Puntuak aztertzen: Ezusteko gutxi (I)

EH Itzulia 2009. podiumaOraingo honetan Euskal Herriko Itzuliaren azterketa lehiaketaren ikuspuntutik egin nahiko nuke. Joko guztietan bezala, Tropela.net lehiaketetan ere bi motako parte hartzaileak izan ohi dira. Arriskatzen dutenak eta segurura jokatzen dutenak. Beno, gero ideiarik ez dutenak ere badaude, toki guztietan bezala eta gainera denborarik dedikatu gabe Tropelaren aurrealdean ibili nahi izaten dute.

Hemen ez dago misterio gehiegirik, ordea, aurrealdean ibiltzeko txirrindularitza gertutik jarraitzea komeni da. Aurreko lasterketen emaitzak jarraitu, iazko lasterketa gogoratu, ziklisten forma punttua zaindu eta aukeraketa buruarekin egin, lasterketaren garapena nondik nora joango den imajinatuz. Hori bai, Tropelako 5.000 erabiltzaileen artean lehenengoetakoa izateko, guzti horretaz gain, lasterketako ezustekoa zein izango den ere asmatu behar da. Eta horretarako zorte apur bat, edo dezente, ere behar izaten da.

Beraz, irabazi nahi duenak, guztia asmatu behar izaten du, arriskurik gabeko ziklisten aukeraketan eta lasterketa horretako ezustekoak zein izango diren. Ikus dezagun multzoz multzo zer egin behar zen aurtengo Euskal Herriko Itzulian Tropelean lehen postuetan ibiltzeko: (txirrindularien puntuazioak ikusteko sakatu hemen eta hauen aukeraketak ikusteko sakatu hemen)

HAUTAGAI NAGUSIAK

Hautagaiek puntu asko lortu ohi dituzte eta aurten ere horrela izan da, beraz, Tropeleko buruan ibili nahi zuenak multzo honetan guztiak asmatu behar zituen.

1. Alberto Contador 871
2. Samuel Sanchez 735
3. Antonio Colom 564
4. Luis Leon Sanchez 505
5. Cadel Evans 383
6. Damiano Cunego 255
10. Robert Gesink 203
53. Frank Schleck 5
61. Carlos Sastre 2

Contador (%96) ia guztiok genuen, eta Sancheztarrak (Samuel (%76) eta Luis Leon (%58)) ere gehiengoaren gustukoak ziren. Hauen alde apustu egitea segurutik jotzea zen eta horrela izan da. Baina aukeratu behar zen laugarren ziklista, Toni Colom zen eta hau jende askoz gutxiagok aukeratu du (%11). Jendeak nahiago izan du Cunego (%54), Cobo (%34) eta Evansen (%26) alde egin. Baina puntuen sailkapenean ikus dezakezuen bezala, hauek askoz puntu gutxiago lortu dituzte, Gesink-ekin batera (%6). Cobok, duela bi urteko garaileak (1.071 puntu), aurten ez zuen ezer egin. Eta berau, Kirchen (%7), Dekker (%3), Sastre (%4) edota aipatu ez ditugun Schleck anaietako bat (Frank %15 eta Andy %9) aukeratu zutenek kale egin zuten eta irabazteko aukerarik gabe geratu ziren.

EUSKALDUNAK

Puntuei dagokionez, euskaldunak inoiz ez dira puntu asko aterazaleak  izan, eta aurten ere bide hori jarraitu dute. Lau euskal ziklistak soilik lortu dute punturen bat.

11. David Lopez 189
16. Egoi Martinez 148
47. Gorka Verdugo 10
62. Iñaki Isasi 2

David Lopez. Itzuliko lehen euskaldunaDavid Lopezek lehen euskaldunaren 100 puntuak poltsikoratu zituen erlojupekoari esker eta Egoi Martinezek tarteko helmugen sailkapena irabazteak ematen dituen beste 100 puntu eraman zituen zakura. Kiniela on baterako bi hauek izatea beharrezkoa zen baina hauekin besteekiko diferentziak egitea ezinezkoa zen jendeak gehien aukeratutako 4 ziklisten barruan baitzeuden. Erabiltzaileen lau gustukoenak hauek izan ziren: Egoi Martinez (%83), Juanma Garate (%73), Ruben Perez (%52) eta David Lopez (%48).

Beraz, esan daiteke multzo honetan ezustekorik ez zela izan eta sorpresa izatekotan Garate eta R.Perez-en puntu eskasia izan zela harritu gintuena.

(jarraituko du)

Argazkiak: diariovasco.com