Pirinioei agur!

egoiPasatu dira bada Tourrean urteetan zehar hain ospetsu egin diren Pirinioak. Aspalditik aipatua genuen aurtengo ibilbidea zeharo kaskarra zela eta horrek, txirrindularien jokabidearekin batera, ikusi ditugun Pirinioak ikustera eraman gaitu. Pentsatu nahi dut, Preudhommek datorren urterako kontutan hartuko duela hau eta ganorazko ibilbideetan pentsatzen hasia dela jada. Ibilbideak laguntzen duenean ere lanak izaten dira oraingo txirrindulariak mugitzeko… ibilbide honekin mugituko direla pentsatzeko.

Hiru mendiko etapetako garaileak Brice Feillu, Luis Leon Sanchez eta Pierrick Fedrigo izan direla esatearekin nahiko dela uste dut izan duten maila isladatzeko. Lerro hauetatik belarri tirakada bat emateko aprobetxatu nahi nuke, bai antolatzaileei, bai txirrindulariei (edo heuren zuzendariei).

Astanak bere nagusitasun haundia erakusten jarraitzen duen arren, mugimendu gehiegi saihestu beharrik gabe izan da. Honen harira, leku bat baino gehiagotan ari naiz irakurtzen askotan proposatu izan den gai bat: 9 txirrindulariko taldeak izatetik, 7 txirrindularikoetara pasatzea. Honek, talde baten nagusitasun osoa modu batera edo bestera pixka bat bada ere ekidingo luke eta gainera Tourrean talde gehiago ikusteko aukera emango liguke, zenbat eta talde gehiago izan, lehiakortasuna haundituko litzatekeelarik.

Euskal txirrindularien partetik, larunbateko Mikel Astarlozaren lan ona aipatu behar eta atzokoan Amets Txurrukaren lanaren bitartez Egoi Martinezek lortu zuen mendiko mailota. Garateren lana ere benetan aipatzekoa, ihesaldian indartsuenetako bat bezala agertu ondoren, tropelean Freireren mesedetan azken momenturarte lan ikaragarrian ibili zelarik.

Tourreko antolakuntzak lortu nahi zuena lortuko duela ematen du, azken momentu arte sailkapen nagusia estu mantentzea. Dena dela, moduak eta moduak daude azken egunetara sailkapen estuarekin iristeko eta ziur naiz aurtengo hau ez dela izango zaleen artean gustukoena. Alpeen zain egotea geratzen zaigu. Hor badira hobeto planteatutako etapa profilak, beraz esperantzarekin jarraitzea besterik ez zaigu geratzen.

(Argazkia: Sirotti)