Herreroren garaipen ederra!

David HerreroAurreko egunetan erakutsi zuen bai garaipen goseak jota zebilela bizkaitarra; aurreko bi etapatan hirugarren postuan sailkatu eta gero, Vianako helmugan bera izan da lehena gaurkoan. Garaipen handia, batez ere ikusita nortzuri gailendu zaien: Bettini eta Luis Leon Sanchezi hain juxtu.

Gustora azaldu da Karpin-Galiziako txirrindulari euskalduna komunikabideen aurrean. Dagoeneko helburua lortu duela zioen. Izan ere gogoratu beharra dago Karpin-Galizia ez dela ProTourreko taldea eta gonbidapen bati esker dagoela itzulian.

Baina Herrerok guztia eman al du? Ez dakit ba! Ez da ahaztu behar erlojuaren aurkako txirrindulari aparta dela eta beharbada kontuan hartu beharko genukeela larunbateko etapari begira. Egia da Orioko erlojupekoko ibilbidea ez dela bere ezaugarrietarako aproposena, baina ezustekoren bat eman dezakeelakoan nago. Hori bai, ez dut uste itzulia irabazteko bestekoa izango litzatekeenik, baina bai beharbada podiumean sartzeko.

Erakustaldi aparta ematen ari da David, zalantzarik ez. Baina ez al zen ba Euskaltel-Euskaditik alboratua izan maila ematen ez zuelako? Niri behintzat zer pentsatua ematen dit.

Argazkilaria: cyclinginside.com

Iparraldeko Kanpainaren fase erabakiorra: 2. astea

Paris-Roubaix 2007Iparraldeko Kanpainaren aurreneko asteak historia belikoaren orriak elikatu ditu. Garaileak eta garaituak izan ziren La Pango hiru egunetan eta, batez ere, Flandesko Tourrean. Muinoetan gertatutako guduak ikustekoak izan ziren, eta azkenean Devolder Quick Step dibisioko flandestarrak bere eskutan zuen morteroa hartu eta geratzen zitzaion azkeneko lehergaia piztu zuen. Bai eta helburuan bete-betean asmatu ere. Boonen kapitainaren laguntzak ere izan zuen zerikusirik bere garaipenean.

Baina ez dago atzera begiratzeko betarik. Azkeneko bateria hotsak aste honetan entzungo dira. Asteazkenean Gent-Wevelgem lehiatuko da, eta igandean, guda klasiko guztietan ezagunena, Paris-Roubaix, Iparraldeko Infernua.

Gent-Wevelgem asteko anaia txikia da. Ez dauka beste bi monumentuen sonarik, baina edozein txirrindularik bere palmaresean nahi lukeen lasterketa da. 209 kilometroko ibilbidean, harbide eta muinoen kopurua murritzagoa da, baina haizeak izaten duen eragina dela eta (Flandeseko kosta inguruetatik iragan izan baita lasterketa), lasterketan bakanduak izaten ziren. Hala ere, aurten antza denez proba ez da kostatik pasako. Hortaz ikusi beharko da Kemmelberg-en (igoera gogorra eta jaitsiera arriskutsua duena, nahiz eta aurten antolakuntzak neuriak hartu dituen segurtasuna hobetze aldera) azkeneko pasaeraren ostean geratuko diren 37 kilometroak gehiegi ez ote diren izango bertan nabarmentzen direnak helmugara bakarrik iristeko.

Hautagaien zerrenda definitzea ez da erraza bestalde, probak nondik joko duen aurrikustea bezain zaila baita. Hasiera batean harbide eta muinoetan ongi moldatu eta abiadura punta duten txirrindulariek dezente dute irabazia, baina noski, halako asko izango dira: Hushovd, Freire, Pozzato, Steegmans, Cooke, Rojas, Weylandt, Van Avermaet, Chicchi,… Bete-beteko esprinterrak ere izango dira (Cavendish, McEwen, Greipel “gorila”,…) hortaz estrategia ezberdinak planteatuko direla esan beharrik ez da. Ez da ahaztu behar dena den Devolder eta Boonen bertan izango direla, nahiz eta ikusi beharko den zein intentziorekin aurkezten diren Ganteko irteeran. Zoritxarrez, egongo ez dena iazko garailea da, Burghardt, neguan izan duen lesioaren berreskuratze fasean baita. Gainera, euskaldunok behingoagatik esperantza txiki bat izango dugu, Koldo Fernandez de Larrea klasiko honetan izango baita. Continue reading “Iparraldeko Kanpainaren fase erabakiorra: 2. astea”

Hasi da 2008ko Euskal Herriko Itzulia

Hasi da, bai, 2008ko Euskal Herriko Itzulia. Eta nola hasi ere!!

Egoi Martinez eta Iban Mayoz ihesiContadorrek tropeleko sendoena dela erakutsi digu. Lehenengo egunetik 8 segundu atera ditu faborito guztiak atzean utzita. Pena Egoi Martinez eta Iban Maiozek egindako ahaleginak etapa garaipenik eman ez izana. Behintzat mendiko eta helmuga tarteko mailotak lortu dituzte hurrenez hurren.

Baina ez da hori gaurko berri bakarra. Tropelean, eta tropela.eus webguneaz ari naiz, 3500 baino kiniela gehiago egin dira aurten, iazko 1900 kinielak ia bikoiztuz! Hainbestekoa izan da gorakada, asko konturatuko zineten bezala webgunearen erantzun gaitasuna murriztua suertatu dela. Hori dela eta gure zerbitzariak erantzun mantsoagoa eman du eta denboran nabarmen kosta izan zaio datuak bistaratzea. Dirudienez ez da izan erabiltzaile kantitateagatik, kantitate hori oso denbora gutxian izateagatik baizik. Kontuak kontu, badirudi gauzak hobetu ditugula, baina hala ere hurrengo lehiaketarako era honetako eragozpenik izan ez dadin neurriak hartuko ditugu.

Tropeleko lehiaketari dagokionez, Zeraingo kadentzia izan da etapako garailea, 2008ko gure lehen garailea. 2008ko Euskal Herriko Itzuliko lehiaketarako ez dugu etapako saririk, baina lehiaketa amaieran izango direla aurreratzen dizuet. Oraindik sarien atalean jarri ez baditugu ere, hurrengo egunetan ikusgai izango dira.

Denok hainbeste espero genuen lehen lehiaketa hasi da. Asko gara momentu honen zain izan garenak eta ia gozatzeko aukera izaten dugun. Hasiera interesgarria izan da; horrela jarraituko al du hurrengo egunetan? Ia ba!!

Zorterik onena opa dizuet Tropela zale guztioi! Onenak irabaz dezala!!

Argazkia: diariovasco.com

Iparraldeko Kanpainiaren fase erabakiorra: 1. astea

Flandeseko klasikoen garaia puntu gorenean sartua da jada. Datozen bi asteotan txirrindularitzak bizi dituen festa egun handienetako bi bizitzeko aukera izango dugu: Flandeseko Tourra eta Paris-Roubaix. Harbide gainean egiten diren lasterketak gogoko dituztenek galtzerik ez dituzten zitak.

Koppenberg igotzen 2006anHori bai, Iparraldeko Kanpainiako fase erabakior honetako aurreneko astea hiru egunetako lasterketa batekin hasiko da gaur, La Panne-go hiru egunekin hain zuzen. Formatua urtero berdintsua izan ohi da. Aurreneko bi etapetan igandean De Ronde handian igaro beharko dituzten hainbat aldapa edo berg igoko dituzte. Gaurko etapa gogorxeagoa da eta biharkoa luzexeagoa. Bi egunotan sailkapena lehiatuko dutenen zerrenda definitu beharko litzateke, osteguneko erlojupekoan (goizean beste sektore bat izango bada ere) dena erabakiko delarik.

Gauzak horrela, ibilbidea zein den kontuan hartuz, lasterketa garrantzitsu hau irabazteko hautagai nagusia Devolder da zalantzarik gabe. Martxoan zehar jokatu diren iparraldeko klasikoetan gorputzaldi bikaina erakutsi du, eta bere protagonismo kuota La Panne-n eduki lezake. Flandestarrak orain hiru urte eman zuen bere izena aditzera proba hau poltsikoratzean hain zuzen. Bere atzetik, lasterketa hau irabaztea ere badakiten Hoste eta Hincapie aipatuko nituzke, Gusev eta Maaskant-ekin batera. Bistan da erlojuaren aurkako saioak berebiziko garrantzia izango duela. Iaz Ballan izan zen garaile, aurreneko egunean Paolini-rekin batera lasterketa bi txirrindulariren arteko kontu batean uztean.

Baina asteko egun handiak flandestarren urteko egunik handienarekin egingo du bat, Ronde Van Vlaanderen edo Flandesko Tourrarekin, alegia. 264 kilometro eta betiko osagaiak: bide bazterrak lehoi beltzez josiak, txirrindularitza epikoaren esentzia, eta nola ez, muino gogorrak, horietako zenbait harbide guneekin. Gainera, ikusleon gozamenerako, aurten Koppenberg beldurgarria igo beharko dute berriz ere, iaz ibilbidetik at geratu ostean. Continue reading “Iparraldeko Kanpainiaren fase erabakiorra: 1. astea”