Sastrek etapa garaipena eta podiumeko postua

Sastre. 16. etapan garaipenaSastrek egin du egin beharrekoa bere helburua lortzeko. Monte Petranon hasieran erasoa jo eta etapa garaipeneraino igoera bikaina egin du. Eta bigarren saria: sailkapen nagusiko hirugarren postura pasa da Leganeseko txirrindularia. Mendiko etapak sortu du bai espero zen zalaparta.

2. kilometrorako eguneko ihesaldia osatu da, larunbateko eta igandeko etapetan gertatu zen bezala, baina gaurkoan amaiera ezberdinarekin. Txirrindularien artean Dion, Popovych, Bellotti, Sprick, Jeannesson, Angel Gómez, Danielson, Wiggins, Visconti, Cunego, Carlström, Bosisio, Cataldo, Ardila, Tjallingii, Scarponi, De Bonis, Brutt, Voigt, Delio Fernández eta David Lopez euskalduna. Aurretik Monte delle Cesane (2. mailakoa), Monte Nerone (1. mailakoa), Monte Catria (1. mailakoa) eta helmuga zuen Monte Petrano mendiak zituzten eta 235 kilometro egiteko. Tropeltxoak tarte handia hartu du tropel nagusiarekiko, baina ibilbidean aurrera zihoazen heinean, txirrindulari askori ezinak jo die eta tropeltxoa utzi beharrean izan dira.

Mugimendurik garrantzitsuena Cantianoko igoeratxoan izan da, Monte Catriara iritsi aurreko igoeratxoan. Bertan Scarponik taldetxoa astindu du eraso batekin. Tropeltxotik jarraitu dioten bakarrak Cunego, Bosisio eta Popovych izan dira. Laukoteak aurrera egin du eta tropel nagusiarekiko tartea 5’30”eko zen Monte Catria igoera gogorrari aurre egin aurretik. Atzealdean, berriz, Menchov eroso xamar taldekidez inguratuta.

Monte Catria igotzen ari zirela, Scarponik ikaragarrizko txakalaldia izan du eta ez da gauza izan gainontzeko taldekideei jarraitzeko. Bitartean Cunego, Bosisio eta Popovychek aurrera egin dute. Cunegok beste eraso bat ere jo du eta Bosisiok bakarrik jarraitu ahal izan dio. Popovych, justu xamar, metro batzuetara baina distantzia mantenduz igoera osoan jarraitzen izan da. Atzeko tropeltxo nagusian beharbada oilarren arteko lehia igoera honetan espero zen, baina azkenean ez da hala izan igoera honetan.

Behin Monte Catria igota, Popovychek bere jaisteko abileziez baliatuta, aurreko bikotea harrapatu eta ihestea lortu du. Ukraniarra sendo ikusi da eta azken 15 kilometroetako pankartan Cunegori 35 segundo inguruko tartea ateratzen zion. Bosisio, berriz, matxuragatik edo beharbada Killerrari laguntzeko, geratu egin da tropel nagusiarekin bat egiteko.

Espektakulua Monte Catria igoeran hasi da. Igoera 11 kilometrokoa zen eta malda gogorrekin. 225 kilometro egin ostean, egiten zuen beroa eta igotako gainontzeko mendiak igota, indarrak behar ziren azken mendia igotzeko. Popovych erritmo onean ari zen igotzen. Atzetik Cunego apalago. Tropel nagusian, lehen malda igotzearekin batera, erasoak hasi dira. Basso izan da aurrena erasotzen. Faborito gehienek eutsi egin diote Leipheimer eta Pellizottik izan ezik. Bassok birritan ere saiatu da, baina alferrik. Orduan Sastrek jotzea erabaki du. Lehenengoan ez da izan, baina bigarrenean bai. Menchov Di Luca markatzen ari zen eta Bassok aurretik egindako saiakeretan ez da ihesteko gauza izan; nolabaiteko zalantzak sortu dira txirrindularien artean eta Sastrek ederki aprobetxatu du.

Leganeseko txirrindulariak metroak ateratzen joan da eta Bassok atzetik jarraitu beharra zuen sailkapen nagusian arerio zuzena baitzuen. Atzean Menchov eta Di Luca elkar kontrolatzen zirela. Sastre aurrerantz sendo joan da eta Cunego erraz pasa du. Berdin egin du Popovychekin ere helmugarako 2 kilometro falta zirela (egin duen ezintasun keinua adierazgarria). Menchov eta Di Lucak Sastrek atera zitzakeen segundoak ekiditeko aurrera egin dute Bassorekin bat egiteraino. Azkenean helmugan Sastre maisuki garaile, Menchov bigarren eta Di Luca hirugarren.

Sailkapen nagusian, beraz, aldaketak: Sastre 3. postura pasa da 2’19”ra eta Leipheimer 6.era 3’21”ra. Gazteen sailkapenean era Lovkvistek denbora asko galduta Seeldrayers da lider berria.

Bihar atseden eguna izango dute. Askok eskertuko dute. Sastrek, behintzat, lasai deskantsatuko du bere helburuetako bat lortzeko zorian baita: Giroko podiumean izatea.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.