean jarraituko duela publiko egin du. Kontratu hau bi urterako izango da eta urte bakoitzeko 4 milioi euro jasoko ditu. Diru horretaz gain, Specialized bizikleta etxearekin beste akordio bat sinatu berri du etxe honetako bizikletak erabil ditzan. Akordio hau 700.000€-koa da. 4,7 milioi euro, beraz, dakigula Contadorrek 2010ean jasoko dituenak. Negoziaketak borobil irten zaizkiola esango nuke; berdin pentsa al dezakegu kirol arloari dagokionez?

Argazkia: www.albertocontador.com

Haimar Zubeldia ere Armstrongen taldera

Haimar ZubeldiaAmstrongek Radio Shack talde berria osatzera zihoala esan zuenean, denboraldi amaieran Haimar Zubeldiak Armstrongen taldera joan nahi zuela esan zuen. Kontu, ordea, ez zen hain erraza Astana taldearekin 2 urteko kontratua sinatua baitzuen eta zail zirudien talde aldaketa gauzatzea. Zalantzak izan ditugu gaur arte, baina gaur guztia argitu da. Radio Shack talde berriak bere taldearen berri eman du eta Haimar Zubeldiaren izena zerrendan azaldu da Markel Irizarrenarekin batera.

Bi euskaldun izango ditugu, beraz, 2010ean Radio Shack taldean, Armstrong txirrindulari mediatikoa eta Bruyneel zuzendari ezaguna dituen taldean. Astana taldean, berriz, Contador eta Vinokourov izango lirateke geratzen diren txirrindularirik ezagunenak. Badirudi taldea hanka motz geratzen dela Haimar bezalako txirrindulari bat kenduta. Egoera honen aurrean talde kazakhstandarrak fitxaketa berriren bat egin beharrean izango da. Horien artea David Herrero bilbotarraren zurrumurrua zabaldu da. Ez da, ordea, bakarra izan; zenbait iturrik Contadorrek hurrengo urterako Basso italiarra aldamenean izan nahi duela esan baitute eta zentzu horretan lanean ari omen dira.

Nire ustez Haimarrek zentzuzkoena egin du. Astana taldea galdera ikurrez jositako talde bat da oraindik (gogora dezagun ordaindu gabe izan zirela denboraldi hasieran, babesleekin arazoak, oraindik UCI lizentzia berritzeko…). Radio Shackek, berriz, talde berria izanik ere, Armstrongek duen erakarpen indarrari esker babesleak erraz inguratzen ditu. Kirol arloan ere zuzendariarengandik hasita, talde bikaina bildu dute zalantzarik gabe: Klöden, Leipheimer, Popovych, Steegmans… besteak beste.

Seguru Contador zaleen artean honek zeresana emango duela. Badakizue, aurten Armstrong-Contador binomioak egunkari asko bete ditu eta horri tiraka jarraitzeko aitzakia bikaina izango da usurbildarraren erabakia horientzat.

Oraindik ere errepideak txirrindulariak eramaten ditu

Orsani. 2009an italiako erlojupeko junior txapelduna

Gaur Anthony Orsani txirrindulari italiar gaztearen heriotzaren berri izan dugu. Orsanik 18 urte bete berri zituen eta erlojuaren kontrako egungo Italiako txapelduna zen. Baina askori gertatu bezala, atzokoan kotxe batek aurretik eraman eta heriotza eragin zion kolpea jaso zuen. Emandako argibideen arabera, harrapatu zuen kotxeak kontrako norabidean zetorrela bete betean jo omen zuen. Oraindik bizirik zela ospitalera eraman zuten baina bertan egoerari aurre ezinda izan ziren medikuak eta istripua jasan eta ordubetera hil zen gazte italiarra.

XXI. mendean gaude eta horrelakoak oraindik gertatzen dira. Bai eliteko txirrindularien artean, baita asteburuetan txirrinduan ibiltzen diren zale guzti horien artean. Garbi dago errepidera bizikletaz ateratzea bizi arriskuan jartzea dela eta horren aurrean erreflexionatu beharra dagoela dela iruditzen zait, bai administrazio publikoak baita gidariok ere.

Argazkia: www.bikenews.it