Landaluzek EPOa hartu izana onartu du

Iñigo Landaluzek positiboa EPO CERArekinGaur jakin arazi denez, Iñigo Landaluzek aurten ekainak 7an Dauphiné Libéréko etapan eta 9 egun beranduago eginiko bi analisietan. Dirudienez lehenago ere txizaren dentsitatean aldaketak nabaritu zizkioten analisi egileek, baina ez omen ziren ezer ziurtatzeko modukoa. Gogora dezagun 2005ko Dauphiné Libéré berak irabazi zuela.

Kontuak kontu, Getxoko txirrindulariak onartu egin du hala izan dela eta 34 urte beteak dituela kontutan izanda, txirrindularitza profesionalari agur esango diola argi dago. Mamu beltzak, beraz, talde laranjara ere iritsi dira. Kezkatzen hasi behar ote dugu?

Cavendish geldi ezina

Cavendish. 11. etapan garaipena1, 2, 3 eta gaurkoarekin 4. garaipena lortu du Cavendish esprinterrak aurtengo Tourrean. Bazirudien azken metroetako aldapatxoak bere ohiko abiadurarentzat oztopo izango zela eta Hushovd edo Freire bezalako txirrindulariei mesede egingo ziela, baina ez da hala izan. Honenbestez 4. etapa garaipena eta iazko marka berdintzea lortu du Tourraren ekuadorrera aurkitzen garen honetan.

Gaurko etapak ez du bere bizikorik eskaini. Espero bezala ihesalditxo bat osatu da, baina bikotea izaki, garaipenetik urrun geratzera kondenatuak zeuden. VanSummeren eta Sapak osatutako tandemak etapa hasieratik egin du aurrera. Tropelarekiko tarterik handiena Côte de Perreusen izan dute eta 4’35”ekoa izan da. Beraz, esan daiteke tropela kezka handirik gabe eta lan handirik egin beharrik gabe aritu dela gaurkoan ihesaldia kontrolpean izateko. Azken 6 kilometroetara iristean, ihesaldiak esprinterrei utzi die lekua. Columbia-HTCko kideek ohi bezala lagunduta, Cavendishek aldapatxoari ere aurre egin ahal izan dio garaipenaren bidean. Atzetik Farrar, Hutarovich, Freire eta Hushovd izan ditu. Gaurko garaipenarekin bai, eta ez atzo nahastu nintzen bezala (eskerrik asko zuzenketarengatik), Cavendishek maillot berdea berreskuratu du.

Maillot zuri-gorria

Zerbait gehiago kontatzeko gaurko etaparen inguruan, mendiko maillota eskuratzeko pankarta puntuagarrietan izan den lehia plazaratu nahiko nuke, Côte de Perreusen izan dena hain justu. Dakizuen bezala Egoi Martinez Euskaltel-Euskaldiko txirrindularia Pirinioetako ihesaldiari esker maillot zuri-gorriaren jabe da eta badirudi Pariseraino eramateko jokabidearekin dela talde laranja. Aipatutako mendate puntuagarri honetan, 3. postua zegoen jokoan eta Egoi Martinez, Pellizoti eta Moncoutiek esprinta jokatu dute puntu bat jasotze aldera. Azkenean italiarra gailendu da esprint horretan. Ez dakit puntu batek zenbateraino merezi duen jokatzea, baina argi dagoena da Egoi Martinezek eta bere taldeak lan latz egin beharko dutela Pariseko etapan mendiko maillotarekin izatea nahi badute, batez ere Pelizzotti bezalako batek maillot horren interesa era honetan ager arazi badu.

Irratirik gabe ere Cavendish nagusi. Sorpresarik ez, beraz

Cavendish. 10. etapan garaipenaASOk aurtengo Tourrean esperimentua egin nahi zuen eta txirrindulari profesionalak irrati bidezko komunikazioak galarazita lehiatzera behartuta zeuden. Zenbait txirrindulariren protesta artean, gaurko etapa aurre ikusitako gidoiari jarraiki jokatu da nahiz eta irratirik gabe izan.

Garbi zegoen esperimentatzen hasita ezin zela Pirinioetako edo Alpeetako etapa erabakigarriren bat aukeratu eta aurtengo edizioko lehena gaurkoa izan da. Aurrez esan genizuen bezala, hurrengoa ostiralean jokatuko dena izango da, eta han bai, beharbada, zer esan gehiago emango du irratiak. Gaurkoan ez bahintzat, eta ederki ezagutzen genuen gidoia beta da azken une arte garbi ez bazegoen ere.

Etapa hasieratik Vaugrenard, Dumoulin, Hupond eta Ignatiev-ek eguneko ihesaldia osatu dute. Tropela, aldiz, lasai zen eta momentu oro ihesaldia kontrolpean izan dute Voeckler-en eman zuen ezustekoaren oroitzapena gogoan. Ez da zalapartarik izan tropelean eta egia esan tentsio unerik ere ez. Atseden eguna atzokoa bazen ere, gaurkoa jarraipena izan dela esan daiteke. Antolatzaileen aurre ikusten zuten denborarik luzeenean ibili da tropela gaurko lasaitasunaren erakusgarri.

Azken kilometroetan zirela minutu t’erdiko aldea zuten iheslariek. Atzean esprinterren taldeak antolatu dira tropelari abiadura emateko eta orduan laukoteak ere erritmoa bizitu du. Bazirudien ezustekoa emateko moduan izango zela laukotea, baina ez da hala izan. 2 kilometro eskasen faltan iheslariak tropelak irentsi ditu eta Martin, Hincapie eta Columbia-HTC taldeko txirrindulariek ederki bideratu diote esprinta Cavendishi. Honek, ohikoa duen bezala, ez du hutsik egin eta aurtengo edizioko hirugarrena poltsikoratu du. Hushovd eta Farrar izan dira ingelesari gehien hurbildu zaizkien esprinterrak. Garaipen honi esker, beraz, Cavendishek maillot berdea berreskuratzetik 6ra geratu da.

Pirinioei agur!

egoiPasatu dira bada Tourrean urteetan zehar hain ospetsu egin diren Pirinioak. Aspalditik aipatua genuen aurtengo ibilbidea zeharo kaskarra zela eta horrek, txirrindularien jokabidearekin batera, ikusi ditugun Pirinioak ikustera eraman gaitu. Pentsatu nahi dut, Preudhommek datorren urterako kontutan hartuko duela hau eta ganorazko ibilbideetan pentsatzen hasia dela jada. Ibilbideak laguntzen duenean ere lanak izaten dira oraingo txirrindulariak mugitzeko… ibilbide honekin mugituko direla pentsatzeko.

Hiru mendiko etapetako garaileak Brice Feillu, Luis Leon Sanchez eta Pierrick Fedrigo izan direla esatearekin nahiko dela uste dut izan duten maila isladatzeko. Lerro hauetatik belarri tirakada bat emateko aprobetxatu nahi nuke, bai antolatzaileei, bai txirrindulariei (edo heuren zuzendariei).

Astanak bere nagusitasun haundia erakusten jarraitzen duen arren, mugimendu gehiegi saihestu beharrik gabe izan da. Honen harira, leku bat baino gehiagotan ari naiz irakurtzen askotan proposatu izan den gai bat: 9 txirrindulariko taldeak izatetik, 7 txirrindularikoetara pasatzea. Honek, talde baten nagusitasun osoa modu batera edo bestera pixka bat bada ere ekidingo luke eta gainera Tourrean talde gehiago ikusteko aukera emango liguke, zenbat eta talde gehiago izan, lehiakortasuna haundituko litzatekeelarik.

Euskal txirrindularien partetik, larunbateko Mikel Astarlozaren lan ona aipatu behar eta atzokoan Amets Txurrukaren lanaren bitartez Egoi Martinezek lortu zuen mendiko mailota. Garateren lana ere benetan aipatzekoa, ihesaldian indartsuenetako bat bezala agertu ondoren, tropelean Freireren mesedetan azken momenturarte lan ikaragarrian ibili zelarik.

Tourreko antolakuntzak lortu nahi zuena lortuko duela ematen du, azken momentu arte sailkapen nagusia estu mantentzea. Dena dela, moduak eta moduak daude azken egunetara sailkapen estuarekin iristeko eta ziur naiz aurtengo hau ez dela izango zaleen artean gustukoena. Alpeen zain egotea geratzen zaigu. Hor badira hobeto planteatutako etapa profilak, beraz esperantzarekin jarraitzea besterik ez zaigu geratzen.

(Argazkia: Sirotti)

Hau al da gustatzen zaigun txirrindularitza?

Astana taldeaEtapa bere osotasunean jarraitzeko modurik izan ez badut ere, ikusi dudan apurrak, sailkapenei emandako begiradatxo bat eta foroetan jendearen hitzak irakurtzea nahikoa dut, gaurkoan ere, itzuli handietako mendiko etapa lotsagarri bat ikusi dugula aipatzeko. Iheslariei 15 minuturainoko tartea hartzen uzten dion tropelak berak erakusten du lehiarako zuen gogoa, edo hobeto esanda, gogo eza.

Hainbeste eta hainbeste zale izaten da mendiko etapen zain, bertan hau eta hura gertatuko den esperantzan eta azkenean, 10 etapetatik 1 izaten baldin bada ikusteko modukoa, gustura. Izan ere, nahi duzuena esango duzue baina txirrindularitza ikaragarri gustatu behar da gaurkoa bezalako etapa bat ederra izan dela kontsideratzeko.

Eta txarrena dena da, espero nuela gaurkoa. Ulertzen dut Astana taldearen jokaera, tropela kontrolatuta eraman azken kilometroetaraino, bertan talde liderrak denbora pixka bat sartzen saiatzen delarik. Izan ere, Tourrean erakusten ari den nagusitasun hau, azken urteetako Tourretan askotan ikusi izan dugu, eta ezagunak dira baita ere estrategia horrekin lortu izan dituzten emaitza bikainak, beraz, Astana taldearen jokaera, bikaintzat jo beharrean naiz. Baina non dira beste guztiak? Tourra irabaztera etorri al dira? zerren zain daude? egia da ibilbideak ez duela gehiegi laguntzen, baina horrexegatik, dauden aukera apurrak aprobetxatzen saiatu behar luketenen izen pila datozkit burura.

Sekula baino arrisku gehiago ikusten dut ihesaldietan ateratako denborarekin sailkapen orokorrean aurrean amaitu dezaketen txirrindulariak ikus ditzakegula Parisen. Gaur eta biharko etapak ere horretarakoxe aproposak dira eta tropelak berriro ere gogo ez hori erakusten badu, izango dira sailkapenean aurrean sartu eta hortik kentzen kostatuko zaienak.

Espero dezagun gelditzen diren etapetan beste ikuskizun bat ikustea. Dena den, nahiko ezkor nago alde horretatik, ibilbideak, Le Grand Bornand-eko etapak izan ezik, ez baitu gehiegi laguntzen. Ea zer erakusten diguten txirrindulariek. Bitartean, “mozolo” batzuk Tourra ikusten jarraituko dugu hala ere.

Argazkia: ASO B.Bade