Hau al da gustatzen zaigun txirrindularitza?

Astana taldeaEtapa bere osotasunean jarraitzeko modurik izan ez badut ere, ikusi dudan apurrak, sailkapenei emandako begiradatxo bat eta foroetan jendearen hitzak irakurtzea nahikoa dut, gaurkoan ere, itzuli handietako mendiko etapa lotsagarri bat ikusi dugula aipatzeko. Iheslariei 15 minuturainoko tartea hartzen uzten dion tropelak berak erakusten du lehiarako zuen gogoa, edo hobeto esanda, gogo eza.

Hainbeste eta hainbeste zale izaten da mendiko etapen zain, bertan hau eta hura gertatuko den esperantzan eta azkenean, 10 etapetatik 1 izaten baldin bada ikusteko modukoa, gustura. Izan ere, nahi duzuena esango duzue baina txirrindularitza ikaragarri gustatu behar da gaurkoa bezalako etapa bat ederra izan dela kontsideratzeko.

Eta txarrena dena da, espero nuela gaurkoa. Ulertzen dut Astana taldearen jokaera, tropela kontrolatuta eraman azken kilometroetaraino, bertan talde liderrak denbora pixka bat sartzen saiatzen delarik. Izan ere, Tourrean erakusten ari den nagusitasun hau, azken urteetako Tourretan askotan ikusi izan dugu, eta ezagunak dira baita ere estrategia horrekin lortu izan dituzten emaitza bikainak, beraz, Astana taldearen jokaera, bikaintzat jo beharrean naiz. Baina non dira beste guztiak? Tourra irabaztera etorri al dira? zerren zain daude? egia da ibilbideak ez duela gehiegi laguntzen, baina horrexegatik, dauden aukera apurrak aprobetxatzen saiatu behar luketenen izen pila datozkit burura.

Sekula baino arrisku gehiago ikusten dut ihesaldietan ateratako denborarekin sailkapen orokorrean aurrean amaitu dezaketen txirrindulariak ikus ditzakegula Parisen. Gaur eta biharko etapak ere horretarakoxe aproposak dira eta tropelak berriro ere gogo ez hori erakusten badu, izango dira sailkapenean aurrean sartu eta hortik kentzen kostatuko zaienak.

Espero dezagun gelditzen diren etapetan beste ikuskizun bat ikustea. Dena den, nahiko ezkor nago alde horretatik, ibilbideak, Le Grand Bornand-eko etapak izan ezik, ez baitu gehiegi laguntzen. Ea zer erakusten diguten txirrindulariek. Bitartean, “mozolo” batzuk Tourra ikusten jarraituko dugu hala ere.

Argazkia: ASO B.Bade